2016: Ikusi eta ahaztu beharreko filmak

Zinema Uneak - 2016-12-30T21:27:35+01:00

 

Urte honetako azken egunetan gaudela, hamabi hilabete hauetan zinema-aretoetan ikusitakoaren balantzea egitea agindu bat da. Hainbat film bikainak izan dira, beste batzuk mundu edo errealitate ezberdin eta zoragarrietara eraman gaituzte, eta beste batzuk gure ilusio onenak bertan behera utzi dituzte. Beti bezala, onak eta txarrak; denetarik gure inguruko zinema-aretoetan.

Hemen duzue gure kolaboratzaileen iritziz ikusi eta ahaztu beharreko pelikulen zerrenda. Ikusi beharrekoak, filmoteketan edota zinema-aretoetan bilatzeko. Ahaztu beharrekoak, beno, ez badituzue sufritu hobeto.

 

2016: IKUSI BEHARREKO FILMAK – Lander Arteaga Egiluz

 

SPOTLIGHT

2016an Pelikula Onenaren Oscar saria irabazi duen lanak hain gustukoak ditugun 70eko hamarkadako kazetaritza filmen xarma du. Bai aktoreen lana bai arlo teknikoa bikainak dira. Gertaera erreal batean oinarrituta, 2002an Boston Globe egunkariak argitaratutako ikerketa bat islatzen du: azken mendeko Massachussetseko apaizen pederastia kasuak.

 

ANIMALIA FANTASTIKOAK ETA NON AURKITU

Berez lan komertzial bat bada ere, bere helburua bikain lortzen du: aurretik Harry Potter unibertsoko zaleen eta mundu hori ezezaguna dutenen gustukoa izatea. Filmak Newt Scamanderren istorioa kontatzen digu; zoragarriak eta maitagarriak diren animalia fantastikoz beteta duen maletarekin New Yorkera heltzen den unetik aurrera. Seguruenik, txikiak ginenean bezala gozatzera gonbidatuko gaituen saga berri baten hasiera.

 

ROGUE ONE: STAR WARS ISTORIO BAT

Harry Potter unibertsoko film berriarekin gertatzen den bezala, Star Wars unibertsoan oinarritutako pelikula hau ere zaleak direnen artean eta zaleak ez direnen artean bikain funtzionatzen du. Lehenengoek, Star Wars filma bat ikusiko dute; besteek, zinema beliko generoko ekoizpen ikusgarria bat. Gainera, Disneyk aukeratu duen amaierak istorioa eta filma biribiltzen ditu. Edonork, bi orduz, zinemaz gozatzeko aukera on bat.

 

KOMANTXERIA

"(Come) Hell or hight water" David Mackenzieren azken filmaren izenburuaren jatorria den Texaseko esamolde ezagun bat da. Ondorioak edozein izanda, ekintza bat aurrera eramateko erabakitasunari aipu egiten dio. Eta “gerta ala gerta” hori da istorio honen pertsonaia guztiak bultzatzen dituen indarra; “onak” direnak eta “maltzurrak” direnak. Mackenziek bikain lortzen du izenburuaren indarra filman islatzea. Ondorioz, bere lana jenio bizi eta umore beltz asko gordetzen du bere barnean. Urte amaiera honetako lan onena.

 

10 CLOVERFIELD

Kalera ateratzea galarazten duen eraso kimiko bortitz bat eta etxe-bunker batean batera bizi behar duten hiru pertsonaia dira pelikula honen protagonistak. 10 Cloverfield zer den ondo azaltzea oso zaila da: bahiketa filmetatik “survival horror” pelikuletara salto egiten duen ekoizpen baten aurrean gaudelako. Espero ez ditugun biraketaz beteriko gidoi honek gure eserlekuetan (edo sofan) txundituak utziko gaitu. Thriller psikologikoaren aurrera pausu bat J.J. Abramsen eskutik.

 

ELLE

Paul Verhoeven zuzendariaren itzulera. Film basati bat, non Isabelle Huppertek urte osoan ikusi dugun pertsonaia ikusgarrienetako bat osatzea lortzen du: behin eta berriz erasotzaile maskaratu baten oldarrak jasaten dituen emakume bat. Azkenean, emakumeak berak erasotzailea menpean hartzea lortuko duelarik. Umore beltzez beteriko thriller ikaragarri bat.

 

ERRUGABEAK

Gerra guztiek dituzten ondorio latz eta ilunen inguruko hausnarketa nabarmen bat. Onak direnak ez dira hain onak, eta txarrak direnak ez dira hain txarrak. II. Mundu Gerraren ostean, Poloniako komentu batean mediku frantziar batek egindako aurkikuntza lazgarria kontatzen digu: gerraren amaieraren ondorioz, bertako moja gehienak haurdun zeudela.

 

ESKUADROI SUIZIDA

Maitatua bezain gorrotatua. David Ayerren lan honek ez du ikusle bat bera ere hotz utzi. Guk gomendatzen dugu. Ez da komedia bat, ez abenturazko pelikula bat, ezta akziozko film bat; baina gozatu daitekeen erokeria huts hau guztiz entretenigarria da.

 

2016: AHAZTU BEHARREKO FILMAK – Sara Sebastián Pérez

 

BATMAN VS SUPERMAN

Hiru ordu. Zentzugabekeria hau ikusten baduzue, zuen bizitzetan berreskuratu ezingo dituzuen hiru ordu amaigabe galduko dituzue. Filma osoan zehar Ben Affleckek eta Herry Cavillek jartzen duten zeken aurpegia ez da lan honen arazo bakarra (nahiz eta honekin soilik filma zakarrontzira bota genezake). Ez. Arazo handiena argumentuan dago. Bi ordu luzez, Batmanek eta Supermanek elkar gorroto diote; inork argi ez dituen arrazoi “sakon” batzuengatik. Gero, bat-batean, eta euren amen izena berdina denez adiskide kutunak bihurtzen dira. Benetan? Horregatik bakarrik elkar dioten gorrotoa amodioa bilakatzen da? Benetan, Zach Snyder? Hemen amaituko dut nire idazkia, lan honek dituen akatsen eta zentzugabekerien zerrenda amaigabea bai da. Hobeagoa da entretenigarriagoa den beste edozein gauza batean nire denbora ematea.

 

CAROL

Urteko film onenen artean egoteko osagai guztiak zituen: Cate Blanchett, gertaera erreal bat, 50eko hamarkadaren estetika, harreman lesbiko baten erakargarritasuna, eta gazte bat heldu batekin parekatzearen morboa. Baina Todd Haynes zuzendariak filmean islatzen duen hoztasunak istorioan sartu eta protagonistak ulertzea galaraziko digu. Ondorioz, pelikulak dituen bi orduetatik ordu eta erdi luze batean guztiz aspertuko gara.

 

JOY

Jennifer Lawrence boladan egoteak, ez du esan nahi egiten duen guztia txalogarri denik, ezta gutxiagorik ere. Gainera, hogei urte zaharkitzeko saiakera zentzugabekeria batean bihurtzen bada, emaitza ikusezina den lan bat izan daiteke; kasu honetan gertatzen den bezala. Joy Lawrencen egin behar lukeen lanaren inguruan aurrera egiten duen kontakizun bat da eta, ondorioz, hondamendi bat.

 

BEN - HUR

Aurrez argi utzi behar da: klasiko eta mito bat berriro filmatzeko oso ausarta izan behar zara. Are gehiago, ekoizpena aurrera ateratzeko 100 milioi dolar jartzea erabakitzen baduzu. Hala ere, eta espero bezala, emaitza on bat lortzea mirari bat izan ohi da. Aspergarria eta emozio edo epika kutsurik gabekoa, Timur Bekmambetovek zuzentzen duen lan honetan koadriga lasterketa ere alferrik galtzen da. Amaieraren inguruan onena ez hitz egitea da: ze demontre egiten du pop erritmodun abesti batek erromatar film batean?

 

Sara eta Landerren iritziekin ados zaudete? Zeintzuk izan dira zuek aurten ikusi dituzuen film onenak eta txarrenak? Zuen iritzien zai egongo gara.

 

 

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.