2016an diru kopuru gutxien lortu duten hamar filmak

Sara Sebastián Pérez - 2016-12-29T14:41:50+01:00

 

Urte amaitzear dela, azken hamabi hilabetetan bizitakoa aztertzeko momentua da. Zerrenda “madarikatuen” unea da. Ez soilik ona izan denaren ingurukoak, porroten ingurukoak ere.

Azken urteetan gertatu den bezala, 2016ak ere txartel-leihatiletan galtzaile atera diren hamaika pelikula utzi ditu. Horien artean bai superheroien inguruko lanak, bai animaziozkoak, bai dramak eta baita zientzi fikziozko ekoizpenak ere aurkitu daitezkeelarik. Hori bai, urte honetako galtzaile nagusiak komediak izan dira.

Hemen dituzue aurtengo hamar porrot handienak. Baten bat ikustea “suertatu” zaizu?

 

KRIMINAL DEMENTEAK

Oraindik gurean estreinatu gabe badago ere (urtarrilaren 4an ikusgai egongo da), 25 milioiko aurrekontu bat izanik mundu osoan lortu duen diru-bilketa 22 milioikoa izan da soilik. Owen Wilson, Zach Galiflanakis edota Kristen Wigg protagonistak izanik ere. 90. Hamarkadan, benetan, gertatutako lapurreta batean oinarritzen bada ere, bere umorea ez ditu ikusleak maitemindu.

 

SNOWDEN

Pertsona ezagun eta polemiko baten bizipenak zinemara eramateak ez du arrakastarik ziurtatzen. Hori da, aurten, Joseph Gordon-Levitt eta Oliver Stonek ikasi dutena NSA-ko agente famatuenaren inguruko biopic honekin. Batzuek diote porrotaren zergatia istorioan dagoela (benetan gertatutakotik oso urrun), beste batzuek protagonisten (Joseph Gordon-Levitt  eta Shaieline Woodley) arteko kimika falta dela diote. Bata edo bestea, Stonen azken filma 40 milioiko kostua izan zuen eta 35 milioi bakarrik berreskuratu ditu.

 

GRIMSBY

Forbes aldizkariaren iritziz, zinema-zaleei gutxien gustatzen zaien generoa akziozko komedia da. Eta Sacha Baron Cohen eta Mark Strong protagonista dituen filma hau adibide on bat da. Ingalaterrako zerbitzu sekretuak kontratatutako bi anai semetzako hauen abenturak 35 milioitik 29 bakarrik berreskuratu ditu.

 

BERRIEMAILEAK GERRAN

Askoren iritziz 2016a Margot Robbieren urtea izan bada ere, bere presentzia ez du zinema belikoa eta komedia artean dantzan dagoen filma hau salbatzen lagundu. Tina Fey, Martin Freeman eta Robbie bera, eta pelikulak 10 milioi galdu ditu Estatu Batuetan. Afganistan eta Pakistaneko gerretan ibilia den Kim Baker kazetariaren bizipenetan oinarrituta, ez da espero gurean estreinatzea.

 

ITXUREK IRUZUR EGITEN DUTE

2016a, aldiz, ez da Isla Fischer eta Zach Galifianikisen urtea izan; beste porrot handienetako baten protagonistak bai dira. Film honetan, benetan gobernurako lan egiten duten bi espioi diren, senar-emazte bikote aspergarri baten papera egiten dute. Ez duzue istorio hau aurrez ikusi? Nik, behintzat, bai. Eta nik bezala, beste askok. Ondorioa: 40 milioiko aurrekontu batekin, 27 bakarrik lortu ditu.

 

RATCHET ETA CLANK

Urtero, aurten ere bai, diru gehien irabazi dituzten filmen artean animaziozko pelikularen bat dago; tamalez, ez da bideo-joko ezagun batean oinarritzen den ekoizpen honen kasua. Ratchet eta Clanken abenturak ez ziren ez kritikarien ezta ikusleen gustukoak izan. Zortzi milioiko galerak argi uzten dute.

 

HARROTASUN, AURREJUZGUA ETA ZOMBIAK

Reebotak, remakeak, spin offak eta amaigabeko jarraipenak modan dauden garai honetan, Jane Austenen eleberri famatuaren bertsio zoro honetan oinarritutako ekoizpen bat apustu ziur bat zirudien. Baina ez. Bennet ahizpak zombie-hiltzaileak bihurtzen dituen istorio honek 28 milioitik 16,4 bakarrik berreskuratu zituen.

 

POPSTAR: NEVER STOP NEVER STOPPING

Urte honen porroten artean musikal bat falta zen, hona hemen Pink, Usher eta Adam Levinen parte hartzea duen bat. Gaztetan famatua izandako Rap abeslari baten istorioa eta heldutasunean gaztaroko taldea berriz batzeko duen ideia kontatzen dizkigu film honek. Beste kontakizun berritzaile bat, zalantzarik gabe. Kasu honetan, porrota sekulakoa izan da, ez du ezta aurrekontuaren erdia berreskuratu: 20 milioitik 9,5 soilik.

 

JONESEN GIZON LIBREAK

Estatu Batuetako historiaren une latzenetako batean, Sezesio-gerran, Matthew McConaugheyk desertore talde baten burua da. Kasu honetan, zehazki, filmak txartel salmentan jasandako porrotaren burua izan delarik: 50 milioiko gastua eta 23,2 milioiko diru-bilketa.

 

MAX STEEL

DC eta Marvelek izan duten arrakasta ikusita, superheroi bat protagonista duen ekoizpen batek arrakasta izango duela pentsa daiteke. Baina lasai, Mattelek kontrakoa frogatu du aurten. Max Steel filmak 10 milioitik 4,4 soilik berreskuratu ditu. Askotan zinemarako moldaketak ez dute jatorrizko materialaren arrakasta, argi dago. 

 

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.