Animaziozko filmen hamaika abesti onenak

Lander Arteaga E. - 2016-12-13T13:20:00+01:00

 

Abestu! filma hurrengo astean estreinatzen delarik, animaziozko filmetan entzun ditugun abesti onenen zerrenda egitea erabaki dugu. Zein irizpide jarraituz? Bat bera ere ez, gure gustua soilik. Hori bai, aukeratu ditugun hamaiken artean Oscar bat baino gehiago badago, eta, oro har, denak oso ezagunak eta arrakastatsuak izan dira.

 

ANASTASIA –  JOURNEY TO THE PAST

1997ko Anastasia filmeko Journey to the past abestia Lynn Ahrens eta Stephen Flahertyren lan bat da. Pelikulan Liz Callaway abestuta, amaierako kredituetarako beste bertsio bat grabatu zen Aaliyah abeslariarekin. Oscar sarirako eta Urrezko Globorako izendapenak lortu zituen, baina Titanic filmeko My Heart Will Go On abestiak biak irabazi zituen.

 

TOY STORY – NIGAN LAGUN BAT BADAUKAZU

 

Randy Newton da Toy Story sagaren abesti ezagunenaren sortzailea eta lehenengo filmean entzuten dugun ahotsa ere. Oscarretarako izendapen bat lortu bazuen ere, ez zuen irabazi. Azkenean, sagaran filma bakoitzean bertsio ezberdin bat entzun dezakegu: Toy Story 2n, Ricardo Cocciante abeslari abeslariaren eskutik; eta Toy Story 3n, Gipsy Kings taldearen bertsio flamenko bat. Zer nolako moldaketa topatuko dugu Toy Story 4n?

 

LEGO PELIKULA – EVERITHING IS AWESOME

 

2014ko Warner Bros-en Lego pelikularen abestia arrakasta ikusgarri bat izan zen, eta ez bakarrik filmeko abesti giza. EEBBetako Billboard zerrendan 2 postura heltzea lortu bai zuen. Abestia Shawn Patterson, Jo Li eta The Lonely Island musikagileen lan bat da. Oscar eta Grammy sarietarako izendapenak lortu zituen.

 

FIEVEL ETA MUNDU BERRIA – SOMEWHERE OUT THERE

Filmean Fievel berak abestutako kanta hau hunkigarria da. Sinplea eta sakona. James Horner, Barry Mann eta Cynthia Weilen lan honek Linda Ronstadt eta James Ingram abeslarien ahotsekin grabatu zen. Oscarretan eta Urrezko Globoetan Top Gun pelikulako  Take My Breath Away mitikoaren aurka galdu bazuen ere, bi Grammy irabaztea lortu zuen.

 

GRU 2 – HAPPY

Seguruenik, halako zerrenda batean beti agertuko den abesti ezagunena. Askok ez dakizue, baina Pharrell Williamsen abesti hau Gru 2 filmaren soinu bandaren parte da. Abesti zerrendetan lehenengo postuarekin altxatu zen bai EEBBetan, Erresuma Batuan, Kanadan, Irlandan eta beste 20 herrialdetan ere (gurea barne). Oscarra Frozen filmeko Let it Go abestiaren aurka galdu bazuen ere, gerora bi Grammy irabazi zituen.

 

SHREK 2 – ACCIDENTALLY IN LOVE

Seguruenik, Counting Crows taldearen abesti gogoangarri bakarra. Hiru sari nagusietarako izendapena lortu bazuen ere (Oscarrak, Urrezko Globoak eta Grammyak) ez zuen bat bera ere irabaztea lortu. Hala ere, Shrek sagaren abesti ezagunena eta dibertigarriena da.

 

EGIPTOKO PRINTZEA – WHEN YOU BELIEVE

Stephen Schwartzek idatzia, filmean Sally Dworsky, Michelle Pfeiffer eta haur abesbatza baten ahotsetan entzuten da. Hala ere, amaierako kredituetarako pop bertsio bat grabatu zen bikote indartsu batekin: Whitney Houston eta Mariah Carey. Oscar sari baten irabazlea, Urrezko Globoetan eta Grammy sarietan ez zen garaile atera.

 

FROZEN – LET IT GO

Kristen Anderson-Lopez eta Robert Lopez musikagileen lan honek Disneyren azken abesti arrakastatsua izan da. Frozen filma estreinatu zenetik hiru urte pasa dira baina oraindik ume txikien abesti maitatuenetako bat da. Filmean Idina Mezel abesten badu ere, pop bertsio bat ere grabatu zen Demi Lovatorekin. Oscar sari bat eta Grammy bat irabaztea lortu zuen. Urrezko Globoetan, Mandela filmeko U2 taldearen Ordinary Love abestiaren aurka galdu zuen.

 

MUNSTROAK S.A. – IF I DIDN’T HAVE YOU

2001eko Oscar sariaren irabazlea, abesti hau ere Randy Newtonen lan bat da. Jatorrizko bertsioan Billy Cristal eta John Goodmanen ahotsekin grabatu zen, eta filmaren amaiera kredituetan entzun daiteke. 2002an Raiders in the Sky taldeak egindako bertsioa ere Grammy sari bat lortu zuen. Dudarik gabe, abesti arrakastatsu bat.

 

EDERRA ETA PIZTIA

Nork ez du abesti hau gogoratzen? 90. hamarkadako abestietako bat. Howard Ashman eta Alan Menkenek idatzi zuten abestia, eta jatorrizko bertsioan Angela Lansburyk (Krimen bat idatzi da) abestu zuen. Ohi den bezala, EEBBetan beste bertsio bat grabatu zen, kasu honetan, Celine Dion abeslariarekin. Abesti honek hiru sari nagusienak irabazi zituen: Oscarra, Urrezko Globoa eta Grammya.

 

LEHOI ERREGEA – BIZITZAREN ZIKLOA

Zergatik aukeratu dugu abesti hau Hakuna Matata edota Can you feel the love tonight aukeratu beharrean? Hau gustukoago dugulako, besterik ez. Can you feel the love tonight Oscarra irabazi bazuen ere, hiru filmak sari horietarako eta Urrezko Globoetarako izendapena lortu zuten. Zalantzarik gabe, Disney filma baten soinu banda arrakastatsuena eta sarituena. Abesti bakarra aukeratu dugu zerrenda honetarako, baina aukera izatekotan soinu banda osoaz goza ezazue.

 

 

Disney etxearen film asko utzi ditugu kanpoan: Itsaslamina txikia, Tarzan, Aladdin, Pocahontas, Hercules, Pinotxo, Oihaneko liburua, Dumbo, Edurnezuri edota Errauskine. Dudarik gabe, euren pelikula gehienek, zaharrak eta berriak, gutxienez abesti on eta ezagun bat dute, baina gure zerrendan ezin dira denak sartu. Horretarako 100 abestiz osatutako zerrenda bat beharko genuke.

 

Baina, gureak gustuko dituzu? Zein kenduko zenuke? Eta zein gehitu?

 

Opari giza, beste abesti bat, edo hobeto esanda pelikula oso bat. Euskal animazioaren klasiko bat: Kalabaza Tripontzia. Goza ezazue!

 

 

 

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.