Azken berriak: Joss Whedon eta Batgirl, Michael Keaton eta Dumbo, Paul Greengrass eta Elliot Ness,...

Zinema Uneak - 2017-04-17T09:00:00+02:00

Aste Santutik bueltan eta albiste berri asko pilatu zaizkigu. Hemen duzue berri guzti horiek. Protagonista garrantzitsu asko eta proiektu berri interesgarri pila bat.

 

Marveletik DCra: Joss Whedon Batgirl zuzenduko du

Sorpresa handi bat bezala zabaldu da, eta horrela baloratzen dugu guk ere: Joss Whedon (Avengers filmen zuzendaria) DCra salto egin eta Batgirl proiektuaren arduraduna izango da.

Oraindik informazioa gehiagorik ez da zabaldu, baina proiektu hau DCk eta Warner Brosek emakumezko superheroien inguruan martxan jarri dituzten beste proiektuen ildoa jarraituko du. Gogora dezagun, momentu honetan estreinatzear dagoen Wonder Woman filmaz gain Harley Quinn, Poison Ivy eta  Catwoman protagonista izango dituen Gotham City Sirens ere martxan dagoela.

 

Michael Keaton Tim Burtonen Dumboren maltzurra

Oihaneko liburua edota Ederra eta Piztia filmek martxan jarritako bidea jarraituz Disneyk Dumboren inguruko film bat ere prestatzen ari da. Momentuz, Tim Burton da proiektu honen arduradun nagusia eta maltzurraren papererako zurrumurru interesgarri bat zabaldu da: Michael Keaton.

Azkenaldi honetan Birdman edota estreinatzear dagoen Spider-Man: Homecoming pelikuletan ibilia, aktore estatubatuarraren parte hartzea baieztatu ez bada ere ezin da baztertu. Iraganean Burton eta Keaton hainbat proiektutan elkarrekin lan egin bai dute, adibidez, Beetlejuice edota Batman ekoizpenetan.

 

Paul Greengrassek Elliot Nessen inguruko film berria zuzenduko du

Jason Bourneren sagarekin ezaguna egindako zuzendari britaniarra proiektu berri bat du esku artean: Elliot Ness pertsonaiaren inguruko pelikula berri bat. Film berri honek ez da Ukaezinez arituko, ondorengo urteetan Nessek bizitakoez baizik.

Istorioa 1998an Brian Michael Bendis eta Marc Andreyko idatzitako Torso komikian oinarrituko da eta Brian Helgeland (L.A. Confidential) izango du gidoilari nagusia.

 

Stallone eta Schwarzenegger Mertzenarioak film berritik kanpo

Ohikoa ez den erabaki bat hartuz, Sylvester Stallonek berak sortutako Mertzenarioak saga uztea erabaki du. Gainera, erabaki hau ezagutzean Arnold Schwarzeneggerrek ere proiektutik alde egiten duela iragarri du.

Dirudienez, irteera hauen arrazoia Stallone eta Millenium Films ekoiztetxearen artean sorturiko desadostasunak dira. Hori bai, Stallonerekin edo Stallone gabe, film berria aurrera doala dirudi.

 

Dune berria: Denis Villeneuve zuzendaria, Eric Roth gidoilaria

Remaken garai honetan, 80. Hamarkadako film klasiko baten bertsio berri bat ere martxan da: Dune. Arduraduna, Blade Runner berriaren zuzendaria: Denis Villeneuve. Eta berarekin batera, gidoilari lanetan, Eric Roth.

Roth Forrest Gump, Ali, Benjamin Button edota Munich pelikulen gidoilaria izan da, eta horregatik proiektu honen inguruan sortutako ikusmina gero eta handiagoa da.

 

Ezinezko Misioa 6 pelikularen filmaketa abian da

Berriro ere Christopher McQuarrie zuzendari izango duen atal berri honen grabazioa Parisen hasi zen pasaden astean. Momentuz aktore garrantzitsurik parte hartu ez badu ere, Tom Cruisen eszena arriskutsuetarako ordezkoa lanean ibili da.

Filmaketa honetan Cruisen parte hartzeaz gain Alec Baldwin, Jeremy Renner, Rebecca Ferguson eta Simon Peggena ere baieztatu da.

 

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.