Azken berriak: Tom Hardy, Venom; Tom Holland, Uncharted; Adam Wingard, Godzilla vs Kong; eta Joe Jonhston, Narnia

Zinema Uneak - 2017-06-15T10:03:19+02:00

Azken egunetan hamaika berri txiki, baina interesgarri, zabaldu dira Hollywooden martxen dauden proiektu berrien artean. Hemen duzue lau nobedade interesgarrienak:

 

Tom Hardy Venom filmaren protagonista

Orain SpiderMan berriaren lehenengo abentura estreinatzear dagoela, armiarma gizonaren etsai ezagunenetako baten filma ere iragarri da: Venom. Eta film honen protagonista izateko Sony Picturesek Tom Hardy (Dunkerque, Zaldun Iluna, Mad Max: Fury Road) hautatu du. 2018ko urrian estreinatuko den ekoizpen honen zuzendaria Ruben Fleischer (Zombieland, Gangster Squad) izango da eta gidoilariak Scott Rosenberg (Pain & Gain, Jumanji) eta Jeff Pinkner (The Amazing Spider-Man 2). Hasiera batean ez du Marvelen Zinema Unibertsoarekin -SpiderMan: Homecoming filmarekin, adibidez- inongo loturarik izango.

 

Tom Hardy is Eddie Brock in #Venom, the upcoming film from Sony’s Marvel Universe releasing October 5, 2018 – production starts this fall. pic.twitter.com/OZQqDEvoum

— Sony Pictures (@SonyPictures) 19 de mayo de 2017

 

Uncharted jokoaren moldaketak protagonista du: Tom Holland

Eta SpiderMan alde batera utzi gabe, Uncharted bideo-joko famatuaren zinemarako bertsioak bere istorioaren xehetasun batzuk eta aktore nagusiaren izena zabaldu ditu. Istorioak Nathan Drake abentura-zalearen jatorriak kontatuko dituenez, aktore nagusia modan dagoen gazte bat izango da: Tom Holland (SpiderMan: Homecoming). Uncharted: Drake’s Fortune jokoan oinarrituta, Shawn Levy (Real Steal, Gau bat museoan) izango da zuzendaria eta Joe Carnahan (A taldea, Infernu zuria) gidoilaria. Oraindik ez da estreinaldi datarik zehaztu.

 

 

Gozilla vs Kong aurrera doa zuzendari berri batekin: Adam Wingard

Kong: Garezur uhartearen arrakastaren ondoren, eta Godzilla: Munstroen erregea martxan dela, Warner Brosek biak batuko dituen filmaren aurre-produkzioa abian jarri du. Eta edozein proiektu bide honetik joateko behar duen lehenengo gauza arduradun bat da, kasu honetan Adam Wingard (V/H/S, Death Note) izango delarik. Proiektuaren inguruan oraindik ezer gutxi gehiago zabaldu da, eta bi munstro ikusgarriez gain baieztatutako aktore bakarra Ziyi Zhang txinatarra izan da.

 

 

Narniako kronikak zinemara itzuliko dira Joe Johnstonen eskutik

2010an hirugarren eta azken film bat estreinatu ondoren, Narniako kronikak ez zirela zinemara itzuliko iragarri zen. Orain, zazpi urte geroago, Sony eta Entertainment One ekoiztetxeek saiakera berri bat egin nahi dute Zilarrezko aulkia istorioa zinemara eramanez. Proiektua martxan jartzeko eta zuzentzeko Joe Johnston zuzendaria aukeratu dute. Momentuz ez dago estreinaldi datarik, baina Jumanji edota Amerika Kapitaina: Lehenengo mendekatzailea pelikulen arduraduna buru izanda film interesgarri baten aurrean egongo garela argi dugu.

 

 

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.