Azken Jedien garaia iritsi da: Star Wars VIII. Atalak bere behin betiko trailerra eta kartela zabaldu ditu

Zinema Uneak - 2017-10-10T07:59:43+02:00

Azken Jedien garaia heldu da. Ez dago atzera egiterik. Estreinaldirako bi hilabete besterik ez falta delarik, Lucasfilmek eta Disneyk Star Wars: Azken Jediak pelikularen behin betiko trailerra ezagutzera eman dute.

Bi minutu eta erdiko bideo interesgarri eta esanguratsu bat. Pertsonaia nagusi gehienen uneren bat erakusten duena (Rey, Luke, Kylo Ren, Snoke, Leia, Finn, Poe Dameron,...), muntai korapilatsu bat aurkezten duena baina, aldi berean, sekuentzia garrantzitsuren baten aurrerapena egiten duena. Dena du Star Wars: Azken Jedien trailer berriak.

Gainera, behin betiko kartelean ere azalduko den harreman estu bat ere aurkezten du: Rey, Kylo, Luke eta Leiaren artean osatuko dena. Oraindik ez dakigu nor den Rey, baina zurrumurru guztiek Skywalker familiako kide bezala hartzen dute, eta hala balitz argi dago zergatik sakondu den harreman horretan.

 

 

Interesgarriak ere izango dira Luke Skywalkerren beldurrak. Aurrerapen honetan protagonismo handia dute eta seguruenik filman ere pisu handia izango dute. Behin kale egin ondoren, orain maisu bezala bere segurtasuna berreskuratu beharko du. Honi lotuta, Rey argi-ezpatarekin lanean ikusiko dugu eta Indarrarekin duen loturaren sakontasunaren adibideren bat argi erakusten da.

Informazio eta berritasun asko zaleen zoramenerako, noski.

Baina ez larritu, hemendik estreinaldi datara arte -Star Wars: Azken Jediak abenduaren 15ean estreinatuko da- informazio berri pila argitaratuko baita.

Orain, behin betiko trailerraz gozatzeko unea.

 

Behin betiko kartela, pertsonaia berriak eta zaharrak protagonistak 

Ikusgarria, maitatu besterik ezin dugu egin. Horrela aurkeztu du StarWars.com webguneak Azken Jediak filmaren behin betiko kartela.

Pertsonaia nagusi berri eta zahar gehienak agertzen badira ere, lau dira irudi honen protagonista nagusiak: Luke, Leia, Rey eta Kylo Ren. Argi dago lauren artean dagoen harremana estua izango dela eta gainera denek izango dutela garrantzia Azken Jediak pelikulan kontatuko diguten istorioan.

Hala ere, pertsonaia garrantzitsu baten falta sumatu dugu: Snoke liderrarena. Lehen Ordenaren burua ez da agertzen hemen, baina trailerrean ikusten denaren arabera istorioan pisu nabarmen bat izan dezake.

Momentuz, kartelaz gozatuko dugu, benetan ikusgarria baita.

 

 

Sarrerak salgai gaurtik aurrera

Bai, estreinaldirako bi hilabete falta direla esan dugu baina hala ere gaur atera dira salmentara Star Wars: Azken Jediak ikusteko sarrerak. Zinema-areto kate nagusiek (Cinesa, Yelmo,...) euren webgunetan eskaintzen dituzte sarrerak, bai estreinaldi egunerako (hainbat tokitan gau erdiko emanaldi batekin) bai hurrengo egunetarako.

Tamalez, tiketak aurrez erosteak ez du inongo beherapenik. Hori bai ikusmin ikusgarria piztu duen film hau nahi duzun orduan ikusiko duzula ziurtatuko zara.

Indarra zuekin!

 

Erlazionatutako filmak

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.