Berlinale, Euskal zinemagintzaren erakusleiho

Zinema Uneak - 2017-02-08T10:50:00+01:00

Berlineko Zinema Jaialdiaren 67. edizioa euskal zinemagintzaren erakusleiho ederrean bilakatuko da. Bigarren urtez jarraian euskal ikus-entzunezko sektorea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak sustatzen duen Basque Audiovisual zigilupean izango da bertan.

Gainerako nazioarteko ferietan bezala, Basque Audiovisualek stand propioa izango du Berlinaleko topagune nagusian, European Film Marketen (EFM). Bertan ehun herrialde baino gehiagotik eratorritako 550 enpresa eta 9.000 profesional inguru bilduko dira.

Zineuskadiren, Euskal Ikus-Entzunezko Sektorearen Plataforma Publikoaren, eskutik iritsiko da Basque Audiovisual Berlinera. Aitziber Atorrasagasti, Zineuskadiko lehendakari berri eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustapeneko zuzendaria bertan izango da, Zineuskadiko lantaldearekin. Horiek matchmaker lanak egingo dituzte.

 

19 ekoiztetxe eta 26 proiektu

Zineuskadik mahai gainean jarritako datuen arabera Basque Audiovisualek 26 proiektuz osatutako katalogoa aurkeztuko du Berlinen: hamabi dokumental, bederatzi fikzio eta bost animazio. Oro har, egitasmo gehienak garapen fasean aurkitzen dira. Hori horrela, EFM euskal ekoizleentzako topagune ezin hobea bilakatzen da; harremanak egin, industrian duen tokia indartu eta aurkeztutako proiektuen eskubideak negoziatzeko. “Espazio horretan sortzen den interakzio kreatiborako aukera oso handia da”, azaldu dute Zineuskaditik.

 

 

Azken finean, bertan parte hartzeak euskal ekoiztetxeentzat finantziazio bideak bilatu, kolaborazioak ezarri eta negozio ideia berriei ateak irekitzea ahalbidetu dezake.

Nahiz eta proiektu gehienak aretoetara iristeko bidean egon, pasa den urtean, 2016an, Berlinen izango diren zortzi egitasmo estreinatu ziren: El ataud de cristal, Gutik zura, Pixi Post end the gift-Bringers, Acantilado, Picadero, The glass coffe, Teresa & Tim eta Central Africa´s closed eyelids.

Halaber, azpimarragarria da, euskaraz egindako proiektu kopurua (7), Berlinalera orotara bidaiatuko duen egitasmo guztien laurden bat. Horiek guztiek, Europako hizkuntz aniztasunari eta kulturari balio erantsia eskaintzen diete. Merkatu murriztu eta ikuspen txikiagoko filmak izanagatik ere, zinemagintza aberasten dute, industriaren maila kulturala sendotuz eta erakargarriagoa bihurtuz.

Orotara, katalagoak 19 ekoiztetxeren lanak jasotzen ditu: Arena Comunicación, Basque Films, Doxa Producciones, Esrec, Fascina Producciones, Gariza Films, Irusoin, Lamia Producciones, Lotura Films, Old Port, Píxel, Somuga, Sr&Sra., Dibulitoon Studios, Txalapart, Txintxua Films, Kanaki Films, Caravan Cinema LTD eta Kinoskopik.

Ekoiztetxe gehienak beren presentzia berretsi dute. Jaialdian standaren kargu egongo diren profesionalak aholkularitza, babesa eta koordinazioa eskainiko die Berlinera bertaratutako guztiei. Enpresentzako ekintza ezberdinak aurrera eramateko espazio ederra izango da.

Era berean, Zineuskaditik azpimarratu dutenez, bidaiaren beste helburua koprodukzio minoritarioen interesa duten mapa berri bat eraikitzea da, etorkizun batean harreman profesionalak arintasunez eraiki ahal izateko.

Zentzu honetan, nabarmendu, lehengo urtean Berlineko European Film Marketera egindako bidaia erabat emankorra izan zela. Zineuskadik Europako Zine Institutu, Film Commisions, Zinema Jaialdi, erosle eragile eta ekoiztetxeekin 81 bilera egin zituen. Horra hor euskal zinemak sortutako interesaren isla.

 

Basque Audiovisual

Basque Audiovisualek, Eiken klusterrak eta Etxepare Euskal Insititutuak euskal ikus-entzunezko sektorearen sustapena egiten duen marka da, sektorea ordezkatzen duten konpainien lanaren emaitza. Markak dinamikoa den sektorea biltzen du, eduki eta formatu berritzaileen aldeko apustua eginez.

 

 

Industria zinematografikoa, telebista, animazioa, filmen ekoizpena eta banaketa, hezkuntza eta teknologia zentroak eta zerbitzu enpresak osatzen dute euskal zinemagintza. Euskal ikus-entzunezko sektoreak inplikazio handia erakutsi du proiektuan, eta parte hartzen duten enpresen maila handia ekoizpen estandar erakargarriak eta arrakastatsuak ziurtatzen ditu.

Horrez gain, indarrak batzeko tresna eraginkorrean bilakatzen da, sektorearen nazioarteko estrategia munduko ekitaldi garrantzitsuetan presentzia izatea baita, Berlineko Nazioarteko Zinema Jaialdiaren gisan.

 

 

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.