Bihar estreinatuko dute “Leo Da Vinci: Mona Lisa Misioa” euskaraz Euskal Herriko aretoetan

Zinema Uneak - 2018-04-12T14:04:00+02:00

Zinema Euskaraz programaren helburua komunikazio kulturalerako bitarteko gisa euskararen erabilera bultzatzea da eta, horretarako, herritarren esku jarri ditu honako film hauek adibidez: “Oihaneko Kuadrila”, “Harpetarra”, “Maya Erlea: Eztiaren Jolasak” edo “Leonardo da Vinci: Mona Lisa Misioa”, Euskal Herriko aretoetan ostiral honetan estreinatuko dena.

Orain arte estreinatutako film guztiak publiko guztientzat izan dira eta txikienei balio garrantzitsuak helaraztea izan dute helburu: elkartasuna, adiskidetasuna eta taldearen indarra. Dena den, ez dugu ahaztu behar programaren helburu nagusia zinemaz familiarekin edo lagunen artean gozatzeko aisialdirako proposamen dibertigarriak eta entretenigarriak eskaintzea dela.

 

 

Biharko estreinaldian Leo Da Vinci, pintore eta buruan ideia ugari duen asmatzaile gaztea, Mona Lisarekin, sute baten ondorioz etxea galdu duen neskarekin, erabat maiteminduko da. Leok lagundu egin nahi dio eta egoera konpon dezakeen abentura zoroa eta zirraragarria planeatu du.

Sergio Manfiok (Txakurkumeak eta Marco Poloren kodea) zuzendu du Italiako animazio-film hau eta Italiako Errenazimentuan Florentzian jaio zen polimata enblematikoan oinarrituta dago.

 

Zinema Euskaraz programa 2018an

Honekin, lau izango dira aurten Eusko Jaurlaritzak Zineuskadiren bitartez kudeatzen duen Zinema Euskaraz programari esker euskaraz estreinatutako filmak. Maiatzean, bestalde, “Grufaloa“ filma izango dugu zinema-aretoetan euskaraz ikusgai. Julia Donaldsonen best-sellerrean oinarrituta dagoen film horrekin dagoeneko mundu osoan 10 milioi ikuslek baino gehiagok gozatu du.

 

Erlazionatutako filmak

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.