Black Panther filmak bere pertsonaia nagusiak aurkeztu ditu, 20 argazki berri

Zinema Uneak - 2017-07-13T18:07:00+02:00

Azken aldi honetan ohi den moduan Entertainment Weekly aldizkariak Disneyko film berrien esklusiba bat argitaratu du bere azken astekarian. Oraingoan, Marvel unibertsoko Black Panther filmaren aurkezpena izan da pertsonaia ezberdinen aurkezpenarekin eta 20 argazki berrirekin.

Ryan Cooglerren (Creed) zuzendaritzapean, Black Pantherrek Amerika kapitaina: Gerra Zibila filmean aurkeztutako superheroi berriaren jatorria, herrialdea eta etsaiak aurkezten ditu. T'Challa printzeak, orain errege, bere herrira itzuliko da (Wakanda) eta bere mandatu berria martxan jarri beharko du; baina ez da lan makala izango, barne eta kanpo etsaiak bere zain egongo baitira.

Chadwick Bosemanek T'Challa/Black Panther paperean errepikatzen du, Angela Bassett Ramonda bere amaren papera egingo duelarik. Wakandako gortean ere errege berriaren arreba Shuri ezagutuko dugu Letitia Wrighten aurpegiarekin, Lupita Nyong'o Nakia agente sekretua eta T'Challaren bikote ohia bezala, Daniel Kaluuya W'Kabi T'Challaren lagun onenaren paperean, eta Forest Whitaker errege zaharraren eta berriaren aholkulari nagusia antzeztuz: Zuri xamana.

Aurrean, eta Wakanda kontrolatu nahiean, Michael B. Jordanek antzeztutako Erik Killmonger (N’Jadaka izena zuen erbesteraturiko wakandar bat) eta Andy Serkis Avengers: Ultronen era pelikulan ezagututako Ulysses Klaue (Klaw) bezala.

Pertsonaia guzti hauen argazkiak ere argitaratu ditu EW.com webguneak, guztira 20 argazki berri zabalduz.

Trailer berri baten zain gaudelarik, momentuz, Black Panther filma 2018ko otsailaren 26an estreinatuko da.

 

Erlazionatutako filmak

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.