Blade Runner gogoan: Hamazazpi bitxikeria

Aratz Arregi - 2017-07-02T17:31:53+02:00

Pasa den ekainaren 25ean Ridley Scotten maisulanak 35 urte bete zituen. Orduan ez zuen harrera ona izan, baina gaur egun gutxik ukatzen dute zientzia fikzioaren klasiko moderno baten aurrean gaudena.

Lehen eguna bezain ondo mantentzen den obra honen eta urrian ikusiko dugun bere bigarren zatiaren gaineko zenbait bitxikeria errepasa ditzagun:

 

 

1969 urtean Martin Scorsese zuzendariak Philip K. Dicken “Do Androids Dream of Electric Sheep?” eleberriaren eskubideak erosi nahi zituen zinemara moldatzeko, baina aurrekontu faltagatik ezin izan zuen gauzatu. Azkenean, 1977. urtean Michael Deely ekoizleak eskuratu zituen.

 

Ridley Scott zuzendariak “The Long Tomorrow” komikia erabili zuen bere obraren zenbait alderdi jorratzeko. Komiki honen egileak Moebius eta Dan O’Bannon ziren, Alienen garaiko bi lagun zahar.

 

Eleberriaren izenburua pelikularako ezeztatu zuten erakargarria ez zelako. Ezagutzen dugun izenburua William S. Burroughs “Beat” belaunaldiko idazleari zor zaio.

 

Rick Deckarden pertsonaiarentzat 20 hautagai baino gehiago egon ziren besteak beste, Dustin Hoffman, Sean Connery eta Al Pacino. Azkenean 1980an Harrison Fordek eskuratu zuen “Star Wars” saileko lehen bi produkzioei esker.

 

Rutger Hauerren amaierako monologo famatua inprobisatua izan zen. Zenbait esaldi ez zeuden David Webb Peoplesen gidoian, esaterako “All those moments will be lost in time… like tears in rain” (Une guzti horiek galdu egingo dira, malkoak eurian bezala) famatua.

 

Momentu horretan uso zuria askatzen du pertsonaiak, baina euriaren eraginez bustia zegoenez ezin zuen hegan egin. Eszena hura makina bat aldiz errepikatu behar izan zuten.

 

Edward James Olmos mintzatzen den hizkuntza gaztelania, frantseza, txinatarra, japoniarra, alemana eta hungariarraren arteko nahasketa da.

 

Daryl Hannahren maquillaje berezia Klaus Kinskik Nosferatu pelikulan erabiltzen duenean oinarritzen da.

 

Pelikulan bost “replikante” aipatzen dira, baina lau baino ez dira ageri. Bosgarrena Stacey Nelkin aktoreak izan behar zuen baina aurrekontu arazoengatik pertsonaia ezabatu zuten. Ondorioz, askorentzat bosgarrena Harrison Ford izatera pasa zen… Teoria hau ez da guztiz baieztatu.

 

Pelikulako maketetan ikusten diren paisaia industrialak sortzeko 10 kilometroko fibra optikoz osaturiko kableak erabili ziren. Ordenagailuak Alienen erabilitako berberak ziren.

 

Vangelisen soinu banda zuzendariak ez zuen atsegin. Honek zenbait eztabaida ekarri zituen eta musikaria izan zen kaltetuena, izan ere bere lana zenbait urtetako atzerapenarekin kaleratuko zen.

 

1981eko uztailean ekoizleek Ridley Scott kaleratu zuten aurrekontutik pasa eta epez kanpo zebilelako. Zuzendaria lanera itzuliko zen pelikula amaitzera.

 

Bukaerako “amaiera zoriontsua” azken momentuan pentsatu zuten ekoizleek inposaturik. Scotten amaiera ezkorragoa zen, protagonistak basamortuan barrena hiltzera doazela erakusten. Azken aldaketa hauei aurre egiteko Scottek Stanley Kubricki deitu zion The Shining pelikularako erabili ez zituen paisaien plano batzuk eskatzeko.

 

Blade Runner 2049, izenburuak dioen bezala, 30 urte beranduago girotzen da.

 

Emily Bluntek ezin izan zuen filmaketan parte hartu haurdun gelditu zelako. Mackenzie Davisek ordezkatu zuen.

 

Errepikatzen dutenen artean: Harrison Ford, Edward James Olmos, Hampton Fancher gidoilaria eta Ridley Scott (orain ekoizle lanetan) daude.

 

Espero den arrakasta izaten badu, zati berriak iragarriko dira Blade Runner eta Alien unibertsoa uztartzeko.

 

Erlazionatutako filmak

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.