Buffy, banpiro hiltzailea telesailaren 20. urteurrenaren argazkiak

Zinema Uneak - 2017-03-31T12:05:27+02:00

Harrituta gelditu zara albistearen izenburuarekin? Ba, tamalez, egia da... Buffy, banpiro hiltzailea telesailak 20 urte bete ditu hilabete honetan! Eta urtemuga hau ospatzeko Entertaiment Weekly astekariak protagonista guztiak (eta Joss Whedon sortzailea) batu ditu argazki berezi batzuk argitaratzeko.

1997ko matxoaren 10ean estreinatu zen Buffyren lehenengo kapitulua Estatu Batuetan, The WB katean (gaur egungo The CW). Zazpi denboraldiz igorri zen 2003ko maiatzean azken kapitulua estreinatu arte. Belaunaldi oso bat kolpatu zuen telesail honen burua Joss Whedon izan zen (egun Avengers filmengatik ezaguna dena). Sarah Michelle Gellar (Buffy) ezagunena egin zen aktorea izan bazen ere, bere inguruan ibilitako David Boreanaz (Angel), Alyson Hannigan (Willow) edota Nicholas Brendon (Xander) ere oso famatuak egin ziren. Telesailak spin-off bat ere estreinatu zuen Angel pertsonaiaren inguruan (bost denboraldiz luzatu zena). 

Orain, 20 urte geroago "The Scooby gang" ezizenaz ezagutu zen taldea berriz bildu da berriro. Azpian dituzuen argazkietan ez dira soilik Buffy (Sarah Michelle Gellar) edota Angel (David Boreanaz) agertzen, ez. Eurekin batera aipatutako Nicholas Brendon (Xander) eta Alyson Hannigan (Willow) aktoreez gain,James Marsters (Spike), Seth Green (Oz), Charisma Carpenter (Cordelia), Emma Caulfield (Anya), Michelle Trachtenberg (Dawn), Amber Benson (Tara), Alexis Denisof (Wesley), Kristine Sutherland (Joyce, Buffyren ama) eta Joss Whedon (zuzendari, gidoilari eta sortzailea) egon ziren.

Bilkurara joaterik izan ez zuen bakarra Anthony Stewart Head (Giles) aktorea izan zen. Hori bai, bera agertzen den koadro bat jarri zuten argazki-sesioan, denak egon zitezen.

Gure bezala, Buffy zaleak bazarete aprobetxatu eta gozatu argazki zoragarri hauetaz. Urteak ez dira debalde pasatzen.

 

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.