Colin Trevorrow Jurasikora itzuliko da, Jurassic World 3 zuzenduko du

Zinema Uneak - 2018-04-02T23:50:34+02:00

Bai, ondo irakurri duzu. Oraindik Jurassic World: Erresuma eroria estreinatu ez bada ere, Jurassic World sagaren hirugarren film bat iragarri da eta Colin Trevorrow zuzendaria izango dela ere zabaldu da.

Ez da zurrumurru bat, ez. Iturria serioa eta pisu handikoa da; nor eta Steven Spielberg bera. Estreinatu berri den Ready Player Onen zuzendari eta Jurassic World sagaren ekoizleak Entertainment Weekly aldizkariari emandako elkarrizketa batean zabaldu du berria: "Colin Trevorrow is going write and direct the third ‘Jurassic World’ story". Colin Trevorrowek hirugarren Jurassic Worlden istorioa idatzi eta zuzenduko du, argiago ezin da esan.

Trevorrowekin batera Emily Carmichael (Pacific Rim: Uprising) arituko da gidoilari lanetan. Biek batera Derek Connollyk eta Trevorrow berak (Jurassic Worlden gidoilariak) idatzitako istorio bat izango dute oinarri.

Carmichaelen etorreraz, Colin Trevorrowek ere hitz batzuk zabaldu ditu: "Hona da beti ahots berriak batzea gure istorioa bizirik eta fresko mantendu dadin. Irrikan naiz J.A. Bayonak Erresuma Eroriari eman dion indarra eta edertasunarekin, eta argi daukat Emilyk ikutu berezi bat emango diola gure sagaren azken atalari".

 

 

Hirugarren film honetarako ere Frank Marshallek, Pat Crowleyk eta Steven Spielbergek ekoizle postuak berreskuratuko dituzte. Pelikula Amblin Entertainment eta Universal Picturesen ekoizpen bat izango da.

Aurretik, aurten, J.A. Bayonak zuzendutako Jurassic World: Erresuma eroria estreinatuko da; 2018ko ekainaren 8an izango da.

 

Erlazionatutako filmak

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.