Daniel Day Lewisen behin betiko agurra?

Aratz Arregi - 2017-06-27T10:33:21+02:00

Aktore handiak bere erretiroa iragarri berri du, 60 urte bete berri ditu eta ez da lehen aldia horrelako adierazpen bat egiten duena. 90. hamarkada amaieran ere aldendu zen Florentziako artisau batekin oinetakoak egiten ikasteko, baina Martin Scorseseri esker itzuli zen. Denborak bakarrik esango digu oraingoan esandako beteko duen (bere jarraitzaileok ezetz espero dugu).

Ia 40 urteko ibilbidean 20 izenburu utzi dizkigu irlandarrak (telebistarako lanak kontutan hartu gabe). Gainera lehen mailako aktore bezela hiru Oscar sari irabazi dituen gizonezko aktore bakarra da. Datorren abenduan Paul Thomas Andersonen Phantom Threaden bere azken lana ikusiko dugu.

Maila ona pelikula guztietan erakutsi duen arren, errepasa ditzagun bere interpretazio onenak sei lan nabarmen hauetan:

 

Nire ezker oina (My Left Foot, 1989)

Jim Sheridan zuzendariarekin lehen kolaborazioan bere lehen Oscar saria eta BAFTA irabazi zituen. Christy Brown idazle eta margolari elbarriaren azalean izugarrizko erakustaldia egin zuen. Gainera, interpretazio sinesgarri eta konplexu honetan topikoetatik aldendu zen. Ikusleek pelikula hau gogoratzen badute, bere lanagatik da.

 

Azken mohikanoa (The Last of the Mohicans, 1992)

Itxuraz bere interpretaziorik landuena ez bada ere, Michael Mannen abenturazko izenburu honetan benetan lan borobila egin zuen. “Hawkeye” pertsonaia prestatzeko aurrez zaldiekin eta armekin trebatu eta Amerikar natiboen gaineko bizitzan murgildu zen. Madeleine Stowerekin bikote ederra osatu zuen.

 

Aitaren izenean (In The Name of The Father, 1993)

Lan hau 70. hamarkadako Irlandan bizi izan zen injustizia baten kontakizuna da. Protagonista IRAko partaide izatea salatzen dute eta ondorioz espetxean sufrimendu handia pairatzen du. Daniel Day-Lewisen lana erreferente bilakatu zen, bere ñabardura guztiekin. Pete Postlethwaite, bere aita fikzioan, maila onean aritu zen ere.

 

Gangs of New York (2002)

Bere eraldatzeko gaitasunaren beste adibide garbi bat Scorseseren lan honetan dago. “The Butcher” pertsonaiari esker Lewisek bere lehen erretiroa utzi zuen. Gainera, bere interpretazioa histrionismora eraman zuen eta inoiz ez zen jokoz kanpo gelditzen. Neurriz gaineko karakterizazio batean, baina beti dotore, barregarri izatetik urrun.

 

There Will Be Blood (2007)

Momentu gogoangarri ugari utzi zizkigun Daniel Plainview handizale zitalaren azalean. Muga batetik bestera eraman zuen pertsonaia eta bi alderdietan bikain zegoen. Paul Thomas Andersonek bere interpretazio onenetakoa dena atera zion eta pelikula klasiko modernoen artean dago jadanik. Emaitza, bigarren Oscar saria, BAFTA, Urrezko Globoa, Screen Actors Guild Awards saria… Eta gogoratzeko esaldi bat: “I drink your milkshake!”

 

Lincoln (2012)

Bere hirugarren Oscarra Steven Spielbergen eskutik iritsi zen EEBetako 16. lehendakariaren paperean. Karakterizazio lan baten gainetik, benetako pertsonaren ahots tonua, keinuak eta mugimenduak modu perfektuan errepikatzearren iruditzen zait horren lan miresgarria. Nire ustez filmaren kalitatearen gainetik zegoela nabarmentzen zen.

 

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.