Ederra eta Piztia: Animaziozko filmaren inguruko bitxikeriak

Sara Sebastián Pérez - 2017-03-16T08:00:00+01:00

Ostiral honetan, martxoak 17, Disney Ederra eta Piztia klasikoaren bertsio berri bat estreinatzen du. Bideo eta trailer ezberdinetan ikusitakoa kontuan hartuz, bertsio berri hau 1991ean egindako animaziozko pelikularen birsorkuntza bat dela esango nuke. 

1991ean estreinatutako bertsioaz ari garela, bada ikusi ez duen norbait? Noraino ezagutzen duzue? Hamaika bitxikeria ezagutu nahi badituzue, hemen duzue guk bildutakoak:

 

Urdin kolorea eta itxaropena: herri osoan urdinez jantzita ikusten dugun pertsonaia bakarra Bella da. Sortzaileek horrela erabaki zuten beste herritarrengandik bereizteko, Bella berezia izan zedin.

 

Bella eta Dorothy: Bellaren jantziaz hitz egiten badugu, beste bitxikeria bat: Oz Aztia film klasikoan, Dorothyk eramaten duen soinekoan oinarrituta dago (edo ia berdinak dira).

 

Bella eta Katherine: Kasu askotan ezagutzera eman den moduan, askotan Disney filmetako protagonistak aktore famaturen batean oinarritzen dira. Bellaren kasuan, bere itxura eta keinuak Katherine Hepburnek Emakumetxoak filmean egindako lanetik atera ziren.

 

Gastonen begiak: Piztiarekin borrokatu ondoren, jauzten ari den bitartean, Gaston aurpegiaren lehen plano bat ikusten dugu: bere begietan garezurrak ikusi daitezke, bere heriotzaren aurrerapen giza.

 

Dantzaldia: Ederra eta Pizta pelikularen amaieran ikusten dugun dantzaldia ez da berria, konturatzen ez bagara ere aurrez ikusita dugu. Non? Loti Ederran. Ondo begiratzen badugu, inguruan dituzten pertsonaia gehienak erdi aroko arropa daramatela ikusiko dugu; Loti Ederra filmaren dantzaldian bezala.

 

Piztiaren izena: gehienok ez badakigu ere, Piztia izen propio bat dauka: Adam. Filmean ez da ia aipatzen, baina hori da bere izena.

 

Animalia nahasketa bat: Piztia egiteko ez ziren animalia bakar batean oinarritu, ezta gutxiagorik ere: ilea, lehoiena; bekainak, gorilenak; letaginak, basurdeenak; gorputza, hartzena; hankak eta isatsa; otsoenak; eta belarriak, behienak. Hamaika animalia Pizti bakar bat sortzeko.

 

Gazteluko gargolak: Gazteluan ikusten diren gargola eta estatua beldurgarriak Piztiaren aurreneko diseinuetan oinarritzen dira.

 

Musikala?: Hasieran, Ederra eta Piztian ez zuten une musikalik aurreikusi. Amaieran, une oro musika eta abestiak dituen lan bat izan zen; abestirik gabeko minutuak zenbat? Bost bakarrik.

 

Bella Parisen: Notre Dameko konkorduna pelikulan, protagonista abesten dagoen momentuetako batean, Bella ikusi dezakegu Parisko kaleetan zehar liburu bat irakurtzen.

 

Potts anderea oihanean: hala ere, Bella ez da bidai bat egiten duen protagonista bakarra. Tarzanen Janeren ondasunen artean, Potts anderea ikusi dezakegu.

 

Bambiren ama: baina ez dira soilik Ederra eta Piztiaren pertsonaiak bidaiak egiten dituzten bakarrak. Ederra eta Piztia pelikularen hasieran, basoan, Bambiren ama ikusi dezakegu, lasai-lasai ibai txiki batean edaten.

 

Bidegurutzeko seinalea: Basoan, Bellaren aitak topatzen duen seinalean hiru hirien izenak irakurri daitezke: Valentzia, Anaheim y Burbank.

 

Omenaldiak: filma estreinatu aurretik, zortzi hilabete aurretik, Howard Ashman musikagilea eta ekoizlea hil zen. Amaierako kredituetan bere izena irakurri dezakegu, eskaintza polit batekin batera.

 

Oscar Sariak: Ederra eta Piztia historia egin zuen. Filmik onenaren mailan izendapena jaso zuen animaziozko lehenengo filma izan zen. Tamalez, Arkumeen isiltasuna izan zen urte horretan irabazle nagusia.

 

Hemen guk aurkitu eta bildu ditugun hamabost bitxikeria. Besteren bat ezagutzen duzu? Aipatutako hainbat mantenduko dira estreinatuko den moldaketa berrian? Ostiralean, galdera guzti hauen erantzunak zinema-aretoetan aurkituko ditugu.

 

Erlazionatutako filmak

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.