El Ministerio del Tiempo: Denboraldi berria aztergai

Sara Sebastián Pérez - 2017-05-31T21:08:26+02:00

Pasaden maiatzak 5eko aurrestreinaldiaren ostean, bihar estreinatzen azkenik El Ministerio del Tiempo telesailaren hirugarren denboraldia; Historia, denboran bidaiak eta milaka abentura bizitzera gonbidatzen digun ekoizpen dibertigarria.

Denboraldi berri hau zortzi kapituluz osatuta dago (orain hasi eta udan etenaldi bat izango du, udazkenean amaitzeko), eta nobedade eta pertsonaia berriez beterik dator. Eta nola ez, euskaldun batzuen parte hartzearekin ere.

Hemen duzue denboraldi berri honen inguruko hamaika bitxikeria:

 

JULIAN ETA PACINO



Kapitulu berri hauen aldaketarik handiena protagonisten taldean aurkituko dugu. Aurreko denboraldian joan etorrika ibili ondoren, oraingoan Rodolfo Sanchoren (Julian) agurra baieztatu da. Ekoizleak eta aktorea ez ziren ados jarri, eta bigarren denboraldian bezala bere ordezkoa Hugo Silva eta Pacino bere pertsonaia izango dira. Interesgarria izango da Amelia eta Pacinoren harremanaren eboluzioa.

 

AMELIA FOLCH



Eta behin betiko agur batetik, behin behineko batera. Estreinatzen diren kapitulu berrietan Amelia Folch pertsonaia gutxiago agertuko da, baina betirako agur esan gabe. Aura Garrido aktoreak azaldu duenez, engaiamendu pertsonalak eta profesionalak dira arrazoia. Hori bai, argi utzi du ere Amelia denbora luzez mantenduko dela Denboraren Ministerioan lanean.

 

ZINEMALDIA PROTAGONISTA



Lehenengo kapituluak, bihar estreinatzen dena, Donostia du protagonista; Gipuzkoako hiriburua eta bere Zinemaldia. Denboraren Ministerioko taldeak 1958ra bidaiatuko du, bertan Alfred Hitchcockekin topo egiteko. Zuzendari britaniarraren papera egiteko Jose Angel Egido aktorea hautatu dute. Misterioz beteriko abentura Txoriak filmaren arduradunaren inguruan.

 

GUSTAVO ADOLFO BECQUER



Bigarren kapitulua Veruelako monasterioan kokatuko da, eta Tamar Novas aktore gazteak antzeztuko duen Gustavo Adolfo Becquer izango da protagonista. Hirugarrenean, aldiz, Aguila Roja telesailagatik ezaguna den Myriam Gallego izango da protagonista; sorginkeria egitea leporatzen zaion neskatila baten papera egingo duelarik.

 

FRANCISCO GOYA



El Ministerio del Tiempo telesailaren sortzailearen, Javier Olivares, hitzetan Francisco Goya zen agertzeke zegoen pertsonaietako bat. Oraingoan lortu dute, eta laugarren kapituluan Pedro Casablanc aktorearen aurpegiarekin ikusiko dugu. Berarekin batera Godoy (Luis Callejo), Osunako Dukesa(María Adánez), Albako Dukesa (Noemí Ruiz) eta Simon Bolivarren emaztea, Mª Teresa del Toro, (Raquel Pérez) ikusiko ditugu.

 

MIGUEL RELLAN ETA GIL PEREZ



Aurreko denboraldietan zaleen artean pertsonaia maitatuenen artean egon eta gero, Miguel Rellanen Gil Perez pertsonaia bueltan dago. Bi kapitulu soilik izango dira, baina Javier Olivaresek argi dauka bere telesailaren arrakastaren arrazoia zaleak direla eta pozik utzi nahi izan ditu.

 

LOPE DE VEGA ETA CERVANTES



Baina ez da itzulera bakarra. Victor Clavijo (Lope de Vega) eta Pere Ponce (Cervantes) dibertigarriak ere berriro ikusiko ditugu. Bosgarren kapituluan izango da eta batera agertuko dira. Sortzen zaigun zalantza bakarra zera da: Lope de Vega eta Amelia Folchen arteko “maitasuna” berriro berpiztuko ote da?

 

UNA LLAMADA A TIEMPO, SOINU-FIKZIOA



Gainera, Pacino pertsonaiaren itzulerari zentzua emateko, telesailarekin batera soinu-fikzio bat ere estreinatuko da. “Una llamada a tiempo” izenburuarekin, kanpoan egon den denbora horretan Pacinok zer egin duen kontatuko du. Hugo Silvak (Pacino) eta Jaime Blanchek (Salvador zuzendaria) parte hartu dute, eta bere abenturetan zehar Pacinok Paul McCartney ezagutuko du edota 82ko Mundiala ere bisitatuko du. Guztira RTVEren webgunean estreinatuko diren lau kapitulu.

 

TIEMPO AL TIEMPO KOMIKIA



Baina soinu-fikzio hauekin ez da telesail honen transmedia izaera amaitzen. Pasaden urtean eleberri bat izan bazen, aurten komiki bat kaleratu dute. Gainera, mugikorretarako “app” berezi bat estreinatu dute, eta azken denboraldian bezala Angustias pertsonaiak video-blog bat ere argitaratzen jarraituko du, besteak beste. Ikusleekin harreman sendo bat sustatzeko hamaika erreminta.

 

NAZIOARTERA ZABALDUZ



Aurten, hemen izandako arrakastak bultzatuta, El Ministerio del Tiempok beste herrialde batzuetara salto egingo du. Netflixekin lortutako akordio bati esker, telesail eta pelikula plataforma honek denboraldi berria 190 herrialdetan eskainiko du. Gainera, Portugalek bere bertsio propioa jarri du martxan. Beste alde, Estatu Batuetan Sonyren Timeless telesailarekin zeukaten epaia akordio batekin itxi dute. Dudarik gabe, El Ministerio del Tiempo mundu osora zabaldu da.

 

KOLDO SERRA, BIGARREN KAPITULUAREN ZUZENDARIA



Amaitzeko, denboraldi berri honetan euskaldun berri bat parte hartuko du: Koldo Serra. Zuzendari bilbotarrak hirugarren kapitulua zuzendu du, Borja Cobeaga eta Diego San Joseren lekukoa hartuz (bi gidoilari euskaldun hauek bigarren denboraldiko gidoi bat idatzi zuten.

 

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.