Elcanok zinemara salto egingo du Dibulitoonen eskutik, ezagutu proiektua

Zinema Uneak - 2017-10-17T17:17:00+02:00

Pasaden otsailean Teresa eta Galtzagorrirekin Goya saria ia irabazi eta gero, Dibulitoon ekoiztetxe euskaldunak proiektu berri bat du abian. XVI. mendera salto eginez, euskal bidaiari famatuenaren abenturak eramango dituzte zinemara: Elcano, Lehen Mund Bira. 

Proiektua ezagutzen joateko, adi goiko bideoari eta argazki galeriari. Lehenengoan, Patxi Peláez marrazkilariak egin zituen lehen diseinuak ikusi ditzakegu. Bere arkatz eta imajinaziotik jaio ziren Elcano, Lehen Mundu Bira pelikulako pertsonaien sorkuntza abiatzeko lehen diseinuak. Bi urtez luzatu zen lan luzea eta zaila izan zen. Helburua, paperean definitzea filmean agertuko diren pertsonaia eta leku guztien itxura.

Beste alde, argazki galerian, proiektuaren inguruan zabaldu diren lehenengo irudiak ikusi ditzakezue. Zalantzarik gabe, ikusgarria dirudien lan interesgarri bat.

 

 

Ezagutzen den informazioaren arabera, Angel Alonso izango da zuzendaria, gidoia Garbiñe Losada eta Jose Antonio Vitoriaren sinadura du eta musika Josena Beristainen eskuetan egongo da.

Ekoizpen lanak aurten hasi direla, estreinaldia 2019rako iragarri dute, eta bai euskaraz bai gaztelaniaz estreinatzea espero dute.

 

Istorioa: Elcano protagonista, Magallanes eta beste marinelak ahaztu gabe

Proiektu honetako protagonista Juan Sebastian Elcano da, Getariako itsasgizon handia. Magallanesen aginduetara, Elcanok eta beste 239 gizonek etorkizun ezezaguneko bidaia arriskutsu bati ekiteko kemena izan zuten, eta 3 urte beranduago, Elcanok eta beste 17 gizonek baino ez zuten lortu bidaia hura amaitzea. Hala, historiaren parte izatera igaro ziren.

1519an hasi eta 1522an amaitu zen itsas-bidaiak mundua borobila zela frogatu zuen, eta mendebalderantz bidaiatuz gero Molucas uharteetara iristea posible zela ere. Uharte haietan zeuden garai hartako espezia preziatuak, piperbeltza eta iltzea esaterako. Pentsa… 1969ra arte, gizakia ilargira iristea lortu zuen arte, ez zen Elcanoren egitandi hura bezalakorik gertatu. Duela 500 urte Elcanok abiatu zuen itsas bidaia hura, ilargira egin zen lehen bidaiaren pareko abentura arriskutsua izan zen.

 

Proiektua: Film luze bat baino askoz gehiago

 

Proiektu izarra haurrei eta familiei zuzendutako animaziozko film luze bat da.  Abenturaz jositako 75 minutu, pantailari ezin begirik kendu utziko gaituen pelikula zirraragarria. Pertsonaiak hasi dira bizia hartzen (ikusi albistearekin datorren bideoa) eta laster aurkeztu ahal izango dizkigute. Filmarekin batera, Dibulitoon Errealitate birtualeko proiektu bat ere lantzen ari da. Betaurreko batzuk jantzi eta Victoria itsasontziaren barrualdea bisitatu ahal izango dugu. Eta bidaiak ibilbide dibulgatzailea daramanez, bideo-joko hezitzaile batzuk prestatzen ari dira ere zure tabletean edo smartphonean jostatuz ikasi dezagun.

Irakurketaren ohiturari bultzada bat emateko, lerro editorial multimedia bat estreinatzeko ideia ere badute, eta Elcano eta bere marinelen balentria anekdota eta detailez beteta dagoenez, erakusketa ibiltari dibulgatibo bat diseinatzen ari dira gure herri edo hirian bisitatu dezagun.

Gainera, publiko helduari zuzenduta egongo den dokumental bat ere ekoiztu nahi dute. Zine-dokumentaleko zirkuituetan eta areto komertzialetan proiektatuko da eta nazioarteko zein Euskal Herriko erakunde desberdinekin lanean ari dira.

Edukiz eta bizitzaz betetako proiektua da Dibulitoonena, horregatik laster plataforma digital handi batera konektatu ahal izango gara bidaia honen esteka guztiak eskura edukitzeko.

 

Filmax eta Barton Films, bidaide

Elcano, Lehen Mundu Bira animazioko filma eta Barton eta Filmax banatzaileak, elkarrekin eta arrakastatsu paseatu dira Zinemaldiko alfonbra gorritik. Donostian urtero ospatzen den hitzordu zinematografikoa aprobetxatuz, bi banaketa enpresen arduradunek eta filmaren ekoizpena burutzen ari den Dibulitoon Studiok, luzemetraiaren nazio mailako banaketaren detaileak hitzartu dituzte. Animazioko luzemetraiak, historiako lehen zirkumnabigazioaren epopeia jasotzen du.

Filma 2019an estreinatuko da euskeraz eta gazteleraz. Oraindik pixka bat falta da, baina Elcano, Magallanes eta gainerako animazioko pertsonaiak motorrak berotzen doaz zinema-areto mordo batean sartu eta haien abenturekin txunditu gaitzaten.

 

 

Erlazionatutako filmak

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.