Errementari: Ikusi aurretik ezagutu beharreko hamaika bitxikeria

Jon Ander Mindegia Ortega - 2018-03-04T13:14:57+01:00

Pasa den martxoaren 2an Errementari estreinatu da, Paul Urkijoren lehen film luzea. Oraindik goiz izan arren film honen arrakasta izango duen jakiteko, askok film honek euskal zinema aldatuko duelakoan daude.

Film hau ikustera joan baino lehenago errepasa ditzagun beraz haren inguruko hainbat bitxikeria:

 

Errementari Aita Barandianek jasotako euskal ipuin herrikoi batean oinarrituta dago. Ez da mitoaren moldapen bat, jatorrizko istorioa kontatuz 10 minutuko baino gutxiagoko filma izango litzateke eta, baina filma pertsonaia eta kontzeptu berdinean oinarrituta dago. Hemen irakurri dezakezute jatorrizko ipuina: http://www.amaroa.com/elezaharrak/patxi-errementari-gaizto-eta-bihurri

 

 

Askok uste dutenaren kontra, Errementari ez da euskarazko lehen film fantastikoa. Euskaraz animaziozko film fantastiko mordoa egon dira, Kalaba Tripontzia adibidez, euskaraz egindako animaziozko lehen film luzea. Haragi hezurrezko filmen artean ere egon da bat lehenago, Mystikal izenekoa, hau, estatu mailan kroma bidez osorik egindako lehen filma ere bada.

 

Hau ez da Patxi Errementariaren ipuina pantaila handian ikusi dugun lehen aldia. 1985Ean, Juanba Berasategik Kalabaza Tripontzia estreinatu zuen, euskaraz egindako animaziozko lehen film luzea. Pelikula honetan Euskal Herriko hainbat ipuin klasiko kontatzen ziren, eta haien artean Patxi Errementariaren bertsio moderno bat zegoen. Eibarren kokatzen zen istorioa eta deabru gorri klasikoa erabili ordez, Galtzagorri zen istorio honetako antagonista.

 

 

Badago Patxi Errementariaren laburmetrai bat ere, Elkarrek sortutakoa CD-ROM batean saltzeko egina. Bertan, ipuina, animaziozko film laburra (Dibulitoonek animatuta, lehenago aipatutako Mystikal filmaren sortzaileak) eta hainbat dibertitu eta ikasteko hainbat joko zetozen. Zoritxarrez, CD hau deskatalogatuta dago, baina laburmetraia interneten ikus dezakegu oraindik.

 

Film honen elkarrizketak Gorka Lazkano hizkuntzalariak berridatziak izan dira. Zuka, hika eta berorika bezalako moduak erabiltzeaz gain, euskalki desberdinak erabili dira filmean. Demonioek eta gobernuko ordezkariek euskara batuen hitz egiten dute eta merkatariek berriz Oiatzualdeko euskara. Baina euskara benetan bitxiena herritarrena da, Koldo Zuazo hizkuntzalari eta ikerlariaren laguntzaz arabako euskalki zaharra berreskuratu baitute, hala ere hau erabiltzeko orduan kontuan izan dute euskaldun guztiek ulertzeko modukoa izan behar zuela. Azkenik, narratzaileak Ataungo euskara erabiltzen du, Jose Migel Barandianen herria hain zuzen ere.

 

 

Filma promozionatzeko egindako bideoetan, Paul Urkijok, zuzendariak, arte-kontzeptual guztien artean bi liburu zituela ikusi da. Bata Patxi Errementariaren ipuina da, gutako askok umetan izan duguna. Bestea berriz filmaren arte liburu bat izatea, zuzendariak elkarrizketa batean esan zuenez arte liburuak egiteko ohitura baitzuen.

 

Eneko Sagardoyk, Sartael izeneko demonioaren papera egiten duen aktoreak, aktore berri onenaren Goya saria jaso du aurten Handia pelikulagatik. Filmaren promozioan asko lagunduko dioen sari bat, seguru aski.

 

Bada Handia pelikulatik etorritako beste Goya saridun bat ere. Pascal Gaigne, Handia eta Errementarin jarri du musika.

 

Eta hirugarren eta laugarren Goya saridunak. David Heras eta Jon Serranok, Handiako efektu bereziengatik Goya elkarbanatu ostean, efektu berezi ikusgarri batzuekin etorri dira Errementarin.

 

 

Filmeko ekoizle ezagunen kasua bitxia ere badugu. Film hau Alex de la Iglesiak eta Carolina Bangek ekoiztua izan da, beste askoren artean. El Bar pelikularen filmaketa amaierako festan, Pedro Rodriguezek Alexi lan egingo zuen proiektu berri baten marrazki batzuk erakutsi zizkion, Errementari. Alexek, deabruen marrazkiak liluraturik, zuzendariarekin kontaktuan jarri zen, Plutón B.R.B. Nero telesailaren grabaketan ezagutu baitziren. Alexekin batera, Carolina Bang sartu zen ekoizpenean. Haiei esker filmak diru gehiago lortu zuen ekoizpen ostekorako, eta baita filma hobeto saltzeko bi izen garrantzitsu ere.

 

 

Azkenik, film honen bertsio desberdinei buruzko kuriositatea dugu. Sitgesen egindako lehen proiekzioa eta orain zinemetan estreinatutako, desberdinak dira. Zuzendariak filma landu nahi izan du estreinatu arte ahalik eta onena izan zedin. Ez dakiguna da gainontzeko festibaletan proiektatutako bertsioak Sitgeseko berbera diren edo aldaketak pixkanaka agertuz joan diren.

 

Erlazionatutako filmak

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.