ESTREINALDIAK Ekainak 9: Momia, American Pastoral, Galtzontzilloak kapitaina, Pàtria,...

Zinema Uneak - 2017-06-09T02:44:24+02:00

Ostiral berri bat eta estreinaldi sorta interesgarri eta dibertigarri bat. Bai txikientzako (Galtzontzilloak kapitaina) bai helduentzako (American Pastoral), beti ere gazteak ahaztu gabe (Momia). Eta autore-zinema pixka bat ere Gabrilleren ametsarekin.

Hemen dituzue estreinaldi garrantzitsuenen datu esanguratsuenak (informazio gehiago fitxa bakoitzean):

 

Momia

Filmaren fitxa (euskaraz)

Ezusteko batean, altxor bilatzaile batzuk kripta ezkutu batean gordetako antzinako printzesa baten momia esnatuko  dute. Milaka urtez bere mendekua imajinatzen ibili den momia honek mundua deuseztatzen hasiko da bere indarra eta haserrea erakutsiz.

Tom Cruisen lan berri hau, Universal ekoiztetxearen Dark Universe munduaren lehenengo zinta da. Cruisekin batera Russell Crowe edota Sofia Boutella ikusiko ditugu. Zuzendari lanetan Alex Kurtzman eta gidoilari moduan David Koepp eta Christopher McQuarrie. Asteburuko erregea bihurtzera deituta dagoen lana.

 

Galtzontzilloak kapitaina

Filmaren fitxa (euskaraz)

Bi ume bihurrik euren eskolako zuzendaria hipnotizatuko dute zigor batetik ihes egiteko. Zuzendariak, hipnotizatzean, superheroi bat dela pentsatuko du: Galtzontzillo kapitaina. Orain, bi umeen ardura izango da zuzendaria kontrolatzea.

Dreamworks Animationen lan berria etxeko txikiei zuzendutako animaziozko film bat da; dibertigarria eta ganberroa guztiz. Denetarik du: ume bihurriak, haserretuta bizi den zuzendari bat, zientifiko maltzur bat, baina beste gauza guztien gainetik, barrezka pasako ditugun une zoragarri batzuk.

 

American Pastoral

Filmaren fitxa (euskaraz)

60ko hamarkadan Estatu Batuetan bizitako eraldaketa politikoagatik bere familia kolokan ikusiko duen enpresari arrakastatsu bat da Seymour Lvov, "Suediarra". Une horretara arte lasai bizi zen bere familia, Merry alabak hartutako erabaki batekin apurtuko da: ekintza biolento baten arduraduna izatea leporatzen diotenean Merry desagertu egingo da. Lvovek bere alaba bilatzen hasiko da, familia berriro batzeko nahiarekin, baina pixkanaka ezagutzen joango den informazioa bere ideia eta iritzi guztiak hankaz gora jarriko ditu: garai horretan biziko diren aldaketa soziopolitikoak medio euren bizitzak ez dira inoiz berdinak izango.

Ewan McGregor aktorea kameraren beste aldera pasatzen da film honekin, eta apustua potoloa da: Philip Roth idazlearen American Pastoral eleberria zinemara eramatea. Emaitza nahiko txukuna da, gehien bat inguruan dituen aktore zoragarriei esker: Jennifer Connelly, Dakota Fanning edota David Strathairn.

 

Pàtria

Filmaren fitxa (euskaraz)

Kondairak kontatzen duenaren arabera Otger Cataló Kataluniako lurraldea sarrazenoen eskuetatik berreskuratu zuen zaldun katalana da. VII. mendean, penintsula gehiena mairuen eskuetan egonda, Catalók aurre egin eta irabazi zien. Gainera, mitologiaren arabera Cataló abizena da egungo Katalunia izenaren jatorria. Pàtria Kataluniaren jatorriaren inguruko istorio epiko bat da.

Pasaden astean Cinebasurarekin gertatu zen moduan, Pàtria ez da momentuz gurean estreinatuko; baina ekoizleek esan digutenaren arabaera laster Euskal Herrian ikusgai egongo da. Kataluniaren jatorrian sakondu nahi duen lan honek, krowdfunding bidez amaitu zen eta politikari eta Kataluniako kultura munduko hamaika pertsonen babesa jaso du: Artur Mas, Carmen Forcadell, eta abar.

 

Aste honetan gainera Gabrielleren ametsa eta Lekukoa lanak estreinatzen dira. Beste estreinaldi hauen inguruko informazioa hemen aurkitu ahal duzue. Ondo pasa! 

 

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.