ESTREINALDIAK Irailak 1: Barry Seal, Lainoa eta mirabea, Beste tango bat, Bahituriak,...

Zinema Uneak - 2017-08-31T19:00:00+02:00

Ostirala hemen da berriro, eta azken lan egunarekin zinema-aretoetara heltzen diren azken estreinaldiak. Aste honetan, ia astero bezala, eskaintza zabal batekin: Tom Cruisen azken lana, Barry Seal; Quim Gutierrez eta Veronica Echegui protagonista dituen thriller espainiar bat, Lainoa eta mirabea; askatasunaren aldeko aldarrikapen bat, Bahituriak; Argentina eta bere dantza famatuenari omenaldi bat, Beste tango bat; Frantzian aurten estreinatutako komediarik arrakastatsuena, Victoriaren kasuak; eta western txiki eta bitxi bat, Geldialdia infernuan.

Zineman zein ikusiko duzuen hobeto aukeratzeko, hemen dituzue estreinaldi garrantzitsuenen daturik esanguratsuenak (informazio gehiago fitxa bakoitzean): 

 

Barry Seal: Trafikatzailea

Filmaren fitxa (euskaraz)

80ko hamarkada. Barry Seal TWAn (Estatu Batuetako airelinea handiena) lan egiten duen pilotu bat da. Bere lanaz nekatuta, Seal droga-trafikatzaileekin lanean hasiko da. Gerora CIAk ere bere zerbitzuak kontratatuko ditu. Gertaera errealetan oinarrituta.

Edge of Tomorrow pelikulan batera lan egin ondoren, Doug Liman eta Tom Cruise berriro elkartzen dira gertaera errealetan oinarritutako istorio xelebre hau kontatzeko. CIA eta Kolonbiako trafikatzaileen artean ibilitako pilotu xelebre honen bizitza dibertigarria eta akzioz beterikoa izan zen.

 

Lainoa eta mirabea

Filmaren fitxa (euskaraz)

Herriko politikari bat Gomera uhartean lepo eginik agertutako gazte baten hilketaren susmagarri nagusia da. Nahiz eta epaitua izan, aske gelditu zen. Bi urte geroago, froga eta datu berriak agertuko dira. Ruben Bevilacqua sarjentua eta Virginia Chamorro kaporala izango dira orain ikerketa berriaren arduradunak. Gomerara heldu bezain pronto, amodio debekatuak eta ustelkeria batzen dituen dituen istorio nahasi batean murgilduko dira.

Azkenaldi honetan Espainian hain modan jarri diren thriller polizialetako beste bat dugu Lainoa eta mirabea. Deigarriena, aktore zerrenda: Quim Gutierrez, Vernoica Echegui, Aura Garrido edota Roberto Alamo. Lorenzo Silva idazlearen eleberrian oinarrituta, Andrés Koppelek zuzendutako filma kritika ezberdinak jaso ditu.

 

Bahituriak

Filmaren fitxa (euskaraz)

1983an, Georgiako familia boteretsuenen parte diren bederatzi gaztek Sobietar Batasunetik ihes egitea erabakiko dute. Helburua lortzeko hegazkin bat bahituko dutelarik. Euren herrian nagusi den komunismotik ihes egitea nahi dute eta ez dute amore emango.

Gertaera errealetan oinarrituta, Bahituriak 80ko hamarkadan Sobietar Batasunak bizitako aldaketa eta barne-iraultzen adibide on bat da. Askatasun aldarrikapena ez zen txiroen gauza bat soilik, gizarte osoarena baizik. Eta pelikula honetan hori bikain islatzea lortzen dute.

 

Beste tango bat

Filmaren fitxa (euskaraz)

María Nieves Rego eta Juan Carlos Copes Buenos Aireseko milonga batean ezagutu ziren. Maríak hamalau urte zituen, Juan Carlosek hamazazpi; 40ko hamarkadako amaiera zen. Handik aurrera beti elkarrekin datza egin zuten, ia 50 urtez. Denbora guzti horretan zehar maitatu eta gorrotatu ziren, banaketa mingarriak bizi izan zituzten, baina beti elkarrekin dantza egin zuten. Hauxe da euren istorioa.

Argentinatik heltzen den lan intimista hau dokumental eta musikal baten nahasketa da. Erdi dokumentala, erdi fikzioa, tango dantzari bikote baten bizitza kontatzeaz gain, Tangoaren indarraren aldarrikapen bat ere bada. "Aukeratu behar izan nuen, eta Tangoa hautatu nuen" esaldia film zoragarri honen definizio ezin hobe bat da.

 

Aste honetan gainera Frantzian arrakasta handia izan duen Victoriaren kasuak komedia eta Espainian filmatutako Geldialdia infernuan westerna estreinatzen dira ere. Beste estreinaldi hauen inguruko informazioa hemen aurkitu dezakezue: fitxak, trailerrak euskaraz, argazkiak,... Ondo pasa! 

 

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.