ESTREINALDIAK Uztailak 21: Dunkerque, Kontrolik gabeko gaua, Zazpi desio, Mara eta Suaren jauna,...

Zinema Uneak - 2017-07-20T21:25:48+02:00

Ostiral honetan urteko filmik onenetariko baten estreinaldia biziko dugu: Christopher Nolanen Dunkerque. Zinema belikoa %100ean. Ikusgarria hasieratik amaierara. Nolanen azken lanarekin batera komedia ero bat (Kontrolik gabeko gaua), abenturazko bat (Mara eta Suaren jauna), beldurrezko bi (Zazpi desio eta 47 metrora) eta film historiko bat (Indiako azken erregeordea) estreinatzen dira.

Zineman zein ikusiko duzuen hobeto aukeratzeko, hemen dituzue estreinaldi garrantzitsuenen daturik esanguratsuenak (informazio gehiago fitxa bakoitzean): 

 

Dunkerque

Filmaren fitxa (euskaraz)

1940an, II. Mundu Gerraren hasieran, Alemaniako gudarosteak eta Belgikan zeuden aliatuen soldaduek Dunkerquen topo egin zuten. 300.000 soldadu aliatu Britania Handira ebakuatu behar izan ziren Nazien garaipena zela eta. Mota ezberdineko ontziak soldaduak laguntzen saiatu ziren, baina Alemaniak ez zuen batere erraz jarri.

Urteko filmik onena ez dago besterik esaterik. Christopher Nolan zuzendariak zinema belikoaren generora iraultza ekarri du. Teknikoki, atal guztietan, bikaina. Kontaketaren denbora bikain landuz, Britaniar gudarosteak jasandako porrotik handienaren kronika hau bikaina da lehen segundutik amaierara arte.

 

Kontrolik gabeko gaua

Filmaren fitxa (euskaraz)

Jess, Alice, Frankie eta Blair unibertsitatean lagun egindako lau emakume dira. Hamar urte pasa ondoren, laurak Miamin berriro batuko dira Jessen ezkondu aurreko agurra ospatzeko. Beraiekin batera Pippa egongo da, Jessen lagun australiarra. Miamiko hondartza aurrean lortu duten etxe ikusgarrian, beren bizitzako astebururik eroena pasatzea espero dute. Baina dena hankaz gora jarriko da stripper bati deitu eta ezuste batean hiltzen denean. Orain gorpuarekin zer egin erabaki beharko dute.

Scarlett Johansson, Jillian Bell, Zoë Kravitz, Ilana Glazer eta Kate McKinnon komedia ero eta dibertigarri batean. Biharamuna Las Vegasen ekoizpena ekarriko digu burura hasieran, baina lan propio bat dela argi utziko du azkar azkar. Topiko asko baino ondo erabiliak, ondo pasatzeko aukera ona.

 

Zazpi desio

Filmaren fitxa (euskaraz)

Clare Shannon 17 urteko gazte bat da. Meredith eta June, bere lagunekin, institutua infernu bat balitz bezala bizi du. Aitak jabearen desio guztiak beteko dituela inskripzioa duen musika-kaxa bat oparitzerakoan, galtzeko ezer ez duela uste izango du. Clairek lehen desio bat eskatu eta beteko da. Egia ote al da kaxa misteriotsu horren inskripzioa?

"Kontuz ibili deseatzen duzunarekin" lemapean ohiko beldurrezko film batekin topo egiten dugu. Desioen alde ilunaren inguruko istorio bat, non ezer ez da dirudiena. Beldurrezko zinemaren zaleen gozamenerako.

 

Mara eta Suaren jauna

Filmaren fitxa (euskaraz)

Mara eskolan arazoak dituen gazte bat da. Bere ama ezkongabea esoterismoan murgiltzen hasiko da. Mararen, aldiz, helburu bakarra neska gazte arrunt bat izatea da, hala ere laster jakingo du helburu hori ezingo duela bete jainko, heroi eta munstro zaharrekin amesten hasten denean. Antzinako mitologia irakasle baten laguntzarekin "Jainkoen gainbehera" heltzear dagoela eta mundua salbatu dezakeen pertsona bera dela iragarriko du. 

Alemaniatik heltzen da gazteei zuzendutako abentura film hau. Helburu didaktiko argia duen lan honen zuzendaria Tommy Krappweis da, Mararen liburuen idazlea ere. Ez du Hollywoodeko lanen zirrara, baina entretenigarria da.

 

Aste honetan gainera Indiako azken erregeordea eta 47 metrora lanak ere estreinatzen dira. Beste estreinaldi hauen inguruko informazioa hemen aurkitu dezakezue: fitxak, trailerrak euskaraz, argazkiak,... Ondo pasa! 

 

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.