Euskal Zinema Berria - I. atala

Aratz Arregi - 2017-03-27T12:32:00+02:00

Donostiako Zinemaldiko azken edizioan Iratxe Fresnedak Irrintziaren Oihartzunak (2016) izenburua daraman dokumentala aurkeztu zigun. Mirentxu Loyarte (Iruñea, 1938) zinemagileak erbestealdian izandako bizipenak jasotzen dituen lan interesgarria da. Loyarte, Euskal zinean aintzindari izan zen Irrintzi (1978) laburmetraiari esker lehen emakumezko zuzendaria izantearren. Martxoan zehar dokumental honen zenbait emanaldi eskeini(ko) dira: Donostia, Ataun, Iruñea eta Bilboko Loraldia Festibalean (martxoak 30).

 

 

Azken urteotan Euskal Herriko zinemagileen sorkuntza modu ederrean loratu da. Hau ikusirik, 2015. urtean Donostiako Zinemaldiak Euskal zinemaren lehen sail ofiziala sortu zuen: Zinemira, hain zuzen ere. Bertan, 17 luzemetrai aurkeztu ziren Euskal zinema osasuntsu zegoela frogatuz. Dibulgazio lanetan ordea, asko geratzen da oraindik.

Hau honela, atzera begirada azkar bat egitea beharrezkoa da etxean dugunaz jabetu eta euskarazko zineman aniztasuna ere badugula ikusteko.

 

 

Dokumentalak abiapuntu bezela hartuz Euskal pilota: larrua harriaren kontra (Julio Medem, 2003) izan zen aro hau ireki zuena. Zeresan eta ikusmin handia piztu zuen baina garaiko dokumentu bezala gogoratuko da, testigantzak modu librean jasotzearren. Egia da genero honetan gatazka eta eztabaida uztartu direla askotan, Barrura begiratzeko leihoak (EEAA, 2012) eta Asier eta biok (Aitor eta Amaia Merino, 2013) filmeetan esaterako. Zentzu honetan Jose Martinezen ekarpena aipatzekoa da Itsasoaren alaba (2009), Sagarraren denbora (2010), Debekatua dago oroitzea (2010) eta Gure sor lekuaren bila (2015) lanetan. Era berean, Ander Iriarte eta Jon Maia eztabaidara luzatzen saiatu ziren Gazta zati bat (2012) eta Echavarriatik Etxeberriara (2014) lanetan erakusten zuten Euskal gizartearen bilakaeragatik.

 

 

Hala ere, berriki izan dira entzute handiko dokumentalak politikatik kanpo. Fermin Muguruzak musikaren inguruan ekoiztu dituenak (Zuloak famatua edo Checkpoint Rock), Asier Altunaren Bertsolari (2011), Gorka Bilbao eta Nacho Reigen AEB-ko artzaien inguruan Amerikanuak (2009), Iñaki Peñaren doluari buruzko Aulki hutsak (2013) eta Pablo Iraburu eta Migueltxo Molinaren Pura Vida (2012), Himalayan gertaturiko erreskate baten gainean.

 

 

Azken urteotan hiru pelikula izan dira, nire ustez,  gure zinea maila gorenera eraman dutenak. Batetik, Asier Altunaren Amama (2015). Belaunaldi talka tradizioa eta modernitatea kontrajarririk, guztia Euskal baserri giroan kokatua eta bere ixiltasunean hitz egiten duen amonaren begietatik kontatua. Sinboloak, poesia eta ohiturak ezin hobeto batu zituen lan honetan. Nork esango zuen Aupa Etxebeste! (2005) komedia herrikoia egin zuenak honelako aldaketa erakutsiko zuenik. Altunaren azken lana Donostia 2016 iniziatibak bultzaturiko Kalebegiak (2016) pelikula kolektiboa da.

 

 

Bestetik, Jose Mari Goenaga eta Jon Garañoren Loreak (2014). Emozioz jositako drama intimo eta dotorea, hiru emakumeren barne begirada bat loreak aitzakia (edo konexio) bezela hartuaz. Zuzendari hauek emakumeekiko sentsibilitate berezi bat zutela aurreatu ziguten 80 egunean (2010) lan ausartean. Egun, Garaño eta Aitor Arregi (“Loreaken” gidoi lanetan ibili zen eta Lucio dokumentala zuzendu zuen Goenagarekin, besteak beste) Altzoko Handiaren gaineko filma amaitzen dabiltza Moriarti ekoiztetxearen laguntzaz. Aundiya izenburupean aurkeztuko da.

 

 

Azkenik, Mireia Gabilondoren Amaren eskuak (2013) ere nabarmentzekoa da entzute handirik lortu ez zuen arren. Karmele Jaioren eleberrian oinarriturik ama eta alaba baten erlazio konplexuan murgiltzen da, iraganeko mamuak eta bizitzak jartzen dizkigun frogak gainditzearen erronkaz mintzatuz. Gabilondo ondo moldatzen da kamara atzean, artifizio gabe eta emozioen berotasunean oinarrituz. Aurrez beste eleberri famatu bat eraman zuen zinemara Fernando Bernuesen laguntzarekin, Joxean Sagastizabalen Kutsidazu bidea, Ixabel (2006). Altunaren kasuan bezalaxe komedian egin zituen lehen pausoak ur-haunditan arrakastaz sartu aurretik. Tartean, Mugaldekoak (2010) gerra zibilaren kronika sinatu zuten telebistarako, urte hartako Zinemaldian erakutsi zuten arren eta arestian aipaturiko Barrura begiratzeko leihoak dokumentalean parte hartu zuen. Jarraitu beharreko norbait zalantza gabe.

 

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.