Euskal Zinema Berria - II. atala (eta azkena)

Aratz Arregi - 2017-04-03T17:29:00+02:00

Zerk ezberdintzen du gure zinema atzerrian egiten denarekiko? Euskal zinemak ba al du bere identitatea? Argi dago hizkuntzak, tradizioak, kulturak eta gure historiak nortasun bat ematen diola. Horregatik, Euskal Herrian ekoiztu den eta lan talde euskalduna duen lan oro Euskal zinematzat hartu daiteke. Bestetik, badira euskal artista ugari hemendik kanpo lanean eta tarteka Euskal Herrira itzultzen direnak.

Ezin dugu zinema industria bati buruz hitz egin ordea. 80. hamarkadako loralditik hainbat lan bideratu dira diru laguntzei eta erakundeen babesari esker. Hala ere, aurreko urtean Espainiako Kultura Ministerioak diru laguntzen araudi arautzailean egindako aldaketak salatu ziren, izan ere, kaltetuenak euskaraz eta beste hizkuntza “gutxituetan” egindako pelikulak izango direla aurreikusten da.

 

 

“Euskal Zinema Berria” goian aipatzen ditudan modalitate guztien erakusleiho bikaina da. Koldo Serra zuzendari bilbotarraren lanak koprodukzioak dira, gaztelaniaz eta ingelesez, baina Euskal lurrak eta Euskal gaiak erabiltzen ditu atzerriko eta bertako aktoreak tartekatuz. Bosque de sombras (2006) Artikutzan errodatu zen eta Gernika (2014) berriz, Artziniega, Gaztelugatxe eta filmari izena ematen dion herrian. Alex de la Iglesia (Las brujas de Zugarramurdi), Julio Medem (Kalebegiak errodatzeko Euskadira itzuli zen) edo Montxo Armendarizen (No tengas miedo) kasuak ere antzekoak dira.

Alberto Gorritiberea gasteiztarra telebista eta dokumentalak zinemagintzarekin uztartu ditu. Bere bi lanek, Eutsi! (2007) eta Arriya (2011), euskal kulturan errotutako tradizioak (apustuak, aldarrikapenak) ederki islatzen dituzte. Bakoitzak bere modura, beti ere.

 

 

Oro har eta salbuespenak salbu, drama da genero nagusiena egun. Pablo Malo donostiarrak zuzendari berri onenaren Goya saria irabazi zuen 2005ean Frío sol de invierno lanagatik. Bere hurrengo ekarpenak, zein baino zein zirraragarriagoak, La sombra de nadie (2006) eta Lasa eta Zabala (2014) izan ziren, azken honekin ikusmin eta arrakasta handia lortuz. 

Mikel Ruedak bere bi lanetan gai zailak erabili ditu, Izarren argia (2010), Saturrarango kartzelako matxinada eta Izkutuan (2014), etorkinen eta homosexualitatearen inguruan. Ander (2009) ere sexu identitatearen gaineko hausnarketa da, baina baserri giro batean. Lara Izagirre Un otoño sin Berlín-en (2015) jendearen izaera eta errealitatea onartzeaz ari zaigu, Dragoi ehiztaria (2012) lanak euskaldunak latinoamerikako gerrillan egon zireneko garaia gogora ekartzen du…

 

 

Komediara jotzen badugu hiru izen aipatu behar dira: Telmo Esnal, Patxo Telleria eta Borja Kobeaga. Lehenak Aupa Etxebeste! Asier Altunarekin egin ondoren, bere bakarkako lehen komedia (beltza) errodatu zuen: Urte berri on, amona! (2011), Kontxu Odriozola handiaren agurra izango zena. Bigarrena, aktore bezala aski ezaguna, Hodeiak pintatzeko makina (2009) eta Bypass (2012) lanekin zuzendari bezala aurkeztu zuen bere burua, eta Igelak (2016) komedia musikal jostagarriaz aire berriak ekarri zituen gure aretoetara. Kobeaga “Vaya Semanita” telesailari esker egin zen ezagun eta bere arrakastarik handiena Ocho apellidos vascos (2014) da (gidoilari bezala aritu zen bertan). Zuzendari bezala zenbait lan eskaini dizkigu: Pagafantas (2008), No controles (2011), Negociador (2014) eta Kalebegiak (2016) proiektuaren atal bat. Guztiak gaztelaniaz baina euskal aktore eta eremuetan eginak.

Adaptazioez hitz egin dugu aurrez, baina iturria erreferente bat denean erronka ere areagotu egiten da. Bernardo Atxagaren obra ez da batere erraza, baina Montxo Armendarizek Obaba (2005) eta Imanol Rayok Bi anai (2011) lanetan ondo islatu zituzten asteasuarraren ikonografia eta bitxikeriak. Presioa handia zen, izan ere bi kontakizun hauek oso maiteak dira. Anjel Lertxundiren Zorion perfektua (2009) Jabi Elortegik egoki moldatu zuen, bere denbora jauziak errespetatuz. Dolores Redondoren trilogiaren lehen zatia, El guardián invisible (2017), euskaldunak ditu bere lan taldean eta Baztan eta Bertizen filmatu zen, baina atzerriko merkatuan saltzeko gaztelaniaz planteatu da.

 

 

Aurten, Sagardoa bidegile, Chillida. Esku huts, Nueva York. Quinta planta, Markak eta  El fin de ETA dokumentalez gain, Iñaki Dorronsororen Plan de fuga, Igor Legarretaren Cuando dejes de quererme eta aurrez aipaturiko Aundiya ikusiko ditugu aretoetan.

Honaino Euskal zinemak azken urteetan eman dituen kimu berri eta berritzaileen errepaso azkarra.

 

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.