Fast & Furious: Abiadura bizian

Sara Sebastián Pérez - 2017-04-12T12:44:00+02:00

Ostegun honetan Fast & Furious sagaren pelikula berria estreinatzen da. Arraroa bada ere, izan zen garai bat non Dominic Toretto eta Brian O'Connerren izenak ezezagunak ziren, garai bat non zineman kotxe lasterketak ikustea ez zen batere normala. Garai bat non Fast & Furious existitzen ez zen.

Noiz? Ba 2001. urtea baino lehen. Urte horretan estreinatu bai zen The Fast & The Furious (Espainian, A todo gas). Hortik aurrera, zazpi jarraipen gehiago (estreinatzear dagoena kontatuz). Ia bi urtean behin pelikula berri bat. 

Emanaldi berria heldu aurretik, eta gure memoriak freskatzeko, saga arrakastatsu hau osatzen duten filmak gogoratu nahi izan ditugu. Momentuz, zortzi. Baina etorkizunean Torettoren abentura berriak ere egongo direlaz ziur gaude.

 

The Fast & The Furious

Estreinaldi Data: 2001/10/05

Zuzendaria: Rob Cohen

Aktoreak: Vin Diesel, Paul Walker eta Michelle Rodriguez

Iraupena: 106 min.

Dominic "Dom" Toretto gidari eta konbiktu ohia kamioiak lapurtzeko hiru Honda Civic beltz gidatzen dituen talde baten buruzagia da. Beste taldekideak Jesse, Leon, Vince eta Letty direlarik. Kamioiak lapurtuz, jada 6.000.000 dolar baino gehiago lortu dituzte. Brian O'Conner taldea atxilotzeko Los Angelesko polizia eta FBIk bidalitako isilpeko agentea da. Baina Toretto eta bere arreba ezagutzeak ez du bere lana erraztuko. Abiadura, lasterketa ikusgarriak eta familia protagonistak lehen kapitulu honetan.

 

2 Fast 2 Furious

Estreinaldi Data: 2003/06/20

Zuzendaria: John Singleton

Aktoreak: Paul Walker, Tyrese Gibson, Eva Mendes eta Cole Hauser

Iraupena: 107 min.

Torettoren gertaera atzean utzi nahian, Brian O'Connerrek Carter Verone Miamiko droga-trafikatzaile handiena atxilotzeko lan egingo du. Oraingoan Roman Pearce lagun eta konbiktu ohi eta Monica Fuentes Aduana agentearen laguntza izango du. Abiadura eta haserre gehiago saga luze honen bigarren atalean.

 

The Fast and the Furious: Tokyo Drift

Estreinaldi Data: 2006/07/21

Zuzendaria: Justin Lin

Aktoreak: Lucas Black, Sung Kang, Zachery Ty Bryan eta Shad Moss

Iraupena: 104 min.

Jatorrizko protagonistak alde batera utziz, 17 urteko Sean Boswell gaztea ezagutuko dugu. Kotxe eta abiadura-zalea. Zaletasun honek sortu dizkion arazoen ondorioz, eta kartzela ekiditeko, amak Japoniara bidaliko du militarra den aitarekin bizitzera. Bertan, Han Seoul-Oh ezagutuko du, Torettoren talde berriaren kidea eta “Familiaren” kidea ere. Seguruenik saga honen filmik txarrena, baina nolabait etorriko ziren jarraipenen atea ireki zuena. Film guztiak kronologikoki antolatuta, Fast & Furious 6 filmaren amaieran kokatuta dago.

 

Fast & Furious (Fast & Furious: Azkarrago)

Estreinaldi Data: 2009/04/03

Zuzendaria: Justin Lin

Aktoreak: Vin Diesel, Paul Walker, Michelle Rodriguez eta Jordana Brewster

Iraupena: 107 min.

Hilketa mingarri baten ondorioz, Dom Toretto eta Brian O’Conner agentea Los Angelesen bat egingo dute berriro ere. Iraganeko desadostasunak konpondu gabe badaude ere (Lehenengo filmean, O’Connerrek Torettoren taldea desegin zuen), biok baino indartsuago den etsai bat geldiarazteko batera lan egin beharko dute. Jatorrizko protagonista eta aktore guztiak berreskuratu zituen lanak, zalantzarik gabe freskotasun kolpe bat izan zen saga honentzako.

 

Fast Five  (Fast & Furious 5)

Estreinaldi Data: 2011/04/29

Zuzendaria: Justin Lin

Aktoreak: Vin Diesel, Paul Walker, Dwayne Johnson eta  Jordana Brewster

Iraupena: 131 min.

Dom kartzelatik ihes egiten lagundu ondoren, Brian, Mia eta Dom berak Rio de Janeiron bizi dira poliziatik ihes egiten. Baina ihes egiteaz nekatuta daudela, euren lagun azkarrenak biltzea erabakitzen dute bertako enpresari ustel bati aurre egiteko; etorkizuna kolokan dago. Baina adi egon beharko dira, enpresari hori ez baita euren atzetik doan pertsona bakarra. Bosgarren film honekin etorkizunean garrantzitsua izango den pertsonaia berri bat aurkeztu zen: Dwayne Johnsonen Hobbs agentea. Lan honekin Fast & Furious saga handia egin zen eta bere etorkizuna amaigabea izan zitekeela argi geratu zen.

 

Fast & Furious 6

Estreinaldi Data: 2013/05/24

Zuzendaria: Justin Lin

Aktoreak: Vin Diesel, Paul Walker, Dwayne Johnson, Jordan Brewster eta Michelle Rodriguez

Iraupena: 130 min.

Azken lasterketa eta lapurretaren ostean, Familia planeta osotik sakabanatu da, etxera itzultzeko aukerarik gabe eta justiziatik ihesi. Hobbsek, nazioarteko mafia baten atzetik doala, Domen bizitza ustekabean aldatuko duen zerbait aurkituko du: Letty, betidanik maitatu duen emakumea, ez dago hilda. Mafiarekin akabatzeko eta Letty berreskuratzeko hobekien egiten dakitena egin beharko dute: kaleetan zehar emango den lasterketa arriskutsu batean irabazle atera. Helburua lortzen badute saria etxera bueltatzea izango da, emakume eta gizon aske bezala. Michelle Rodriguezen buelta suposatu zuen seigarren lan honen amaieran gure bihotzak puskatu dituzten bi desagerpena ere biziko ditugu; etorkizunera begira istorio berriak sortaraziko dituztenak.

 

Furious 7  (Fast & Furious 7)

Estreinaldi Data: 2015/04/07

Zuzendaria: James Wan

Aktoreak: Vin Diesel, Paul Walker, Dwayne Johnson, Jordan Brewster eta Michelle Rodriguez

Iraupena: 137 min.

Urte askoz ihesi egon ondoren, euren iraganak harrapatu egingo ditu. Eta mehatxu berriari ezagutzen duten modu bakarrean aurre egingo diote: abiadura bizian lasterka eginez. Estu eta larri sentitzerakoan euren bizitzak salbatu eta izenak garbituko dituen atsedenik gabeko lasterketa batean murgilduko dira. Akzioa, jazarpenak eta erritmo bizia non nahi emanaldi berri honetan. Epilogoan Paul Walkerri egindako agurra amodioz beterikoa dela ikusi daiteke, amaiera zoragarri bat.

 

The Fate of the Furious (Fast & Furious 8)

Estreinaldi Data: 2017/04/13

Zuzendaria: F. Gary Gray

Aktoreak: Vin Diesel, Dwayne Johnson, Charlize Theron eta Michelle Rodriguez

Iraupena: 136 min.

Aurreko abenturaren ostean Brian eta Mia erretiratu egin dira, eta Dom eta Letty ezkontzea lortu dute. Familia osoa lasaitasunez bizi da, emakume misteriotsu bat agertu arte. Bat batean, Toretto Cipher izeneko emakume honekin lanean hasiko da, Familiaren aurka joanez. Zergatik traizionatu du Domek bere familia? Nola lortuko dute egoerari buelta ematea? Nor da Cipher misteriotsu hori eta nola lortu du Toretto aldatzea? Ingelesez Haserretuaren Patua izenburuarekin ezagutzen den lan hau Paul Walkerren heriotzaren ondoren filmatutako lehenengo da; zein etorkizun izango du saga amaigabe honek bere protagonistetako bat falta delarik? Gure ustez, oparoa izango da; zaleek film gehiago eskatzen baitituzte urtero.

 

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.