Gabonetarako, animaziozko filmak, euskarazko azpidatziekin

Luistxo Fernandez - 2016-12-20T12:14:13+01:00
Orain zortzi urte pasatxo, 2008ko udan, abiarazi genuen Azpitituluak.com proiektua, nahi genituelako eskaini kalitatezko pelikulak bertsio originalean, eta euskarazko azpidatziekin.

Harrezkero, Azpitituluak.com indartzen joan da, gero eta jende gehiago sartu da bertan pelikulak euskaratzen, eta gaur egun erreferentziazko toki bihurtu da euskarazko azpidatzien alorrean.

Datuek horixe erakusten dute: gaur egun osotara 540 film luze daude Azpitituluak.com-en euskaratuta. Eta horietatik 37 dira animaziozkoak, gehienak publiko gazteari bideratuak. Horiek dira *collage* honetan aurkezten ditugunak. Hor jendeak denetik aurkituko du: Disney konpainiaren klasikoak, Japoniatik etorritako film ederrak, Pixar faktoriaren film esanguratsuenak, Laika eta Illumination konpainiek eginikoak, eta aurten bertan kaleratutakoak, besteak beste.
 

Pelikularik ikusienak

 
Azpitituluak.com-en badakigu gaztetxoek gustura ikusten dituztela animaziozko filmak. Hemen aurkeztu dugun sortan, hauek dira oraingoz bost ikusienak:
 

Gonbita gurasoei eta gaztetxoei

 
Azpitituluak.com webguneak altxor txiki bat dauka animaziozko filmei dagokienez, baina oraindik guraso eta gaztetxo askok  ez dakite zelako harribitxiak dauden hor, denen eskuragarri.

Beste horrenbeste esan daiteke ingelesa lantzen duten ikastola, eskola eta hizkuntza-akademiei dagokienez: oraindik askok ez dakite hor zer altxor daukaten, euren ikasleekin ingelesa euskaratik lantzeko.
 
Esperientziak erakusten diguna: 8-9 urterekin, haurrak azpidatziei kasu pixkat egiten hasten dira, eta tarteka irakurriko dituzte. 10-11 urterekin, normal irakurtzera iritsiko dira, eta gai izango dira (euskaraz zein gaztelaniaz badakite) filma bertsio originalean azpidatziekin jarraitzeko. Baina haur txikiagoekin ere, ez pentsa larria denik Totoro japonieraz edo Toy Story trilogia bertsio originaletan ikustaraztea: liluratuta jarraituko dituzte irudiak.

Denek izan beharko lukete kontuan film hauek bertsio originalean eta euskarazko azpidatziekin ikusita, gaztetxoak, ondo pasatzeaz gain —film hauetako gehienak zoragarriak baitira—, irakurketa ari direla lantzen, euskarazkoa, eta belarria ohitzen ingelesez entzutera, elementu bat oso praktikoa ingelesa errazago ikasteko, beste herrialde batzuetan frogatu den moduan: Eskandinabian, Herberehetan, Portugalen, etab.

Horregatik guztiagatik, Azpitituluak.com proiektuak gonbidatu nahi ditu guraso eta gaztetxo euskaldunak, Gabonetako oporretan gure webgunera hurbildu eta ikus ditzaten bertan dauden film ederrak.

Erlazionatutako filmak

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.