Iker Fernadez (LUPA 2017): "Arriskatzen den zinema honekin sakontzea nahi izan dugu, inperfektua baina ausarta da eta"

Lander Arteaga E. - 2017-05-11T08:00:00+02:00

Gaur hasten da X. LUPA 2017 Dokumentalen Mostra eta Topaketa. “Zakur berdearen begiradak” lemapean, beti bezala, Donostia eta Errenterian izango da, Mikelazulo Elkarteak antolatuta. Gaurtik igandera arte, Errenteria dokumentalen hiriburua bilakatuko da. Lau egunez zinemaz gozatzeko aukera ezberdin eta paregabea. 

Horregatik, eta jakiteko zer aurkituko dugun LUPA 2017an, antolatzaileetako batekin solasean egon gara, Iker Fernandezekin hain zuzen ere.

 

Ezkerrean, Iker Fernandez.

 

ZINEMA UNEAK: Hasteko, LUPA ezagutzen duen norbaiti nola azalduko zenioke zer den, zertan datza?

IKER FERNANDEZ: LUPA da dokumentalen mostra eta topaketa bat. Pelikula dokumentalak deskubritzeko aukera ematen duen mostra bat eta, aldi berean, zinema mota honen profesionalen arteko eta berain eta publikoaren arteko topaketa bat. Bi hitzetan aurkeztu behar banu, horrela egingo nuke.

 

ZU: Hamargarren edizio jada, urteurrena ospatzeko ze ekintza antolatu dituzue? Emanaldiez aparte zerbait berezirik? 

IF: Nolabait, urteurren hau ospatzeko, LUPAren espirituan sakondu nahi izan dugu eta horregatik aurtengo leloa “Zakur berdearen begiradak” da. Arriskatzen den zinema mota honekin sakontzea nahi izan dugulako, inperfektua baina ausarta den zinema bat. Urtero nahiko zakur berdeak gara, baina aurten are gehiago. Beti saiatzen gara gure buruari erronka berriak jartzen eta aurten artearekin lotura bat, konexio bat, sortu nahi zain dugu. Horretarako “Ez-Lekuak” erakusketa antolatu dugu: 13 toki non 13 artista bere sormenetik jaiotako artelan bat aurkezten duten. Jendeak espero ez duen leku batean artea topatzeko aukera izan dezan. Baita ere, larunbat gauean Aita Laburu eta Gartxoten arteko solasaldia erakutsiko digun ikuskizuna, edota hamargarren urteurrena ospatzeko jaia. Berezia izan da 10 urte betetzea eta gainera aurten antolatzaile gehiago gaudenez, guztiz eskertzekoa, apustua igotzeko aukera izan dugu.

 

 

ZU: Larunbat goizean ere, gosari berezi bat antolatu duzue. Zer topatuko dugu hara hurbiltzekotan? 

IF: Topaketa bat dela azaldu dugu, eta gosari hauek publikoa eta dokumentalak egiten dituzten zinemagileak elkartzeko aukera dira. Dokumental bat osatzeko prozesuak konpartitzeko aukera, jendeak dituen proiektua ezagutzeko eta feedback bat emateko aukera. Eskertzekoak dira halako espazioak, non autoreek bakardadetik ateratzeko aukera dute eta jendearekin euren ideiak konpartitzeko eta kontrastatzeko aukera ere badute. Aurten hiru lan aurkeztu dira eta autore, antolakuntza eta inguruko zinemagileren bat edo besterekin 20-25 pertsonako taldetxo bat elkartuko gara.

 

ZU: Aurten hamabost lan baino gehiago aurkeztuko dituzue, nola da aukeraketa prozesua? Zein irizpide edo dinamika jarraitzen dituzue zein lan ikusiko diren aukeratzeko? 

IF: Duela urte dezente deialdi bat irekitzen dugu eta autoreek euren lanak bidaltzen dizkigute. Aurten 120 lan inguru jaso ditugu. Denak jasota aukeraketa prozesua irekitzen dugu. Lehenengo hautaketa bat egiten dugu, eta bigarren fasean bakoitzak dokumental bat emateko zergatiak eta irizpideak defendatzen ditugu. Eta urte bakoitzeko irizpideak ezarritakoan aukeratzen ditugu azkenean emango ditugun lanak. Gutxi gora behera hori da bidea. 

 

 

ZU: Egun bakar batean joateko aukera duen ikusle bati, zer gomendatuko zenioke? Ba al da aurtengo edizioan beste emanaldi edo ekintzen artean zirrara handiagoa duen baten bat? 

IF: Analogia hau agian ez da oso egokia baina galdera hau ama bati zein seme-alaba gehiago maite duen galdetzea bezalakoa da. Beti ziur gaude aukeratutako edozein lan interesgarria eta erakargarria dela. Oso zaila da bat aukeratzea oso ezberdinak direlako, baina aldi berean balio propio bat dutelako. Hala ere, larunbatean joateko proposamena luzatuko nuke; gauean Gartxot eta Aita Labururen arteko solasaldi oso berezia delako. Aita Labururen hainbat irudi lehenengoz ikusiko dira eta Gartxotek hauek musikatzeko egin duen lana ere ikusgarria delako. Ziur nago mereziko duela, baia Gartxot bai Filmotekak egindako lana bikaina delako.

 

ZU: Ze espero duzu aurtengo edizioaz? Zer lortzea espero duzue?

IF: Nik espero dut urtero gertatzen dena: oso politak diren egun batzuk pasatzea, dozena bat autore pasako dira eta haiek ezagutzeko eta beraiekin egoteko aukera on bat izatea, publikoaren eta autoreen arteko solasaldiak eta tertuliak beti bezala interesgarriak eta aberasgarriak izatea,... Egin luzeak eta neketsuak dira, arduraz beteta, baina denok oso ondo pasatzea eta zinemaren inguruko gure ideiak elkar banatzeaz gozatzea espero dut. Halako zinemaren inguruko barnetegi bat da, oso polita.

 

 

ZU: Eskerrik asko eta Zinema Une zoragarriak pasa egun hauetan.

IF: Eskerrik asko zuei.

 

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.