Gaur egungo zinema: Jarraipen berantiarrak

Aratz Arregi - 2017-02-19T12:50:00+01:00

Datorren urriaren 6an Blade Runner 2049 (Denis Villeneuve, 2017) iritsiko da gure  zinemetara, 35 urte beranduago ekoiztu den Ridley Scotten maisulanaren jarraipena. Galdera asko daude proiektu misteriotsu honen inguruan. Jatorrizko pertsonaiak errespetatuko ditu? Bere unibertsoa aurrekariekin koherentea izango da? Aurrekoak bezala estetika propioa izango du? Vangelisen soinu banda burutik kenduko digu?

Egia esan, baikorrak izateko arrazoiak ditugu: Denis Villeneuve zuzendariaren ibilbidea txukuna da (Incendies benetan lan ausarta da). Gainera zientzia fikzioa ezagutzen du: Arrival bere azken filmean, genero hori jorratu zuen. Oraingoz proiektu fidagarri baten aurrean gaudela esan daiteke. Baina arrakasta bermatua dago beranduegi egiten diren jarraipenetan? Ez eta bai. Goazen adibide batzuk ikustera.

 

 

Harrison Ford adibide gisa hartuta, argi dago pertsonaia batzuk hobe dela bakean uztea. Rick Dekkard izango da berriz Blade Runner berrian. Indiana Jones (Indiana Jones and The Kingdom of the Crystal Skull) eta Han Soloren (Star Wars: The Force Awakens)  azalera berriz itzultzea ordea, askok ez dute  begi onez ikusi, batez ere pelikulen emaitza artistiko kaskarra ikusirik.

Tron (Steven Lisberger, 1982), efektu digitalak erabili ziren lehen filmetako bat da. Garai haietan ordea oso mugatuak ziren teknika hauek eta proposatzen zuena ez zen batere arrunta. Porrot handia izan zen. 28 urte beranduago Tron: Legacy (Joseph Kosinski, 2010) egin zuten digitalki gazteago zen Jeff Bridges batekin eta efektu berezi modernoekin. Hala ere, Disneyk ideia hura ez zuen ondo bideratu.

 

 

Peter Bogdanovich ere bere lan onenaren jarraipenarekin ausartu zen. The Last Picture Show (1971) ordea ezin zen kopiatu. Maisulanak ezin direlako berridatzi. Texasville (1990) pelikula hartako pertsonaien begirada gaurkotu bat zen, baina ez zuten ikuslearengan arrasto berdina utzi (orain argazkia koloretan, zurik beltzak sortzen zuen nostalgia gabe).

Coppolak The Godfather III (1990) amaitu zuenean ere dendora gehiegi pasa zen. Eta hori nabari zen azken emaitzan. Lehen bi zatiak egin zirenean (70. hamarkadan) sortu bazen emaitza hobeak izango al lituzke? Zalantza geratuko zaigu. Hala ere, Oscarretan hainbat izendapen lortu zituen eta esan beharra dago Al Pacinoren interpretazioa maila onean zegoela.

Scorsese ere tentazioan erori zen The color of money (1986) onartu zuenean. Paul Newman The hustler (1961) filmean egiten zuen pertsonaiara itzuli zen eta Oscarra irabazi zuen. Filma berriz, aspergarria eta lardatsa,  ez du ia inork gogoratzen.

 

 

The Blues Brothers (1980) izugarrizko arrakasta izan zen, eta John Landisek uste zuen erreza izango zela berriz ere  errepikatzea. Blues Brothers 2000 (1998) egin zuenean kritikak eta publikoak birrindu egin zuten eta Landisen ibilbidea ia amaitutzat eman zen.

Eztabaida handia sortu zuen jarraipen berantiar bat Psycho 2 (Richard Franklin, 1983) izan zen. Filmen egileei ez zieten inoiz barkatu Hithcocken materiala 23 urte beranduago berrerabiltzea, ezta Anthony Perkins berari ere (!!!).

 

 

Kasu berezi bat The Wizard of Oz (Victor Fleming, 1939) da. Bere garaian jarraipen bat egiteko zenbait saiakera egin ziren. 46 urte beranduago Disney izan zen ideia aurrera atera zuena eta honela Return to Oz (Walter Murch, 1985) ekoiztu zuen. Zoritxarrez, porrot handia izan zen eta denbora batera soilik onartu ziren bere ekarpenak.

Oliver Stonek garbi zuen Wall Streetera itzuli nahi zuela. Wall Street: money never sleeps 2010ean iritsi zen eta protagonista berdina zuen arren (Michael Douglas) Stone ez zen batere fin aritu.

Zorionez Kubrick edo Verhoeven ez ziren dinamika horretan erori beraien arrakasten jarraipenak egin zirenean. 2010 (1984) eta Basic Instinct 2 (2006) ez zuten aurrekoak zuten nortasunik.

 

 

Batzuetan jarraipenak baino prekuelak egiten dira urte dezente pasatzean. Zenbait adibide garbi: Prometheus (Ridley Scott, 2012), The Thing (Matthijs van Heijningen, 2011), Star Wars: The Phantom Menace (George Lucas, 1999) eta The Exorcist: The Beginning (Renny Harlin, 2004).

Arrakasta itzela izan den jarraipen berantiar ezagunena agian Mad Max: Fury Road (George Miller, 2015) da. Akzio eta abenturazko lan borobila, guztion onespena lortu duena eta Millerrek benetan esperientzia gogoangarria bilakatu duena.

 

 

 

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.