Gaur hasten da Zinema Gaur programaren bigarren edizioa, “María y los demás” filma proiektatuz

Zinema Uneak - 2017-05-08T09:09:12+02:00

Montehermosok ohikoaz bestelako zinemari buruzko “Zinema Gaur” programaren bigarren edizioa hartuko du. Filmen proiekzioen, performance-en, lantegien eta ikastaroen bitartez beste zinema horrekiko interesa eta jakin-mina piztu nahi ditu.

Garbiñe Ortegak —sektorean itzala lortu duen gasteiztarra— koordinatu du programa. Lehen edizioan arrakasta lortu zuelarik, oraingo berritasun nagusia da zikloa bitan banatuko dela, udaberrian eta udazkenean jarduera-multzo bana egiteko asmoz.

Udaberrikoa gaur hasiko da, 19:30ean, Nely Regueraren “María (y los demás)” filmarekin. Mariak ez du amarik, eta beti zaindu ditu aita eta anai-arrebak. Arduratsua eta kontrolatzailea, beti izan da familiako zutabea eta horretaz harro sentitzen da. Horrexegatik, aitak bere erizain sinpatikoarekin, Cachitarekin, ezkonduko dela esaten dionean, Mariak mundua erortzen zaiola sentitzen du.

Zinema Gaur zikloaren udaberriko atalak maiatzaren 8tik ekainaren 26ra arte iraungo du. Programak proiekzioak, lantegiak eta beste jarduera batzuk barne hartzen ditu, gainerako berritasunekin batera.

 

ZINEMA ESPAZIOA - Errealitatearen tolesturak, zinema garaikidearen fantasiazko joerak. Maider Oleagak gidatuta.

 

Fantasia-zinemaren etiketak hainbat genero osatzen ditu oro har (zientzia fikzioa, izua, naturaz gaindikoa...), baina horietaz haratago, lantegi honen helburua zinema garaikidean joera bat markatzen duten tarteko bide batzuk aztertzea da. Film horiek fantasiazko ezaugarriak eta elementuak erabiltzen dituzte errealitate anitza, konplexua, antzeman ezina, beste alde horretara daramatzaten igaro bidez, eta tolesturez beterik.

Maider Oleagak honako dokumentalak idatzi eta zuzendu ditu: Iragan Gunea Berlin (2016), Esperanza (Bolivia, 201), Amaren ideia (Mexiko, 2010); eta fikziozko honako laburmetraiak: Sitios prestados al aire (Mexiko, 2010), En coincidencia (Espainia, 2003) eta Sarah.Zuri begira (Espainia, 2001) Gaur egun Ira 26-2 luzemetraiaren produkzioa ari da prestatzen. Proiektu honek 2014an Eusko Jaurlaritzaren Zinemarako gidoiak sortzeko laguntzak jaso zituen, eta 2015ean, Tabakalerak antolatutako IKUSMIRA BERRIAK izenekoaren lehenengo ediziorako hautatu zuten.

Plaza mugatuak
Izena-ematea: tel. 945 161 830, info.montehermoso@vitoria-gasteiz.org

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.