Gorka Sesma, Pixi Post filmaren zuzendariarekin, solasean

Zinema Uneak - 2016-12-27T17:30:00+01:00

 

Zinema Uneak: Hasteko, nola aurkeztuko zenuke ostiralean estreinatu duzuen film berria: Pixi Post eta Opari-emaileak?

Gorka Sesma: Munduko jeinu guztiak ezagutzeko aukera ematen diegun Gabonen inguruko film bat da Pixi Post. Jeinu guztiak biltzean, bat falta dela konturatuko dira (Japoniako Gabonetako jeinua) eta ez dakite zergatik. Atzean maltzur bat dabilenaren susmoa dute, eta elfa bat aukeratzen dute gizakien mundura joan dadin zer gertatu den ikertzeko. Hemendik abiatuz, abenturaz beteriko pelikula bat hasiko da non Pixi Postez gain Bilboko mutiko bat ere ezagutuko dugu. Hortik aurrera, abentura eta ondo pasatzea.

 

ZU: Hau ez da zuzendu duzun lehenengo pelikula, ezta?

GS: Ez. Aurretik egin nuen Gabonen inguruko beste pelikula bat, baina kasu horretan Olentzero bakarrik zegoen: Olentzero eta oparien ordua, Baleukorekin. Baleukok egin dituen Olentzeroren inguruko filma ia guztietan lanean ibili naiz hainbat ardura ezberdinekin. Gabonen inguruko pelikulak ez dira berriak niretzako.

 

 

ZU: Baina Gabonen inguruko pelikulak egitea arrazoi zehatzen bat du edo hala suertatu da nahigabe?

GS: Oraingo honetan beste ikuspuntu bat eman nahi genien Gabonen inguruko istorioa hauei. Hau ez dela gurean soilik, gure Olentzerorekin bakarrik, gertatzen den istorioa erakutsi nahi genuen. Mundu osoan zehar holako jeinuak daudela erakutsi nahi genuen.  Dibertsitatea eta ezberdinak izatearen aberastasuna aldarrikatu nahi genuen, eta hori izan zen hau egiteko bultzada.

 

ZU: Teknikoki ere ekoizpen berritzailea bat. 3D animazioa baina itxura klasiko batekin.

GS: Horretan saiakera handia egin dugu gure hizkuntza propio bat lortzeko nahian. Eta lortu dugula uste dut. Estatu Batuetatik heltzen zaigun 3D irudi estandarizatutik ezberdindu nahi genuen gure lana. Hau beste zinema mota delako berezi nahi izan genuen. Beraiek bikain egiten duten teknika horietan sartzea ez zeukan zentzu handirik, eta Mikel Louvelli, zuzendari artistikoak, gora eta behera ibili zen hamaika froga egiten. Kostu arrazoiengatik 3Dn egin nahi genuen (2Da eskuz egin behar da eta oso garestia da), baina kutsu berezi bat eman nahi genion; 2 dimentsioko puntu edo itxura hori aurkeztuz. Nire ustez, bilatzen genuen originaltasun hori, pixka bat, lortu dugu.

 

ZU: Jatorriz euskalduna den ekoizpen bat, baina ingelesez filmatutakoa. Nola lortzen da nazioartekotasun hori 

GS: Gehien bat, munduko pertsona eta ekoiztetxe ezberdinekin lan egin dugulako. New Yorken grabatu genituen aktoreen ahotsak eta hortik hasi ginen lanean. Hasieran Alemaniako ekoiztetxe batekin, gero belgikar batzuekin, eta, azkenean, Kolonbiako ekoiztetxe batekin egin dugu. Lehenengo gidoiak eta gure ahotsekin egindako lehenengo frogak euskaraz izan ziren, baina gero lanerako ingelesa aukeratu zen. Filma, ahal ere, gero bikoiztu da bai euskara baita gaztelerara ere.

 

 

ZU: Azkenean, Kolonbiako Digitz Filmsekin egin duzue lan. Nola izan da esperientzia hori? Nola antolatu zarete nazioarteko ekoizpen bat egiteko?

GS: Kolonbiarrekin, hizkuntza aldetik ondo ulertzen ginen. Baina hor egon dira bai lanerako modu, kultura eta ordutegi ezberdinak. Eta hor egon da eguneroko lanaren zailtasuna, gehien bat ordutegi ezberdinengatik. Guk hemen eguna amaitzen genuenean, haiek berea hasten zuten. Beti, ia, 24 orduko atzerapen batekin ibiltzen ginen, eta hori zen zailtasun handiena. Baina ondo konpondu gara azkenean. Batzuetan erabaki azkarrak hartu nahi genituenean, kostatzen zen zentzu horretan. Baina animazioa pausoz pauso, pixkanaka pixkanaka, geruzaz geruzaz egiten den zerbait denez, ondo konpondu gara.

 

ZU: Zein uste duzue izango dela ikusleen harrera? Nola hartuko dute halako ekoizpen ezberdin bat?

GS: Nahiko genuke harrera oso ona izatea. Argi dago (barreak). Hori da pentsatzen duguna lanean gaudenean: hau funtzionatuko du, hau umeei gustatuko zaie,… eta espero dugu hala izatea. Interesgarri dela uste dut eta Gabon garaia honen inguruko film bat izanik, eta gauza berriak erakusten dituena gainera, eta euskaraz ikusteko aukerarekin,… nik uste dut badaudela gurasoek seme-alabak zinema-aretoetara eramateko arrazoi nahikoak, ezta? Eta espero dugu harrera ona izatea. Zenbakietan ez dakit zehaztea, baina funtzionatzea.

 

 

ZU: Gurasoak aipatu dituzu. Pixi Post umeek bakarrik gozatuko duten abentura bat da edo familia osoaren gustukoa izango da? 

GS: Nik uste dut familia osora zuzendutakoa dela. Helduek erraz harrapatuko dituzten hainbat mezu daude, eta interesgarriak direnak beraientzat ere. Gero, gainera, umeekin hitz egiteko balioko dutenak: kontsumismoa, uniformetasuna, monopolioa,… Agian, umeek abenturarekin geldituko dira eta helduek mezu hauekin. Hori bai, gero, bien artean dena partekatzeko aukera izango dute. Printzipioz, 4-9 urte bitarteko umeentzako pentsatu genuen filma, Gabonetako magia bizi duten txikientzako. Baina azkenean familia osoak gozatu dezake.

 

ZU: Amaitzeko, nahi baduzu, bota gonbidapen bat Pixi Post ikustera joan gaitezen.

GS: Istorio ezberdin bat aurkituko duzue, aberatsa dela Munduko Jeinu guztiak ikusteko aukera izango duzuelako, eta hori oso interesgarria dela uste dugu. Ez dugu inoiz ikusi Santa Claus, Olentzero, Errege Magoak eta besteak beraien artean nola antolatzen diren; eta mundu hori ikustea ere oso interesgarria izan daiteke. Eta, gainera, euskal pelikulek jendearen babes hori behar dutelako ere. Oporretan gaudela, ordu eta erdiko ikustaldia gozatuko duzuela.

 

 

 

Erlazionatutako filmak

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.