#GoyaSariak: Pedro Rivero "Psikonautak filmean nerabezaroaren parabola bat proposatzen dugu"

Lander Arteaga E. - 2017-02-02T16:59:00+01:00

Euskal Herria eta Galizia artean ekoiztutako lan bat dugu gaurko #GoyaSariak artikulu-sortaren protagonista: Psikonautak, ume ahaztuak.

Animaziozko film luze honen zuzendariak Pedro Rivero euskalduna eta Alberto Vazquez galizarra (Birdboy, Adarbakarraren odola) izan dira. Filma hobeto ezagutzeko eta Goya Sarien banaketari begira espero dutenaren inguruan gehiago jakiteko Pedro Riverorekin solasean egon gara.

 

 

Zinema Uneak: Hasteko, nola azalduko zenioke filma ezagutzen ez duen pertsona bati zer den Psikonautak? Nola definituko zenuke zure pelikula? 

Pedro Rivero: Lehenik eta behin, “Psikonautak, ume ahaztuak” genero fantastikoko pelikula bat da; non andeatuta dagoen ingurumen bati aurre egin behar dieten protagonisten bitartez nerabezaroaren parabola bat proposatzen dugun. Pertsonaiak umeei zuzendutako telesail batetik ateratako animaliatxoak badirudite ere, bizi eta sentitzen dutena ez da haurrak sentitu eta bizi dezaketena; euren sentimenduak gaur egun bizi dugun munduarekin harreman estua dute. 

ZU: Psikonautak Goya irabazledun Birdboy film laburraren “anai handia” dela esan genezake. Zergatik erabaki zenuten film laburra luzea egitea? Nola izan da prozesua?

PR: Filma izenburu berdineko komiki batean oinarrituta dago, eta hasieratik film luze bat egitea izan zen gure helburua. Baina umeei zuzenduta ez dagoen animaziozko ekoizpen bat martxan jartzeko behar den finantzaketa eta diru hori lortzeko sortzen diren arazoak ezagututa, pertsonaia berdinak eta antzeko istorioa lantzen duen Birdboy film laburra egitea erabaki genuen. Lan hau frogak egiteko eta, azken finean, balizko film luze baten erakustoki bezala ere balio izan zigun. Gainera, gure buruei halako lan bat amaitzeko kapaz ginela erakustea poztasun handi izan zen.

 

 

ZU: Psikonautak zure bigarren film luze honetan (lehenengoa 2008ko Krisialdi karniboroa – La crísis carrívora izan zen) Alberto Vazquezekin banatzen dituzu zuzendaritza ardurak (Birdboy film laburrean bezala). Zein izan da zuzendaritza partekatua aukeratzeko arrazoia? Nola adostu dituzue erabakiak? Kasu honetan, zu Euskal Herrian eginda eta Alberto Galizian… distantzia arazo bat izan da?

PR: Albertok, komikiaren egilea den heinean, zuzendaritza artistikoan zer esan asko zuen eta hori ikusita biok zuzendari lanetan jardutea proposatu nion; gu bion artean inongo hierarkiarik gabe. Argitu beharrekoa da, animaziozko film luzeetan zuzendaritza partekatua ohikoa dela aurre-produkzioak irauten duen urte luzean zeregin asko koordinatu behar direlako eta horrela landu beharreko esparru ezberdinen ardura banatzeko aukera dagoelako. Gure kasuan, betidanik komunikazioa oso ona izan da eta, gainera, animazioaren ekoizpenaren garaian ni, eta produkzio talde osoa, Galiziara mugitu ginen. Ondorioz, urte batez ere elkarren ondoan lanean ibili gara.

ZU: Zure ibilbide osoa animazioarekin lotuta egon da. Nola sortu zen harreman hori? Zein berezitasun ditu animaziozko zineman lan egiteak? Noizbait aktoreekin lan egitea pentsatu duzu?

PR: Animazioarekin dudan lotura nire jatorrietatik dator, nire lehenengo urratsak komiki marrazkilari bezala izan bai ziren. Marrazkilaria izanik animaziora pasatzea urrats natural bat bezala ikusten da, eta nira kasuan, are gehiago, animazioa oso gustuko bai nuen. Ondoren, animatzaile moduan lanean hasi eta gutxira gidoilari lanetan ere hasi nintzen. Betidanik gustura sentiarazi nauen mundu bat da animazioa, eta sortzaile giza, beti pentsatu dut koadro zuri bat bezalako dela; non askatasun osoz, eta irudien bitartez, edozein ideia moldatu dezakezu. Eta aktoreekin lan egitearen inguruan, ez dut inoiz erronka baten moduan ikusi. Antzerki eta Zinemarako gidoiak idatzi ditut ere (horietako bat datorren udazkenean filmatuko dena), ez zait inoiz burutik pasa horiek zuzentzea. Nire ustez, modu honetan kontatu beharreko istorio bat edukitzea da gakoa. Une honetan, irudi errealeko bi proiektutan murgilduta nago, eta izan liteke bietako batean zuzendari bezala amaitzea.

 

 

ZU: Psikonautak filma zinemaldi askotan ikusi da, behin baino gehiagotan garaile atera delarik (Europako Zinema sarietarako izendapen bat eta Donostiako Zinemaldian sari bat, besteak beste). Nola jaso duzue Goya sarietarako izendapena? Espero zenuten? Birdboy sari irabaztea lortu zuen, horrek presio edo ilusio gehiago sortarazten du Psikonautak inguruan?

PR: Aurtengo Goya sarietarako izendapena istorio gutxi dauka; hautagaiak ziren hiru filma bakarrak izendapena lortu dutelako. Baina hori animaziozko ekoizpen bat aurrera ateratzeak duen merituaren adibidea da soilik. Irabazteko edo ez egiteko aukeren inguruan, zinemaldi ezberdinetan izan dugun ibilbidea pelikularen kalitateaz asko esaten duela uste dugu. Baina horrek ez du ezer esan nahi; bozketan beste hamaika faktore daude. Irabaztea poztasun handi bat izango litzateke, hori ezin dugu ukatu, baina gehien bat zinema-aretoetan biziraupen luzeago bat lortzeko balioko duela argi daukagu.

ZU: Zinemaldiak atzean utziz, Psikonautak zinema-aretoetan estreinatuko da otsailaren 24an. Zinemaldietan izandako arrakasta errepikatzea espero duzue? 

PR: Egia esanda, gure helburu bakarra da ahal den eta zinema-areto kopuru handienean estreinatzea. Ikusle guztiei zuzenduta ez dagoen ezohiko ekoizpen bat denez, argi dugu zaila izango dela aretoetan ikusgai dauden beste hainbat filmekin lehiatzea. Gure lana ikusi nahi duen orok aukera hori zinema-areto batean izatea espero dugu soilik.

 

 

ZU: Etorkizunera begira, proiektu berriren bat duzu esku artean? Zer egin nahiko zenuke?

PR: Une honetan, lehen aipatutako gidoi baten berridazketarekin nago (udazkenean filmatuko dena) eta animaziozko film labur baten aurre-produkzioa martxan jartzen ari gara (agian, etorkizunean, proiektu handiago batean hazia izan daitekeena). Bilbon antolatu nahi dugun Animaziozko Zinemaren inguruko jaialdia eta idazten hasi naizen beste proiektu batzuk ahaztu gabe. Eta etorkizunera begira, espero dudan gauza bakarra erronka berriak hasteko ilusioa ez galtzea da.

ZU: Eta amaitzeko, kontaiguzu sekretu bat: larunbatean Goya saria eskuratzen baduzue, nola ospatuko duzu? Kontatu daitekeen promesaren bat egin al duzu? 

PR: Irabazi edo ez, izendapen bat jaso dugun bakoitzean bezala beti nirekin dauden lagunekin jai bat antolatuko dut taberna batean. Nire promesa bakarra zera da: sari banaketa amaitu bezain pronto, hortik alde egingo dudala eta beraiekin ospatzera joango naizela. Hori bai, hurrengo goizean seguru nago damutuko naizela (barreak).

ZU: Eskerrik asko Pedro, eta zorte on Goya sarietan.

PR: Mila esker zuei.



Erlazionatutako filmak

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.