HBO Espainian aurkitu daitezken hamaika altxor

Lander Arteaga E. - 2016-12-13T11:35:00+01:00

 

Azken hilabetean plataforma digital berri bat heldu gurera: HBO. Bai Vodafone bitartez bai internet bitartez, ekoiztetxe estatubatuarra bere katalogo osoa gure eskuetan jartzen du. 

HBOn pentsatzen dugunean izenburu asko etortzen zaizkigu burura, eta horien artean betidanik arrakastatsuenak izan direnak: Tronuen jokoa, Sopranotarrak, Odol-anaiak (Band of Brothers), Sexua New Yorken edota Entourage. Baina hauek dira HBO Espainiako katalogoak eskaintzen dizkigun altxor guztiak? Ezta gutxiagorik ere

Artikulu honetan HBOren beste 11 altxor txiki aukeratu ditugu. Estreinatu berri duten plataforma digitalean aurkitu eta gozatu ahal dituzun hamaika telesail bikain baina, askotan, oso ezagunak ez direnak.

 

ANGELS IN AMERICA

 

Tony Kushner idazlearen Angels in America: A Gay Fantasia on National Themes antzerki-lanaren moldaketa hau 2003an estreinatu zen; guztira sei kapituluz osatutako miniserie bat delarik. Mike Nichols (Graduatua) zuzendari lanetan aritu zen eta aktore zerrenda amaigabea da: Al Pacino, Meryl Streep, Emma Thompson, Michael Gambon, Mary-Louise Parker, Jeffrey Wright edota James Cromwell besteak beste. Oscarrez beteriko ekoizpen bat. Telesailak 1985ean EEBBetan bizi diren bi bikoteen gorabeherak kontatzen ditu; Ronald Reagan presidente zelarik, IESA zabaltzen ari zela eta hainbat aldaketa sozial eta politiko bizi izan garai batean. Guztira, bost Urrezko Globo eta 10 Emmy irabazi zituen Miniserie onenaren saria eta Mike Nichols, Al Pacino eta Meryl Streepen lanak barne.

 

CARNIVÀLE

 

1929ko Estatu Batuetako Depresio Handian girotua, bi talde ezberdinen bizitza kontatzen du: munstro-zirku ibiltaria batena eta kristau-elkarte batena. Ongiaren eta Gaizkiaren arteko betiereko borroka, hautamena eta patuaren arteko lehia. Guztiz gomendagarria den altxor honek bi denboraldi izan zituen 2003 eta 2005a artean (guztira 24 kapitulu). Nick Stalh, Clea DuVall, Michael J. Anderson edota Clancy Brownek 5 Emmy sari irabazi zituen telesail honen aktore nagusiak dira. Zerbait ezberdin eta misteriotsua ikusteko aukera on bat.

   

ERROMA

 

2005ean estreinatua, ordura arte HBOk eginiko apustu handiena izan zen. John Milius (Conan), William J. MacDonald eta Bruno Hellerren (Mentalista, Gotham) ideia hau HBO, BBC eta RAI kateen arteko nazioarteko ekoizpen bat izan zen. Izan zituen bi denboraldietan zehar Erromaren eraldaketa kontatzen du: Errepublika bat izatetik Inperio bat izatera pasatzen denean. Kevin McKidd, Ray Stevenson, Ciarán Hinds eta James Purefoy izan ziren protagonista nagusiak. Guztira telesail honek 7 Emmy irabazi zituen eta Urrezko Globoetarako bi izendapen lortu zituen.

 

GENERATION KILL

 

David Simonek (The Wire), Ed Burnsek eta Evan Wrightek idatzitako telesail hau 2008an estreinatu zen, zazpi kapituluko luzerako miniserie bat izanik. 2003ko Irakeko gerran Marine konpainia baten egunerokoa kontatzen du, eta Evan Wright berak konpainiarekin bizitako gertaeretan oinarrituta dago. Alexander Skarsgård, James Ransone eta Lee Tergesen aktore nagusi bezala zituen ekoizpen honek 3 Emmy sari irabazi zituen.

 

JOHN ADAMS

 

Estatu Batuetako bigarren presidentearen bizitzan oinarrituta, miniserie honek 1770etik 1826ra arte Estatu Batuetan bizi izandako eraldaketa politikoaren kronika interesgarri bat da. Gainera, Paul Giamatti, Laura Linney eta Tom Wilkinson lanak ikusgarriak dira, hirurek Urrezko Globoa eta Emmy saria irabazi zutelarik. Proiektu honen arduraduna, gerora Erreagaren diskurtsoarekin Oscarra irabaziko zuen, Tom Hooper izan zen. 4 Urrezko Globo eta 13 Emmy dira bere aurkezpen onena. Bikaina.

 

MILDRED PIERCE

 

2011n estreinatutako telebistarako film hau Depresio Handian ere girotuta dago, oraingoan Ama eta alaba baten arteko harremana kontatuko digutelarik. Kate Winslet bikain batek Urrezko Globoa eta Emmy saria irabazi zituen Mildreden paperagatik. Berarekin batera Evan Rachel Wood, Guy Pierde eta Melissa Leo. James M. Cainen eleberrian oinarrituta.

  

SHOW ME A HERO

 

Hasieratik, David Simon idazten, Paul Haggis zuzentzen eta Oscar Isaac protagonista lanetan batzen dituen lan honek arrakastatsua izateko osagai guztiak zituen. 1986tik 1993ra New York hirian bizitako eraldaketa sozialaren kronika bat. Hiriko auzo ezberdinen artean bizi zen arraza-segregazioaren aurka borrokaren kontaketa. Aipagarriena, Oscar Isaacen lan bikaina. Merezitako Urrezko Globo bat.

 

THE KNICK

 

XX. mendearen hasieran New Yorkeko ospitale batean bizi diren berrikuntzak eta hauek medikuen arteko harremanetan duten eragina kontatzen digun telesaila bat. Steven Soderbergh zuzendari lanetan eta Clive Owen protagonista dituelarik, The Knick bi denboralditan banatutako hogei kapitulu ditu. 2015ean Clive Owenek Urrezko Globoetarako izendapen bat jaso zuen bere lan goibelagatik.

 

THE NEWSROOM

 

Sare Soziala filmarekin Oscar saria irabazi ondoren, Aaron Sorkin idazleak HBO aukeratu zuen telesailetara itzultzeko. XX. mendearen amaieran “Etxe Zuriaren Mendebaldeko hegala” lanarekin ospetsu bilakatu eta gero, The Newsroomekin antzeko eskema bat errepikatu nahi izan zuen; baino oraingoan telebistarako informatiboen erredakzio-gela batean. Kritika ezberdinak jaso bazituen ere (gehien bat hainbat kazetarik Sorkinekin zituzten tirabirengatik), telesail interesgarri (eta batzuetan bikain) baten aurrean gaude. Kazetaritzaz berriro maiteminduko gaituen lan bat. Jeff Daniels protagonista Emmy sari bat irabazi zuen 2013an telesailean egiten duen lanagatik.

 

TREME

 

2010ean estreinatua, berriro David Simonen sinadura duen lan bat dugu hau. 2005eko Katrina urakanak New Orleansen izan zuen eragin latsaren ondorioen kronika hunkigarri bat dugu. Telesail honek lau denboraldi izan zituen, eta ikusleen artean arrakasta gutxi izan bazuen ere HBOk amaiera polit bat eman zion. Sari nagusietan guztiz ahaztuta egon bazen ere, Emmy sari bat irabaztea lortu zuen. New Orleanseko kultura, musika eta egunerokoa ezagutzeko ekoizpen bikain bat.

 

WESTWORLD

HBOren azken telesail garrantzitsua. Aurten estreinatua, hasieratik Tronuen Jokoak telesailaren ondorengoa bezala ezagutu da. Michael Crichton idazle eta zuzendariak 1973an eginiko film batean oinarrituta, WestWorld izeneko parke tematiko futurista baten gorabeherak kontatzen ditu. Parke honetan bisitariek western baten barruan bizitzea nola zen esperimentatu dezakete robotez beteriko herri batean. Egunero robotak beren oroimenak ezabatzen dituzte, baina bat batean gutxi batzuk euren existentziaz ohartzen hasiko dira. Telesail honek Evan Rachel Wood, Thandie Newton, Jeffrey Wright, James Marsden, Ed Harris eta Anthony Hopkins ditu protagonista nagusiak. Izan duen arrakasta kontuan hartuta, hastear den sari garai honetako irabazleetako bat izatea espero da.

 

 

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.