Hemen da X Espedienteen 11. denboraldiaren lehenengo aurrerapena... zoragarria!

Zinema Uneak - 2017-10-09T10:20:11+02:00

Bidean da X Espedienteen 11. denboraldia eta aldez aurretik ia jakinarazi gabe bere lehenengo trailerra aurkeztu du New Yorkeko Comic Conean. Betiko giro aztoragarriarekin eta pertsonaia klasiko gehienen itzuleraren berri ematen.

Nahiz eta filmaketa abian zela jakin, uda aurretik hasi zen, azken hilabeteetan ezer gutxi zabaldu da X Espedienteen denboraldi berriaren inguruan. Sare sozialetan garrantzi gutxiko argazkiren bat baina ezer gutxi gehiago. Aipagarriena, ondoko galerian ikusi ditzakezuen argazkiak. Irailaren amaieran zabaldutakoak.

Baina itxaronaldia amaitu da. Hemen da bi minutuko lehen aurrerapena. Mulder eta Scully, Scully eta Mulder. Betiko dinamikak, arazo berriak. Betiko misterioak, zailtasun berriak. Betiko familia gertaerak, etorkizun ilunago bat. Telesail mitiko honen zaleek eskatzen duten dena bi minututan laburbildua.

 

 

Denboraldi berriak, guztira, 10 kapitulu berri izango ditu. David Duchovnyk eta Gillian Andersonek Mulder eta Scully agenteen paperetara itzuliko dira. Eta beraiekin batera pertsonaia klasiko nagusiak: Walter Skinner zuzendari laguntzailea (Mitch Pileggi), Smoke Man (William B. Davis) edota Monica Reyes agentea (Annabeth Gish).

Pasaden urtean bezala, denboraldi berri honen hirugarren hanka Chris Carter idazle eta ekoizlea da. X Espedienteen sortzaileak ere proiektuan jarraitzen du, zaleen poztasunerako.

X Espedienteen 11. denboraldiaren estreinaldia 2018rako iragarrita dago. Hamargarren denboraldiaren bidea jarraituz, seguruenik urte hasieran estreinatuko da.

 

 

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.