Ireki da Begibistan zinemaldirako film laburrak aurkezteko epea

Zinema Uneak - 2017-06-07T10:00:00+02:00

Abian da aurtengo Begibistan zinemaldian parte hartzeko epea. Amurrion ospatzen den Zinema Astean egon nahi duten zuzendariek euren lanak bidaltzen has daitezke. Aurtengo Begibistan zinemaldia urriak 4 tik 8ra ospatuko da Aiaraldeko hiribildu honetan.

Euskal errealizadoreei zuzendutako ekimen honetan, aurten, bi kategoria berri estreinatzen dira: OFIBISTAN eta NERBIOIBISTAN, bata sekzio ofiziala eta bigarrena eskualdeko zuzendariei zuzendua. Hala ere, guztira bederatzi sari banatuko dira: OFIBISTAN saria, NERBIOIBISTAN saria, zuzendaririk onenaren saria, emakumezko eta gizonezko aktorerik onenen sariak, argazkirik onena, euskarazko film laburrik onena, ikusleen saria eta Banatu Filmak saria. Azken hau Banatu Filmak ekoiztetxearen eskutik eta film irabazlea estatuko eta nazioarteko jaialdietan banatzeko sariarekin.

Filmek gehienez ere 30 minutu iraungo dute. Aurkezteko epea uztailak 17ra arte luzatuko da eta oinarriak hemen ezagutu ahal dituzue: http://amurrio.org/eu/noticias/begibistan-2017.

Kepa Sojo zuzendaria arduradun duen Begibistan zinemaldiak aurtengo kartela ere aurkeztu du.

 

 

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.