IT: Beldurra pizten joateko lehenengo kartela eta teaser trailerra euskaraz

Zinema Uneak - 2017-04-06T10:29:35+02:00

Duela hilabete batzuk Stephen King idazlearen IT eleberri beldurgarriaren zinemarako bertsio berri bat martxan zegoela kontatu genizuen. Orain, film hori ia amaituta dutela eta dagoeneko kartel bat eta teaser trailer bat zabaldu direla iragartzen dizuegu. Eta nola ez, bietan Pennywise pailazo beldurgarria protagonista.

Teaser trailerra (euskaraz azpititulatuta noski) filmak kontatuko digun istorioaren oinarriak aurkezten dizkigu: herri txiki bat, desagerketa misteriotsuak eta bi anai. Beldurrezko istorio klasikoen abiapuntua, eta era berean bi minutu baino gutxiagotan ikusleak aztoratzeko gai. Pelikula hau sortzen ari den ikusmina neurtzeko datu bakar bat: bideo honek 197 milioi bisita lortu ditu lehenengo 24 orduetan. Ikusgarria... eta beldurgarria.

Bestetik, lehenengo kartel bat ere zabaldu dute (behean ikusi dezakezuena). Teaserrak (eta suposatzen dugu filmak ere bai) erakutsiko dizkigun hiru elementu nagusiekin: Pennywise pailazoa, puxika gorri bat eta Georgie txikia bere kapusai horiarekin.

Andrés Muschietti (Mama) argentinarra zuzendari eta Bill Skarsgård (Battlecreek) Pennywisen paperean dituen Stephen Kingen IT bertsio hau irailak 8an estreinatuko da Estatu Batuetan. Gurean, oraindik, ez da estreinaldi datarik zehaztu. Adi egongo gara.

 

 

Erlazionatutako filmak

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.