Izua errealitatearen metafora

Aratz Arregi - 2017-06-04T12:42:18+02:00

Aretoetan ikusgai dugun Get Out (Jordan Peele, 2017) EEBBetan eta munduan bizi dugun egoera sozialaren isla da. Baina batez ere Amerikara Trumpen legealdiak ekarri duen arrazakeria, gizarte kontserbadore eta aurreiritzi sozialaren satira bat dela esan genezake. Pelikula honen arrakasta itzela aitzakia bezala erabiliz errepasa ditzagun beldurrezko generoaren historian zehar eman diren metafora sozial nahiz politiko esanguratsuenak.

Tradizionalki zonbien gaineko zinema eta parabola politikoa eskutik joan izan dira, George A. Romerok Night of the living dead klasiko goiztiarrean Vietnameko gerra gogora ekartzen zizkigun irudiak txertatu zituen eta arraza beltzeko aktore bat aukeratu zuen protagonista bezala (gogora dezagun 1968 urtean errodatu zela). Romerok bere diskurtso berritzaileaz jarraitu zuen estamentu militarra (The Crazies) eta kontsumismoa (Dawn of the Dead) jomugan jarriz.

 

 

Izan ere, 70. hamarkadako hainbat klasiko gogoangarri garaiko arazo eta egoeraren erakusgarri dira. The Texas Chainsaw Massacre (1974) ospetsuan, Tobe Hooperrek Vietnameko gerraren eta petrolioaren krisiaren aroko amorrazioa irudikatu zuen. Beste adibide asko daude zentzu honetan: Deathdreamek (1972) Vietnameko soldaduen gerra ondorengo trauma zonbi baten azaletik erakusten digu, The Stepford Wives (1975) mugimendu feministaren aldarrikapen bezala ikusi daiteke eta It’s Alive (1974) lana abortuaren aurkako apologia bat da.

The Last House on the left (1972), The Hills Have Eyes (1977) eta The people under the stairs (1991) lanetan Wes Cravenek diskurtso beraren hiru eredu erakusten dizkigu, mundu zibilizatu eta basatia kontrajarriz (burgesia eta pobrezia sistemikoa): lehen biak Nixon eta Vietnamen 70. hamarkadako testuinguruan eta hirugarrena Reaganek eragindako 80. bukaerako gizarte batean. Aipatzekoa da Alexandre Aja zuzendari frantsesak The Hills Have Eyesen (2006) bertsio berrian eginiko irakurketa gaurkotu eta bortitza (Nixonen eta Bushen “semeak” ez dira oso desberdinak)

 

 

David Cronenberg kanadarrak The Brood (1979), Videodrome (1982) eta The Fly (1986) lanetan nabarmen erabili zuen generoa mezuaren sostengu bezala. Kasuan kasu, banaketaz, komunikabideez edo gaixotasunei buruz jarduteko.

Joe Dantek berriz, gaurkotasun handiko gaiak ukitu zituen: gerraren manipulazioa (Homecomingen Irakeko gerran hildako soldaduak zonbi bezala itzuliko dira beraien bozkari esker lehendakaria zigortzeko) eta tratu txarrak (The Screwfly Solutionen birus kutsakorra da metafora).

Invasion of the body snatchers bere lau moldaketetan garaiko egoeraren berrirakurketa bat egin du: gerra hotzaren parabola antikomunista (1956), Watergate ondorengo paranoia soziala (1978), Golkoko gerraren ondorioak (1993) eta “11-S” eta Irakeko ustelkeria (2007). Jack Finneyren nobela garai guztietako mamuen erakusle den kontakizun harrigarria da.

 

 

White Dog (1982), Society (1989), The stuff (1985) eta They alive (1988) kapitalismoaren, arrazakeriaren eta burgesiaren kritika gupidagabeak dira 80ko hamarkadako B seriearen barrunbeetan.

Michael Hanekeren proposamena haratago doa: Funny Games (1994/2007) lanaren bi bertsioetan erasotzaileek laugarren pareta apurtzen zuten eta ikuslearengana zuzentzen ziren konplizeak izango balira bezala, fikzio baten zeudela onartuz eta narrazioan atzerantz eginez.

 

 

Urteen poderioz, generoak bere karga sinbolikoa galdu zuen eta produktu komertzial gisa ustiatu zuten ekoiztetxeek. Beldurrezko generoak bere izaera guztiz galdu ez arren, beste xede batzuetarako erabili zen etekin handiak ematen zituzten sailetan. Zorionez, tarteka aipagarriak diren salbuespenak aurkitu ditzakegu azken bi hamarkadetan: American Psycho (2000), The Village (2004), Hard Candy (2005), The Mist (2007), The host (2006), Teeth (2008), The woman (2011), The Purge (2013), It follows (2014), Babadook (2014), The Witch (2015), Raw (2016)…

Sarritan, aipatzen ditudan irakurketa hauek ez dira horren agerikoak, fikzioan eraldatuta agertzen direlako edo metaforara jotzen delako. ¿Rosemary’s Baby klasiko handia emakumearen zapalkuntzaren gaineko mezu soziala duen fantasiazko lan bat al da? Bakoitzak erabaki dezala.

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.