J.J. Abrams Star Wars IX-ren zuzendari berria, estreinaldia 2019ko abendura atzeratu da

Zinema Uneak - 2017-09-13T09:05:32+02:00

Aste luze batez zurrumurru asko zabaldu eta gero, Lucasfilmek eta Disneyk Star Wars IX. Atalaren zuzendariaren izena baieztatu dute: J.J. Abrams. Star Wars VII. Atala: Indarraren iratzartzea zuzendu eta idatzi ondoren Abrams urruneko galaxiara itzuliko da berak hasitako trilogia berriari amaiera emateko. Aldaketa honekin batera, pelikularen estreinaldi dataren atzerapena ere iragarri da: orain, IX. Atala 2019ko abenduaren 20an estreinatuko da.

George Lucasek Lucasfilm, eta berarekin batera Star Wars eta Indiana Jones sagak, saldu zituenetik, Disneyk J.J. Abrams hautatu zuen trilogia berriaren arduradun nagusi bezala. Gerora, estreinaldi datak zehazterakoan Abramsek argi utzi zuen lan egiteko denborak ez zituela nahikoak ikusten eta VII. Atala idatzi eta zuzendu ondoren ekoizle lanak egingo zituela iragarri zuen. Orain, Cloin Trevorrowen agurrarekin, Disneyk bere jatorrizko ideia berreskuratu eta seme iriolea etxera itzuliko da.

J.J. Abrams IX. Atala zuzentzeaz gain, gidoilari nagusia izango da ere. Berak martxan jarritako Rey, Finn edota Poe Dameronen istorioen amaiera idaztearen ardura izango du. Star Wars VIII. Atala: Azken Jediak estreinatzeke dagoela ez dakigu nolako istorioa izango den, baina argi dagoena da bere sortzaile nagusia izanik Abramsek bere ilusio guztia jarriko duela amaiera borobil bat lortzeko.

 

 

Estreinaldia atzeratzen da, Star Wars IX. Atala 2019ko abenduan

Zuzendari eta gidoilari aldaketarekin batera estreinaldi dataren atzerapena ere ezagutzera eman da: 2019ko abenduaren 20a. Trevorrowen agurraren inguruko zurrumurruak baieztatuz (Lucasfilmek eta zuzendari ohiak gidoiaren inguruan izandako desadostasunak), Abramsek gidoi berri bat prestatzen hasiko da eta horretarako denbora beharko du. Ondorioz estreinaldia zazpi hilabetez atzeratuko da.

Atzerapen honek Han Soloren bakarkako filmaren estreinaldi datan ere eragina izan dezake. Lucasfilm eta Disneyren jatorrizko ideia beti bezala pelikula berri guztiak maiatzean estreinatzea zen, baina Star Wars VII. Atala: Indarraren iratzartzea lanaren estreinaldia atzeratzean plana aldatu egin zen. Hala ere, Han Soloren bakarkako filma eta IX. Atala maiatzean estreinatzea erabaki zuten. Baina IX. Atalaren estreinaldia abendura mugitzean, arraroa izango litzateke Ron Howard zuzentzen ari den lana hurrengo maiatzean estreinatzea.

Ez dakigu zer gertatuko den, baina gure ustez hurrengo egunetan Han Soloren bakarkako pelikularen estreinaldi dataren atzerapena iragartzen bada, ez da sorpresa handia izango. Adi egongo gara.

 

Erlazionatutako filmak

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.