Emakumeen nazioarteko eguna: Kolore morea duen zinema

Aratz Arregi - 2017-03-08T17:26:00+01:00

Emakumearen Nazioarteko eguna atetan dugula aitzakiatzat hartuta bera ardatz duten pelikula batzuei buruz hitz egingo dizuet, batzuk aski ezagunak dira eta beste batzuk ordea, ez horrenbeste. Zentzu honetan, nere azken  aurkikuntza 20th Century Women (Mike Mills, 2016) izan da. 70. hamarkada amaiera, Jimmy Carterren legealdia, Annette Bening bere semearen heziketaz kezkatua, emakumearen emantzipazioa, musika eboluzioaren garrantzia adierazteko... Gauza askotaz ari zaigu Mills pelikula zirraragarri honetan. Gidoia eta elkarrizketak paregabeak dira. Zoritxarrez ez dugu zinemetan ikusiko, dirudienez lan honek ez du merezi duen bultzada jasoko.

 

 

Thelma & Louise (Ridley Scott, 1991) oso pelikula esanguratsua da. Bi emakumeen arteko adiskidetasuna modu ederrean erakusten digu, dena utzi eta beraien norabideari jarraitzen diote bidearen amaieran aurkituko dutenaren beldurrik gabe. Zentzu honetan amaierako planoa metafora polita da.

Amankomunean asko duten hiru emakumeen bizitza kontatzen digu The Hours (Stephen Daldry, 2002) filmak. Nire ustez errepaso honetan aipatuko ditudan lanen artean garrantzitsuena da hau, agian melodramarako joera nabarmena dauka baina ezin ukatu zuzendariaren eta aktoreen (tartean Nicole Kidman Virginia Woolf idazlearen azalean) lan bikaina.

 

 

Pelikula txikien erreinura itzuliz, bada Grandma (Paul Weitz, 2015) izeneko harribitxi bat. Lily Tomlin amona moderno bat da eta bere bilobari abortua (ekonomikoki eta emozionalki) bideratzen lagunduko dio. Emakumeak dira protagonista eta gizonezkoek laguntzaile soil gisa jarduten dute.

Todd Haynes zuzendariak oso begi ona erakutsi du 50. hamarkadan emakumearen egoera islatzeko. Gizarteak zigortua beste arraza bateko gizon batekin (Far from Heaven, 2002) edo sexu bereko batekin (Carol, 2015) maitemintzearren.

 

 

Era berean, The Help ( Tate Taylor, 2011) lanak 60. hamarkadako arrazakeria eta emakumearen diskriminazio gupidagabea erakusten zuen drama eta komedia tonu jatorrean (zentzu honetan aurrekari zuzena Spielbergen The Color Purple dugu). Arrakasta handiaz gozatu zuen eta duela gutxi tankera bereko film bat izan genuen gure aretoetan: Hidden Figures (Theodore Melfi, 2016). Kasu honetan ordea, intentzioak emaitzak baino hobeak ziren.

Emakumeen botu eskubidea nola gauzatu zen azaltzen digu Sarah Gavronek Suffragette (2015). Aldarrikapena eta justizia soziala uztarturik eta Carey Mulligan eta Meryl Streep bezalako lehen mailako aktoreekin. Ez da bidearen amaiera, hasiera baizik.

 

 

North Country (Niki Cao, 2005) film luzean Charlize Theronek izugarrizko jazarpena jasotzen zuen meategietako gizonen aldetik eta bere eskubideak defendatzeko aurre egin besterik ez zuen.

Bread & Roses (Ken Loach, 2000 ) ere eskubideen aldarrikapenean oinarritzen da. Langilegoaren lan baldintza duinak eta kontzientzia soziala, protagonistak etorkinak izatearen zailtasunaren gainetik.

 

 

90. hamarkadan badira zeresana eman zuten zenbait lan, batzuk publikoaren gogoan diraute, Fried Green Tomatoes (Jon Avnet, 1991) eta Little Women (Gillian Amstrong, 1994) eta beste batzuk berriz ahaztuta daude Boys on the side (Herbert Ross, 1995) eta I Shot Andy Warhol (Mary Harron, 1996) esaterako. Zinemaren paradoxak.

Zuzendari askok komedia erabili zuten emakumea modu librean aldarrikatzeko, adibidez Blake Edwardsek Victor Victoria (1982) edota Colin Higginsek Nine to five (1980) arrakasta handian. Izen handiko zuzendariek ere beraien ahaleginak egin dituzte, hor ditugu Robert Altman (3 Women, 1979), Bob Fosse (Cabaret, 1971), Martin Scorsese (Alicia doesn't live here anymore, 1974), Chantal Akerman (Jeanne Dielman, 23 quai du Commerce, 1080 Bruxelles, 1975) edota Woody Allen (Hannah and her sisters, 1986).

 

 

Hollywoodek emakume indartsuak atsegin ditu eta honelako pertsonaiak saritu izan ditu, Norma Rae (Martin Ritt, 1979) eta Erin Brokovich (Steven Soderbergh, 2000) lanetan Sally Field eta Julia Robertsek Oscar bana irabazi zuten lider sindikalista eta  ama kementsuaren azalean jarri zirenean.

Prostituzioa eta inmigrazioa ere feminismo ikuspegitik erakutsi izan digu zinemak, adibidez Princesas (Fernando León de Aranoa, 2005) filmean. Egoera berean dauden emakumeak elkarri lagundu behar diotela eta bizitzari duintasunarekin nola aurre egin ongi islatzen zuen Aranoak. Almodovarren obran ere badira emakumea aldarrikatzen duten lan asko: Todo sobre mi madre, Hable con ella, Volver, ¿Qué he hecho yo para merecer esto?, Mujeres al borde de  un ataque de nervios...

 

 

Animazioaren munduan badago nabarmentzekorik. Disneyri asko gustatzen zaizkio emakume gerlariak Brave (2012) eta Mulan (1998) bezalako lanetan protagonistak nortasun handikoak dira.

 

 

Berdintasunerako bidean zinemak ere bere heziketa funtzioa egin dezake, aipatutako pelikulak frogatzen duten bezala.

 

Aitor Carballo
Aitor Carballo dio:
2017/03/13 11:54

Sentsibilidade berezidun zuzendaria Haynes.

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.