M. Night Shyamalan: Hollywood eta bigarren aukerak

Aratz Arregi - 2017-02-05T16:00:00+01:00

Shyamalan itzuli da. Noizbait joan bazen. Split (2017) da bere azken filma eta publikoaren eta kritikaren onespena jaso du (9 milioi dolarreko aurrekontuarekin 81 irabazi ditu). Zuzendari honek ez zituen horrenbeste laudorio jasotzen  The sixth sense (1999) eta Unbrekeable (2000) pelikulekin ezagutzera eman zenetik.

Baina bidea ezta erreza izan. Dirudienez, ospea burura igo zitzaion arrakasta goiztiar haiekin. Steven Spielberg maixuarekin alderatu zuten, zenbait sari irabazi zituen eta konpainia guztien ateak parez-pare ireki zitzaizkion. Touchstone Picturesek dirutza eman zion Signs (2002) egiteko eta arrakasta handia lortu zuen. Ekoizle berdinak The village (2004) finantzatu zion bi urte beranduago.

 

 

Azken hau Shyamalanen gailurra bilakatu zen eta baita ere James Newton Howardek berarentzat egin duen soinu banda gogoangarriena. Aktoreak ere dotore aritu ziren eta zuzendari honen zigilua bilakatu zen "azken sorpresak" munduari buelta eman zion, agian bestetan baino polemikoago izateagatik. Oraingoan ordea, kritika ez zen ados jarri. Filma ez zen ondo saldu (bere trailerrean beldurrezko produkzio bat ematen zuen eta hori baino askoz gehiago zen) eta iritziak inoiz baino muturrekoagoak ziren, batzuentzat maisulana eta besteentzat adar-jotzea.

Hala ere, ez zirudien bere etorkizuna kolokan zegoenik. Warner Bros agertu zen eta bere proiektu berria ordaindu zion: Lady in the water (2006). Shyamalanek zinema kritikoei mendekua egiteko erabili zuen lan hau eta bere burua ere aktore lanetan jarri zuen (aurreko filmetan “kameoak” egin zituen soilik). Ipuinen erako narrazioa eman zion filmari eta publikoak ez zuen ulertu. Bere lehen porrota izan zen eta ez zuen ondo irentsi. Oraingoan ere filma ez zen ondo saldu baina bere kalitatea ere zalantzan jarri zen.

 

 

Zuzendariak kezka handirik gabe bere hurrengo proiektuaz jarraitu zuen.  Twentieth Century Foxekin The Happening (2008) egiteko akordioa sinatu zuen.

"Lady in the water" salbuespena zen, ez zen egongo beste galerarik. Izen handiko aktoreekin jarraitzen zuen lanean eta bazuen ekoizleen babesa. "The Happening" ordea, ez zen uste bezalako arrakasta izan eta Foxek ateak itxi zizkion.

Ondoren zetorrena danok dakigu. Bere buruan konfiantza gehiegi izatearen arriskuak eta guztiaren gainetik egotearen jarrerak ez zion mesede egin. Bi produkzio handiekin, Airbender (2010) eta After Earth (2013), errealitatearekin talka egin zuen. Kritika txarrak, etekin ekonomiko eza, dimentsio gabeko pelikulak, gremioaren konfiantza falta… Arrakastaren kudeaketa txarraren ondoriok aurpegian eztanda egin zion. Zuzendaria "zigortua" izan zen eta bere ibilbidean geldialdi bat egin eta atzera begiratzeko unea iritsi zen.

 

 

Geldialdi horretan Jason Blum produktorea ezagutu zuen. Blum ezaguna da aurrekontu txikiko beldurrezko pelikulekin lortu duen arrakastagatik eta Shyamalani honelako bat eskaini zion. Bi aldiz pentsatu gabe The Visit (2015) egin zuen eta askok zuzendariaren itzulera bezala hartu zuten. Arrakastaren sekretua zuzendariak horren ondo ulertzen duen suspensearen narrazioan oinarritu zen, kasu honetan komedia beltza ere uztartzen zuelarik. Gainera filmak bakarrik 5 milioi dolarreko inbertsioa izan zuen eta 65 irabazi zituen. Harrera ona, beraz.

Batzuek oraindik dudan jartzen zuten hasierako sona berreskuratuko ote zuen, izan ere "The visit" ez zen berak egin ohi dituen produkzio handi horietakoa eta  "found-footage" estiloan eginda zegoen. Jason Blumekin izan zuen esperientzia onaren ondoren anbizio handiagoko proiektu bat aurkeztu zion eta berriz ere elkarrekin lanean jarri ziren orain gure zinetara iritsi berri den "Split" egiteko. Esan bezala, merezitako txaloak jaso ditu obra honek. Aktoreen lana benetan txalotzekoa  (James McAvoy,
Anya Taylor-Joy eta Betty Buckley, azken honek zuzendariarekin errepikatzen "The Happening" egin ostean) eta nola ez, azken sorpresak ikusle asko ezustean harrapatuko ditu.

 

 

Orain, berriz ere martxa onean, Bruce Willisekin itzuliko da bere lan berrian, zein izango ote da Unbreakable 2 edo Labor of day? Egin joko!

 

Aitor Carballo
Aitor Carballo dio:
2017/03/12 15:36

The Visit eta batez ere The Happening b serieko film ederrak direla esango nuke inongo dudarik gabe, bakoitzak tonu ezberdina duen arren. The Happening-en kasua bereziki injustua dela esango nuke dudarik gabe, diruedienez ikusleek ez soilik eta kritikak ere askorik ez duelako estimatzen. Lan solidoa, heldua, misteriotsua eta forma aldetik originalki minimalista da The Happening. Split-i dagokionez, nahiz eta nire partez dena jarri, konektatzea kostatu eta gidoi irregularregiarekin aspertzea baino ez nuen lortu.

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.