Martin Scorseseren Jokerra Txantxa hiltzailea komikian oinarrituko da

Zinema Uneak - 2018-04-04T09:05:00+02:00

Denbora luzez iragarritako Martin Scorsesek ekoiztutako Joker pertsonaiaren inguruko filma aurrera doa pixkanaka pixkanaka. Oraingoan, zurrumurru ezberdinen artean, proiektuaren inguruko informazio berria ezagutu egin da: pelikula berria Txantxa hiltzailea (The Killing Joke) komikian oinarrituko da.

Hala behintzat ezagutzera eman da azken egunetan. Todd Phillipsen (Ajea Las Vegasen) zuzendaritzapean, filma idazteko ardura Scott Silver eta zuzendaria beraren eskuetan egongo da. Ideia Joker pertsonaiaren jatorria kontatzea da eta horregatik hautatu dute komiki hau.

Txantxa hiltzailea istorioan, Joker komediante izan nahian ACE Chemicals enpresan lana uzten duen kimikari bat da. Bere helburua lortzen ez duenean, bere enpresa ohian egingo den lapurketa batean parte hartuko du. Batman agertzean, Joker produktu kinikoz beteriko putzu batean erokiko da. Ondorioz, bizirik ateratzen bada ere erotu egingo da.

 

 

Film berriak oraindik estreinaldi datarik ez badu ere, filmaketa urte honen amaieran edo hurrengoan hasiko duela uste da.

 

Zurrumurruen arabera, Joaquin Phoenix Joker berria 

Ez da oraindik baieztatu baina zabaldu diren datu ezberdinen artean, batek indar handia izan du: Joker berriaren papera egiteko hautatutako aktorea Joaquin Phoenix izango dela. Martin Scorsesek proiektuaren ardura hartzean Leonardo DiCaprioren izena entzun bazen ere, ez zuten akordiorik lortu eta orain Phoenix da faboritoa.

 

 

Argitu beharrekoa da, proiektu berri hau egungo Warner/DC unibertsotik kanpo egongo dela, eta ondorioz Eskuadroi Suizidan ikusitako Jared Letoren Jokerretik aldenduko dela. Eta hori ikusita, film berriarentzako aktore berria nahi dutela. Beraz, zurrumurruen arabera hurrengo urtetan bi Joker izango ditugu aldi berean: Eskuadroi Suizida 2n, Jared Leto; eta Martin Scorseseren Joker berrian Joaquin Phoenix. Bi aktore bikainen arteko lehia interesgarria.

 

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.