Michael Giacchino: bideo-jokoetatik Star Wars unibertsora

Lander Arteaga E. - 2016-12-13T20:00:00+01:00

 

Bere lehengo urratsak bideo-jokoen industrian eman ondoren, Michael Giacchinok (New Jersey, 1967) bere lan esparrua zabaltzea erabaki zuen. Lehengo telebista, gero zinema. Telesailetatik Hollywoodera. Pausoz pauso, baina urratsik galdu gabe. Emmy sarietatik Oscarretara, Grammyak ahaztu gabe noski. Guztira: Oscar bat, Urrezko Globo bat eta Bafta bat Up filmarekin, eta Emmy bat Lost telesailarekin, eta bi Grammy Ratatouille eta Up-rekin.

Baina Michael Giacchinoren ibilbidea ulertzeko bi izen propio daude: J.J. Abrams eta Disney. Bere lan garrantzitsuenak beti bietako batekin osatu baditu. Baina guzti hau ulertzeko, aztertu dezagun musikagile emankor honen jarduera.

 

2001: ALIAS

Zinema eta telesailen munduan egindako lehen lan garrantzitsua, noren eskutik? J.J. Abramsen eskutik noski. Bost urtez Sidney Bristowen gora behereei musika jarri zien eta egindako lan txukunaren ondorioz, aurrerantzean Abramsen lan gehienetan bere musika aurkitzeko aukera izango dugu. Bai telebistan (Lost, Alcatraz, Fringe) baita zineman ere (Ezinezko misioa, Star Trek, eta abar). Aliasen eginiko lanaren ondorioz Hollywoodek bere izena ezagutzen hasi zen.

 

2004: SINEZTEZINAK ETA DISNEY

 

Aliasen lanean zegoela, bere ibilbidean oso garrantzitsu izandako beste gizon baten deia jaso zuen: Brad Bird, Pixar ekoiztetxeko zuzendaria. Hemen hasi zen Giacchino eta Pixar/Disneyren artean egun arte luzatuko den harreman estua. Sinestezinak filmaren ostean Ratatouille edo Up filmez gain, Giacchinok John Carter, Tomorrowland edota Inside Out pelikuletan musika idatziko du ere.

 

2006: EZINEZKO MISIOA

2006an eta 2011an Michael Giacchinok Tom Cruisekin lan egingo du. Zergatik bi urte horietan bakarrik? Ba hirugarren eta laugarren pelikulen zuzendariak J.J. Abrams eta Brad Bird izan zirelako. Biak, aurrez, konpositorearekin lan egindakoak, berarekin lanean errepikatzea erabaki zuten. Seinale ona, dudarik gabe.

 

2007: RATATOUILLE ETA OSCARRERAKO IZENDAPENA

Pixarrekin egingo duen bigarren lana oso garrantzitsua da bere ibilbidean: Oscar sarietarako lehenengo izendapena lortuko du. Cars filma nolabait espero ziren emaitzak ez lortu ostean, Ratatouille izan zen Pixar berpiztu zuen filma. Filma eta musika. Giacchinoren lana ikusgarria izan zen eta oraindik ere Remy saguan pentsatzen dugunean, Michaelen musika etortzen zaigu burura.

 

2009: UP ETA LEHENENGO OSCARRA

 

Bigarren izendapenarekin, saria. Berriro ere Pixar etxearekin lanean eta berriro ere lan gogoangarri bat. Seguruenik Pixarrek egindako lanik onena. Eta lan on bat izateko, musikak ere ikusgarria izan behar du. Nork ez du gogoratzen Ellie eta Carlen bizitza kontatzen duen sekuentzia? Zer nolako indarra ematen dien musikak irudiei? Horren arduraduna: Michael Giacchino. Merezimendu osoz jasotako Oscar saria.

 

2009: STAR TREK

Berriro ere J.J. Abramsekin lanean, baina oraingoan saga garrantzitsu batean egindako lehenengo lana. Star Trek telesail eta pelikula zaharren musika hartu eta guztiz berritu zuen musikagile estatubatuarrak. Unibertso Trekkie-aren doinuak beste maila batera igo zituelarik. Filmak izan dituen bi jarraipenetan ere musikaren arduraduna izan da, baina Star Trek ez da bere saga bakarra izan: ondoren, Jurassic Worlden eta Tximuen planetaren egunsentian ere lan egin du.

 

2016: DOCTOR STRANGE ETA MARVEL

 

Aurten Disneyrekin zuen harremana Marvel unibertsora zabaldu du ere. Doctor Strange filma izan da Marvel ekoiztetxearekin burututako lehenengo lana, baina ez da azkena izango. Momentu honetan Spider-Man: Homecoming pelikularen musika konposatzen ari bai da.

 

2016: ROGUE ONE, AZKENEAN STAR WARS ERE

Atzerapen txiki batekin, baina azkenik momentua heldu da: Giacchinok eta Star Wars euren bideak gurutzatu dituzte. 2013an J.J. Abrams Star Warsen pelikula berriaren zuzendaria izango zela iragarri zenean, denok uste izan zuten Michael Giacchino filmaren musikagilea izango zela. Baina azkenean John Williams izan zen lan hori burutu zuena. Hori bai, aukera berri bat izango zuen. Aurten, Alexandre Desplatek Rogue One filmaren musika bertan behera utzi zuenean, Disneyek argi zuen: Giacchino zen euren gizona. Urte bateko atzerapenarekin, baina Michael Giacchinoren izena historiako saga arrakastatsuenean agertu da. Ez dugu zalantzarik: lan zoragarri bat egin du ziur.

 

 

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.