Mugak apurtzen, hamahirugarren Doctor Who emakume bat izango da: Jodie Whittaker

Zinema Uneak - 2017-07-19T16:00:00+02:00

Hamargarren denboraldia amaitu eta bi astetara, BBC kateak Eguberri egunean ezagutuko duen 13. Doctor Whoren identitatea zabaldu du. Muga guztiak puskatuz, eta garai berri bat hasiz, hautatutako aktorea emakume bat izan da: Jodie Whittaker.

Broadchurch telesailagatik ezaguna, Whittaker 35 urteko britaniarra da eta aurretik Attack the block edota One Day lanetan ere aritu da. Orain erronka izugarri baten aurrean dago: Doktorearen papera egiten duen lehenengo emakumea izatea eta telesailak duen arrakastarekin jarraitzea.

Peter Capaldi aktorearen agurra Gabonetako kapitulu berezian izango da Eguberri egunean. Emanaldi horretan bi doktoreak ikusiko ditugu: Capaldirena eta berria, Whittakerrena. Agur horrekin batera Steven Moffat ekoizlearena ere biziko da. Bere lekua Chris Chibnall gidoilariak hartuko du.

Jodie Whittaker BBC kateari bere lehenengo adierazpenetan bere urduria azaldu dio: "Tentsio handiko egunak izandira, urduriak. Sekretua handia zan eta ezin nion inori kontatu". Gainera, bere agentearekin "The Clooney kodea erabiltzen nuen, George Clooney ikono bat ere badelako. Hitz egiterakoan 13. Clooney esaten genuen" dio Whittakerrek.

"Doktorea izatea ikaragarria da; bai feminista bezala, emakume bezala, aktorea bezala eta gizaki bezala. Izugarria da", azaldu du aktoreak, "zaleei pazientzia eskatuko nieke. Nire generoagatik ez izutzeko. Aldaketa handiko garaia da eta hori bizitzea ere izugarria da beraientzat".

Doktore berria abenduaren 25ean estreinatuko da Doctor Who telesailaren Gabonetako kapitulu berezian.

 

 

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.