Netflix da etorkizuna?

Aratz Arregi - 2017-05-14T09:00:00+02:00

Azken urteetan oso ezaguna bilakatu da “streaming” bidezko online zerbitzu hau, hileroko harpidetza baten truke serie eta pelikula sorta bat eskaintzen dituena “nahieran” ikusteko.

2011 urtetik jatorrizko edukiak eskaintzen ditu, House of Cards izanik beraien lehen arrakasta. Garai hartan herrialde ezberdinetan zabaltzen hasi zen, lehenik Erresuma Batuan, Irlandan edo Danimarkan eta ondoren Alemania, Holanda, Suitza edo Frantzian.

 

 

2015 urtean Espainia eta Euskal Herrira iritsi zen. Era berean, Orange is the New Black eta Sense8 bezalako serieak ekoiztu zituen bere eskaintza originala aberasteko. Urte berean, Pablo Escobar trafikatzailean oinarritutako 10 ataleko serie arrakastatsua ere aurkeztu zuen Narcos izenarekin. Gaumont etxearekin banatu zituen ekoizpen lanak orduan.

2015 amaiera eta 2016. urtea erabakigarriak izan ziren, izan ere bi arrakastek bere etorkizuna bermatu zuten. Batetik, Stranger Things fantasiazko produkzioa, Winona Ryder eta zenbait aktore gazte protagonista zituena. Serie hau 80. hamarkadako nostalgian oinarritzen zen publikoa erakartzeko eta harrera bikaina izan zuen estreinatu bezain laster. Jarraitzaile kopurua handitzen joan zen atal berriak estreinatzen ziren heinean. Dagoeneko 2. denboraldia prest dute. Bestetik, Cary Fukunagaren Beast of No Nation film luze gordina, non Afrikar ume bat gerrarako esplotatzen duten. Honez gain, Asiako merkatuan zabaltzen ere hasi zen, publiko potentzial handia bere gain hartuz.

 

 

Netflixen aurtengo produktu berria 13 reasons why seriea da. Zeresan handia sortu du suizidioari ematen zaion tratamenduagatik baina beste arrakasta berri bat batu dute beraien bildumara.

Serieak utzi gabe, estrategia berri baten murgildurik dago egun. Zinemarako baztertzen diren gidoiak erosi eta beraiek ekoiztea da apustua. Aurreko urtean Werner Herzogen Into the inferno, Mike Flanaganen Hush, Crouching Tiger, Hidden Dragonen bigarren zatia, Tallulah, The Ridiculous 6, I am the Pretty Thing that Lives in the House edo Barry bezalako lan txikiak aurkeztu zituzten.

 

 

2017 honetan produkzio garestiagoak eskaintzen hasi da, zinemarekin aurrez-aurre lehiatzeko asmoz eta publiko helduago baten bila. Sand Castle, War Machine, Okja, Mute, Bright, To the Bone eta First they Killed my Father dira nabarmentzekoak. Entzute handiko zuzendariak eta Henry Cavill, Brad Pitt , Jake Gyllenhaal, Alexander Skarsgård, Will Smith, Keanu Reeves eta Angelina Jolie bezalako izarrak dituzte.

I Don´t Feel At Home in This World Anymore, Death Note, The Babysitter edo Gerald’s Game bezalako lanek ordea, publiko gazteagoa erakartzen saiatuko dira. Izan ere, merkatuaren gehiengoa sektore honetan metatzen da.

Netflixen inguruko azken berriek ere ikusmin handia piztu dute. Orson Wellesen The Other Side of the Wind pelikula galdua berreskuratu eta amaituko dutela iragarri da. Honek zineman inbertitzeko duten asmo irmoa erakusten du, pelikula berrietan ez ezik klasikoetan ere begirada jarriz.

 

 

Albiste potoloenak ordea beste zuzendari garrantzitsu bat dauka ardatz. Martin Scorsese abuztuan hasiko da bere lan berria zuzentzen. The Irishman pisuzko pelikula da, Netflixek orain arte aurkeztu duen erronka handiena. Mafiaren mundura itzuliko da zuzendaria “I Heard You Paint Houses” eleberrian oinarrituta Jimmy Hoffa sindikalista buruaren desagerpena kontatuz. Robert De Niro, Al Pacino, Joe Pesci, Harvey Keitel eta Bobby Cannavale izango ditu taldean. Pozten gara finantzaketa iturriagatik, baina honek prezio bat ere badu eta agian zinema gutxitan ikusteko aukera izango dugu Netflixen jatorrizko produktu bat izanez Interneten bakarrik ikusi ahal izango delako.

Netflix zinemaren etorkizuna izango dela baieztatzea handikeria bat izan daiteke, baina momentuz bere produktuak nabarmen hazten doaz… Ziurrenik zinemaren osagarri bilakatzeko zantzuak dauzka, inoiz ez ordezkatuko duen zerbitzua. Nork daki.

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.