Gabonetan, Olentzero ere zineman!

Sara Sebastián Pérez - 2016-12-22T20:45:00+01:00

 

Denok ezagutzen dugun bezala, Olentzero edo Olentzaro euskal mitologiaren ikazkin ezagunena da; seguruenik, Gabon-gau guztietan Euskal Herri osoko etxea guztietan uzten dituen opariengatik, noski.

Hamaika izan dira Olentzeroren inguruan egin diren abesti, ipuin eta bestelakoak. Pelikulak barne. Adibidez, ostiral honetan estreinatu den Pixi Post eta opari-emaileak. Ekoizpen honetan, Olentzerok Errege Magikoekin edota Aita Noelekin partekatzen du protagonismoa. Baina, azken bi hamarkadetan egin diren beste animaziozko bost filmetan gure ikazkin maitea protagonista nagusia da.

Ezagutu ditzagun.

 

OLENTZERO, GABONETAKO IPUINA

2002ko abenduaren 5ean estreinatu zen Baleuko ekoiztetxearen eskutik, Olentzero eta Anje (Pirinioetako herri txiki batean bizi den gazte bat) protagonistak direlarik.

Juanjo Elordi izan zen zuzendaria eta gidoia Karmelo Vivancoren lana izan zen.

Kontakizuna, Fernando Salazar jauna eta bere alaba Anje bizi den Pirinioetako herri txikira itzultzean hasten da. Hortik aurrera, Anje eta Olentzerok biziko duten abentura biziko dugu.

Goya sarietarako izendapen bat lortu zuen.

 

OLENTZERO ETA SUBILAREN LAPURRETA

Olentzero eta Anjeren bigarren abentura 2005ean estreinatu zen, Juanjo Elordui zuzendari lanetan errepikatuz baina Unai Iturriagaren gidoi batekin.

Gabonak hasi aurreko egunetan hasten dan istorioa. Olentzerok ume guztien eskutitzak jaso ditu, eta Subilaren bitartez umeak nola portatzen diren ikusten ari da. Pirinioetako herri txikian bizi den bakea negozio gizon baten etorrerarekin apurtuko da. Gizon honen helburua baso txikitzea eta bertan eski-estazio bat eraikitzea da. Horretarako, Olentzeroren Subila lapurtuko du.

Anje, ikazkin gazte bat, eta herriko beste umeek bere plana gelditzea lortuko dute, Gabonak bakean ospatuz.

 

OLENTZERO ETA OPARIEN ORDUAN

Pixi Post filmaren zuzendaria den Gorka Sesma da Olentzeroren inguruko hirugarren pelikula honen arduraduna. Segundo Altolaguirrek idatzia, 2008ko Gabonetan estreinatu zen.

Euren hegazkin txikiarekin, Mc London eta bere tximinoa, Olentzeroren etxearekin talka egiten dute. Bere sekretua ezkutuan mantentzeko, ikazkinak bere astoari biak herrira eramatea eskatuko dio. Herrian esnatzean, Mc London Anje eta bere lagunak bahituko ditu, bere hegazkin txikia berreskuratzen laguntzeko. Gainera, Olentzero bere erloju magikoa (gau bakar batean opari guztiak banatzen laguntzen diona) lapurtu diotela ohartuko da.

 

OLENTZERO ETA IRATXOEN JAUNTXOA

2011ko abenduaren 1ean estreinatua, Gorka Vazquez du zuzendari eta gidoilari film honek.

Oraingoan, Olentzeroren sekretua ezagutzen duen Pirinioetako ume bakarrak, Anjek, ikazkinaren laguntzailea bilakatuko da. Bere lehen zeregina: oparien lantegi magikoa garbitzea. Gustuko ez duen betebehar honekin haserretuta dagoela, nahi gabe, Iratxo, inguma maltzur bat aske utziko du. Orain, Anjeren zeregin nagusia Iratxo harrapatzea izango da; Olentzeroren konfiantza berreskuratzeko eta Gabonak salbatzeko.

 

OLENTZERO ETA AMILAREN SEKRETUA

Olentzero protagonista duen estreinatutako azken filma honek Gorka Vazquez du, berriro, zuzendaria. Oraingoan, Ivan Onekarekin batera eta Roberto Alfarok, Segundo Altolaguirrek eta Gorka Vázquez berak taldean idatzitako gidoi batean oinarrituta dago.

2015eko pelikula honetan Amila ezagutuko dugu. Kristaleko hezurrak deritzon gaixotasuna duen bederatzi urteko neska bat. Terapian Fede eta Mai ezagutuko ditu, eta hiruron artean sortuko den adiskidetasunak ospitalean pasatzen dituzten egunak atseginagoak egingo ditu. Espero ez dutena ospitaleko zaindaria Olentzero bera izatea da.

 

 

 

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.