#OscarSariak: Norekin dago zorretan Akademia?

Aratz Arregi - 2017-02-22T12:10:00+01:00

#OscarSariak artikulu bildumarekin jarraituz, duela bi aste Aratz Arregi kolaboratzaileak idatzitako artikulu hau berreskuratzen dugu. Urtero Estatu Batuetako Akademiak film edo aktoreren bat ahazten duelako.

 

Urtero garai honetan Oscar sarien izendatuen zerrenda plazaratzen denean beti gelditzen da norbait kanpoan. Historikoki akademia pertsonaia askorekin zorretan gelditu da: Stanley Kubrick, Charles Chaplin, Groucho Marx, James Dean, Cary Grant, Orson Welles, Ava Gardner, Robert Mitchum, Richard Burton, Peter O' Toole, Albert Finney, Sergio Leone, Ridley Scott… Gezurra dirudien arren, zinemaren historian oinarrizko izenak diren profesional hauek ez dute saririk. Nabarmena da Alfred Hitchcocken kasua. Bere ospea eta eragina ez du inork zalantza jartzen. Bost izendapen lortu zituen eta Hollywooden onespena, baina aukera horietan inoiz ez zuen bozka gehien jaso. Zaila da sinisten.

 

 

Azken urteotan adibidez, pelikula onenaren izendapenak hamarreraino zabaldu dira aniztasun handiagoa egon dadin (zehazki 2009. urtetik). Honek eztabaida ez du baretu ordea. Askotan, merezi ez duten pelikulak sailkatzen dira eta era berean, gai polemikoak dituztenak kanpoan geratu ohi dira. Irabazleekin ere ez dago adostasun osoa. Beti irabazten al du pelikula onenak? Ez. Gigi (1959), Rocky (196), Kramer vs. Kramer (1979), Ordinary People (1980), Chariots of fire (1981), Driving Miss Daisy (1989), Forrest Gump (1994), Shakespeare in Love (1998), Crash (2005), Slumdog Millonaire (2008), The Hurt Locker (2009), The King's Speech (2010)  eta The Artist (2011) ez ziren beraien edizioko onenak. Faktore asko daude jokoan eta sarietarako kanpaina oso bide luzea da.

Aurten zergatik ez da sailkatu Sundancetik guztien ahotan zebilen The birth of a nation? Badirudi zuzendariaren inguruan egon den polemikak kalte egin diola. Honelakoa da Hollywood.

 

 

Aktoreen izendapenekin berdina gertatzen da. Aurten aurreikuspen guztien gainetik Amy Adams kanpoan gelditu da, eta bere tokia Meryl Streepek hartu du, bere 20. izendapenarekin.  Badakigu Streep sekulako aktorea dela, baina kasu hontan zerk eragin du azken orduan zerrenda horretan izatea? Diskurtso politiko baten ondorioa izan al da? Zilegi al da aldarrikapena eta sariak kontrajartzea?

Amy Adams bost aldiz izendatua egon da eta beti esku hutsik itzuli da etxera. Leonardo Dicapriorekin gertatu zen bezalaxe. Azkenean aurreko urtean eman zioten saria The Revenant (2015) filmeagatik eta "baztertuen" zerrendatik kanpo geratu zen. Julianne Moore eta Jeff Bridgesekin ere antzeko zerbait gertatu zen. Batzuetan urteak eta izendapenak dira helmugara lortzeko bidea. Baina bada Adams baino gehiagotan izendatua izan den emakumerik: Glenn Close. Oraindik ez da berandu. Ezta ere Sigourney Weaver, Annette Bening, Liv Ullman, Laura Linney edo Michelle Pfeiffer saritzeko.

 

 

Badira etorkizunean saria lortzeko aukera handiak dituzten emakume gehiago. Urtez urte beraien talentua erakusten duten mundo osoko zinemetan: Jessica Chastain, Michelle Williams, Saoirse Ronan, Keira Knightley, Rooney Mara, Hailee Steinfeld…

Aktore izendatuak izan eta saria merezi dutenen artean Clint Eastwood (zuzendari bezela irabazi du), Max Von Sydow, Bruce Dern, Joaquin Phoenix, Liam Neeson, Harvey Keitel, Nick Nolte, Gary Oldman, Brad Pitt, Johnny Depp eta Edward Norton daude, besteak beste.

 

 

Teknikari batzuek ere oraindik beraien garaipenaren zain daude Roger Deakins argazki zuzendaria (13 izendapen) eta Kevin O' Connell (21 izendapen) soinu aditua esaterako.

Zerrenda amaigabea, batzuek lortuko dute eta beste batzuek ez. Hala ere garrantzitsuena beraien lanaz gozatzeko dugun zortea da eta hori sariek ez dute inola ere aldatuko.

 

Aitor Carballo
Aitor Carballo dio:
2017/03/12 16:30

interesgarria oso artikulua! Amy Adams-en kasua gero ta nabarmenagoa ari da izaten, oscarretan nominazioa (edota saria bera egia esan) oso merezitakoa baitzuen Arrival-en gorpuzten duen emakume adoretsu eta begirada sakondun horrengatik. Inork ez dut uste zalantzan jartzen duenik berak bakar bakarrik pelikula jasateko duen ahalmena. Laura Linneyren lana ere sekulakoa izan ohi da (esate baterako Adams bera ere protagonista moduan daukan Nocturnal Animals-en). Era berean, Michelle Pfeifferr oscar bat jasotzen ikustea gustatuko litzaigukeenak seguraski ez gara gutxi. Dena den, diozun moduan, Hitchcock -ek ohorezko oscarretik kanpo bere garaian sari garrantzizkorik jaso ez izanak argi eta garbi ez du zuzendari handiaren gaur eguneko errekonozimendua gutxiesten. Donostiako Zinemaldi gazteak 1956an Vertigo fima esku hutsik utzi zuela ere gogoratu beharko litzateke...eta irabazle suertatu zen fim poloniarra ordea nork ote du gogoan?

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.