Pedro Aguilera (Deabruak zure begiak): "Nahiz eta gai konplexuez hitz egin, filma ulerterraza da"

Lander Arteaga E. - 2017-05-13T11:59:00+02:00

Pedro Aguilera (Donostia, 1978) zuzendariak “Deabruak, zure begiak” estreinatu zuen atzo zinema-aretoetan. Lan hau bi anai-arreben arteko harreman aztoragarrian sakontzen duen tentsioz beteriko thriller da, eta Aguilerari zinema-aretoen ateak ireki dizkio hainbat zinemalditan arrakasta izan ondoren.

Zinema Uneak Pedro Aguilerarekin egon da, estreinaldiaren eta zinemaren ingurukoez hitz egiten.

 

ZINEMA UNEAK: Lehenengo galdera film berriaren pertsonaiak duten harreman “bereziaren” ondorio da: Nondik sortu zen ideia? Zerk bultzatu zintuen halako ekoizpen bat martxan jartzera?

PEDRO AGUILERA: Lan prozesua oso luzea izan da, lau urte eman genituen gustuko genuen gidoi bat lortzeko. Proiektuaren hazia “gehiegi ikusten” duen pertsona baten inguruan hitz egiteko gogoa izan zela esan genezake; ikusi behar ez zuen zerbait ikustean bere begiradan ematen den aldaketa. Ideia honetatik abiatuz, azkar konturatu ginen pertsonaia hori zinema zuzendari bat izan behar zela; ikus-entzunezkoan maisua izanda ere, begiradek sortu ditzaketen tranpa horretan erortzen dena. Irudiak kontatutakoa sinesten du, eta hor dago koska: orain, eta beti, irudiek gezurra esan ohi dute.

 

ZU: Hain korapilatsua eta zaila den gai bat izanik, zer motatako publikoa espero duzue? Zein publiko mota zeneukaten buruan ekoizpena aurrera eramatea erabaki zenutenean?

PA: Gaur egun publikoa edozer gauza ikustera ohituta dago, gero eta eskarmentu handiagoa du. Telesailetan, adibidez, nire pelikulan baino gauza latzagoak ikusten dira. Nik beti pentsatu nuen lan honen publiko egokiena heldua zela, 25-50 urte artekoa, baina filma gazteen artean ere arrakasta handia lortzen ari da. Malagan, adibidez, Epaimahai Gaztearen saria jaso genuen eta gazteei filma asko gustatu zitzaien. Istorioan une latz asko badaude ere, Deabruak zure begiak film erakargarri eta interesgarri bat da; eta mota guztietako publikoari gustatzen ari zaio.

 

 

ZU: Esan dugun bezala, pertsonaien arteko harremana konplexua da, ia tabu diren hainbat muga ere ukituz. Horren ondorioz, nolakoa izan zen aktoreekin egindako lana? Ezusteko zailtasunik sortu zen?

PA: Aktoreekin egindako lana errazena eta atseginena izan zen. Ni neu izan nintzen castingaren arduradun nagusia, aktore bakoitza aukeratu nuen eta, zorionez, nire harridurarako denek baietza eman zidaten. Talentu handikoak dira denak, langile petoak eta oso azkarrak. Horrela lan egitea oso erraza da. Hala ere, nik gauza eta egoera asko aurrez prestatuta nituen; eta hori ere oso lagungarria da.

 

ZU: Esan ohi da film bat ikustean ikusleek pare bat une gordetzen dituztela euren buruetan, nolabait grabatuta gelditzen direnak. Deabruak zure begiak lanean, zeintzuk direla uste dituzu?

PA: Jendeak kontatutakoaren arabera, hasiera eta amaiera esango nuke. Gaueko tren hori eta Ivana Baquerok film mitiko bati botatzen dion begirada esanguratsua.

 

 

ZU: Zure hirugarren filma eta beti Cannes, Sevilla edo Malagako zinemaldietan arrakasta handiarekin. Horrelako egoerek “Zinemaldietarako filmak edo zuzendariak” etiketak sortu ohi dituzte. Gustuko duzu? Zergatik ez da arrakasta hori zinema-aretoetan ere errepikatzen? Lan berri honekin egoera hori gainditzea espero duzu?

PA: Egun estatu mailan oso zinema ona egiten da, genero eta mota ezberdinetakoa, eta gero eta zailagoa da etiketak jartzea. Niri ez zait interesatzen “Zinemaldietarako film” etiketa gero horretan bakarrik gelditzen banaiz. Horrela multzo itxiak sortzen dira soilik, eta zentzugabekeria bat iruditzen zait. “Komertziala” deritzon zinema Cannesen egoteko aukera izan beharko luke, eta “zaila” deritzon zinema ere zinema-aretoetan tratu hobeago bat izan beharko luke; azkenean ez baitira hainbesterako, publikoa gauza ezberdinak eta bereziak ikusteko trebatuta dagoelako.

Kasu honetan, Deabruak zure begiak ulerterraza da eta ez du inork irainduko. Nahiz eta gai konplexuez hitz egin, film ireki bat da. Nik jendea ikusle adimentsu bezala ikusten dut eta horrelako harreman bat izan nahi dut beraiekin.

 

ZU: Bi aktore nagusiak Malaga azken zinemaldian irabazle atera ziren. Zer sentitzen duzu zuzendari bezala zure aktoreak sari bat jasotzean? Inbidia pixka bat? Edo sari zati bat ere zurea dela bere onena ateratzea lortu duzulako?

PA: Ondo irabazitako sari bat da. Oso harro nago haietaz eta oso pozik ere pelikularengatik. Azkenean, bien lanek jasotako gorespenak filma osoari emandakoak ere baitira. Haiek asko eta oso ondo lan egin dute, eta ondorioz merezimendu osoz jasotako sariak dira.

 

 

ZU: Amaitzeko, nola ikusten duzu euskal zinemaren egoera? Loreak edota Amama filmen inguruan hazten ari den belaunaldiaren parte sentitzen zara? Ba al duzu Euskal Herrian pelikularen bat garatzeko ideiarik edo planik?

PA: Film bikainak dira biak eta, esan bezala, bai estatu mailan bai Euskal Herria mailan gero eta zinema interesgarriagoa egiten ari da. Denbora luzez kanpoan egon banaiz ere, ni euskalduna sentitzen naiz; eta bertan eta euskaraz zerbait grabatzeko gogo handiak ditut. Nire etxea da, familia osoa dut bertan. Bertan egin ahalko nituzkeen hainbat ideia dauzkat esku artean, beraz, euskal ekoizleren bat hau irakurtzen badu bere deiaren zain egongo naiz.

 

ZU: Eskerrik asko gure galderei erantzuteko denbora hartzeagatik Pedro, eta zorte on hain interesgarria den Deabruak zure begiak bezalako lan batekin.

PA: Eskerrik asko zuei gure hitzei ahotsa emateagatik.

 

Erlazionatutako filmak

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.