Peter Capaldik agur esango dio Doctor Who telesailari

Zinema Uneak - 2017-01-31T13:50:00+01:00

BBC Radio 2n eginiko elkarrizketa batean eta inongo abisurik gabe bere erabakia ezagutzera eman du: "Nire azken denboraldia izango da". Peter Capaldik harrituta utzi ditu bai entzuleak baita elkarrizketa gidatzen zegoen kazetaria, Jo Whiley. Argi utzi du bere azken kapitulua 2017ko Gabonetako emanaldi berezia izango dela eta, ondorioz, Steven Moffatekin batera telesaila utziko duela.

 

 

Hitz politak izan ditu azken urteetan bizi izan duen esperientziaren inguruan: "Doctor Who izatearen gauzarik handiena mundu osoaren onena ikusteko aukera izatea izan da". Telesailean lan egiten duten pertsona guztiak eta zaleak ere goraipatu nahi zain dituelarik: "Ezinezko zait denei eskerrak ematea. Izugarria izan da".

Hori bai, 2017an agur esango badu ere, 58 urteko aktore eskoziarra bueltan izango da udaberri honetan Doctor Who telesailaren 10. denboraldi berrian. Apiriletik aurrera ikusiko diren 12 kapitulu berri, gehi gabonetako agur berezia.

Peter Capaldik 2013ko gabonetan hasi zen Doctor Whon lan egiten 12. Doktorearen paperean, eta Matt Smithen lekukoa hartuz. Guztira, hiru denboraldi eta Gabonetako lau kapitulu berezitan lan egin duelarik.

 

 

Agur honekin, eta telesailaren arduraduna den Steven Moffatekin, 2018tik aurrera Doctor Who garai berri bat biziko du. Baina oraindik ez da heldu garai hori, momentuz Capaldik eta Moffatek bere onena emango dutela iragarri dute bien agurra ezin hobea izan dadin.

 

 

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.