Ridley Scott eta “Alien”: ekarpena ala negozioa?

Aratz Arregi - 2017-05-23T01:10:00+02:00

Askoren ustetan “Alien” unibertsoari bizitza berri bat eman zezakeen bakarra zen zuzendari britainiarra. Izan ere, bera da 1979ko klasikoan aurkeztu zigun izakiaren sortzaileetako bat. Bere hitzetan oinarritzen bagara, zerbait berria aurkeztu nahi zuen bere itzulera honetan, munstro biomekanikoaren jatorrian begirada jarriz. 2012an Prometheus prekuelarekin ireki zuen eztabaida eta orain Alien: Covenant iritsi zaigu aretoetara. Lortu al du bi unibertsoak koherentziaz lotzearen helburua? Balio artistiko gabeko negozio borobil bat al dago guztiaren atzean?

Jatorrizko zuzendariak beraien lanetara itzultzea ez da inongo bermea. George Millerrek lan ikusgarria egin zuen Mad Max: Fury Roadekin, George Lucas eta Peter Jackson Star Wars eta Lords of the Rings sailera itzuli zirenean bestalde emaitzak ez ziren batere txukunak izan…

 

 

Ridley Scott bi muga hauen erdibidean geratzen da. Alde batetik, “Prometheusen” gizakiaren jatorriarekin erlazionaturiko goi-mailako zibilizazio (Ingeniariak) bat aurkeztu zigun. Espedizio honetan, nork eta zergatik sortu gintuzten argitu nahi zuten Shaw doktoreak (Noomi Rapace) eta bere tripulazioak (Charlize Theron, Idris Elba, Logan Marshall-Green eta Michael Fassbender, besteak beste). Planeta arrotz hartan izan zuten abentura hankaz gora irten zen ordea eta Damon Lindelofen gidoiaren mezu kriptiko eta filosofikoek bestelako lorpenak xahutu zituzten (H.R. Gigerren jatorrizko diseinuak erabili ziren). Jarraitzaileen artean eztabaida sortu zen, dezepzioa, baina etekin ekonomiko handia atera zuen… Fox prest zegoen hurrengo atalerako.

Scott eta bere egoa ordea minduta zeuden. Zerbait desberdina eskeintzen saiatu zenean (Xenomorfoak ez ziren protagonistak) kritika latzak jaso zituen eta dirudienez oraingoan publikoari espero duena emateko itzuli da aurreko laneko ildoa alde batera utziz. Alien: Covenant izenburupean Scottek dena lan bakarrean uztartzen du: Prometheusen ikuspegi existentziala, Alienen iluntasun gotikoa eta Aliensen akzio bortitza. “Greatest hits” baten aurrean gaudela esan genezake.

 

 

Sarreran bizitzaren sortzaileei buruz hitz egiten digute David androideak (Michael Fassbender, berriz ere) eta Peter Weylandek (Guy Pearce) Stanley Kubricken ikutua daukan eszena baten. Datorrena ez da guztiz berria, ezagutzen dugunaren errepikapen bat baizik. Hori bai, efektu digitalez, odolez eta akzioz josita. Nabari da jarraipen hau publiko guztia pozteko moduan egin dutela, baina originaltasuna bidean utziz, batzuetan remake bat dirudi. Musika Jerry Goldsmithen lan zirraragarrian oinarritzen da, izenburuan Alien klasikoaren tipografia berbera azaltzen da, Oram (Billy Crudup) kapitaina arraultzara urbiltzen denean denok gogoratuko dugu lehen pelikula hartako momentu handia… Scotten lana bere adinerako txalotzekoa da, akzio zatietan kamera gehiegi mugitzeak eragozten du emaitza borobila izatea. Tripulazio berriak ez dauka nortasunik, Katherine Waterston Ripley berria zelakoan geunden baina Michael Fassbenderrek dauka protagonismo osoa (lan bikoitz baten). Eta bere pertsonaia da pelikulako aurkikuntza. Badirudi atal berri hauek lotuko dituen pertsonaiaren aurrean gaudela.

 

 

Filmeko azken minutuak benetan zoragarriak dira eta datozen pelikuletarako iragarpen bat dela esan daiteke. Ikusiko dugu Scott (berriz ere) formula errepikatzeaz konformatzen den edo ez.

Hurrengo geltokia, Alien: Awakening.

 

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.