Stranger Things 2. denboraldia: Argazki berriak eta istorioaren aurrerapena

Zinema Uneak - 2017-02-10T12:45:17+01:00

Aste honetako EW aldizkariak (Entertainment Weekly) Netflix katearen Stranger Things telesailaren 2. denboraldia du protagonista nagusia: argazki berriak, istorioaren nondik norakoa, bideo dibertigarriak,... Eta gurean telesail honen zale amorratuak garenez, aldizkari estatubatuarrak aurkezten digun informazioaren laburpen bat prestatu dugu.

Albiste honen goiko aldean, bideo dibertigarri bat. Stranger Thingseko ume koadrila protagonistaren kide guztien artean (Mike, Dustin, Lucas, Will eta Hamaika/Eleven) euren taldekoa izateko bete behar diren arauak azaltzen dizkigute. 

Beheko aldean, EW aldizkariak aurkezten dituen argazki berriak. Bigarren denboraldiko irudiak denak. Bertan, ume koadrilaz gain Joyce, Jim, Nancy edota Jonathan ikusteko aukera dugu.

 

 

Baina, has gaitezen benetan garrantzitsua den informazioarekin... zer kontatuko digu denboraldi berriak?

EW-k zabaldu duenaren arabera, istorioa lehenengo denboraldia amaitu eta urte batera hasiko da; ume koadrila Halloween ospatzen dagoenean (astelehenean argitaratutako trailerrean Ghostbusters mozorroak janzten zituztela ikusi genuen).

Azken hamabi hilabetetan, Will normaltasunera itzuli dela badirudi ere, ezin dugu ahaztu azken kapituluaren amaieran ikusitakoa: Will-ek azpimunduaren inguruko begitazioak zituela. Joycek, bere ama, harreman berri bat hasi du; bere semeei familia giro egoki bat emateko asmoz (Bob izeneko gizon honen papera Goonieak filmeko protagonista izandako Sean Astin egiten du). Bitartean Jim Hooper polizi buruak gertatutakoak (Barben heriotza, Hamaikaren desagerpena,...) estaltzen jarraitzen du, Joyce eta mutilak babestu nahian. Beste alde, Nancyk eta Mikek Barb eta Hamaikaren galerei aurre egin beharko diete.

Baina martxan duten "normaltasun" hau ezerezean geldituko da herrira gazte pare berri bat heltzerakoan: Billy eta Max anai-arrebak.

Hori bai, laborategian irekita jarraitzen duen azpimundurako bidea edota Hamaika non dagoen ahaztu gabe.

Tamalez, gehiago jakiteko hilabete batzuk itxaron beharko dugu oraindik.

 

 

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.