Tronuen Jokoa 7. denboraldia: Trailer eta kartel berriak

Zinema Uneak - 2017-06-22T10:08:00+02:00

Hilabete bat bakarrik. Hori da Tronuen Jokoa telesailaren 7. denboraldiaren estreinaldirako falta dena. Eta ikusmina lainoetara heldu da. Are gehiago, HBO kateak zabaldutako bigarren eta azken trailerrarekin.

#WinterIsHere lemapean, irudi berriz osatutako bi minutuko bideo bat dugu bigarren aurrerapen hau. Iparraldetik datorren mehatxua da protagonista nagusia (Ibiltari Zuriak), eta hiru ahots bakarrik entzungo ditugu: Petyr 'Littlefinger' Baelish, Sansa Stark eta Jon Snowrenak. Hirurak gainera helduko den borrokaren inguruan aholkuak ematen.

 

 

Azpimarratzekoa da Sansa Starken, eta trailerrean entzungo dugu azken esaldia: "Elurra heltzerakoan eta haize zuriak jotzerakoan, otso bakartia hiltzen da baina otso-taldeak bizirauten du." Batasunaren aldeko dei bat, dudarik gabe. Horrek esan nahiko du azkenean gelditzen diren lau Stark kideak berriro batera ikusiko ditugula? Telesail honekin batek daki, oso zaila da ezer aurreratzea.

Gainera, trailerrarekin batera, HBOk pertsonaia nagusien kartelak ere zabaldu ditu. Denak oso antzekoak, denak Ibiltari Zuriak balira bezala aurkeztuak. Mehatxua hurbil dagoela argi utziz.

Tronuen Jokoa telesailaren 7. denboraldia, gurean, uztailaren 17an estreinatuko da Movistar plataforman.

 

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.