Udako Zinema Uneak: Filmak eta Eguzkia

Aratz Arregi - 2017-08-01T11:45:00+02:00

Oporrak atetan ditugula, sasoi honetan girotutako pelikula batzuen errepaso labur bat egingo dut. Aipatzen ditudan izenburuen hautaketa guztiz subjektiboa da, klasiko famatuetatik produkzio independente eta txikietara doan selekzio bat da hurrengoa:

Alfred Hitchcock maisuaren Rear Window (1954) udako arratsalde bero baten hasten da, James Stewarten pertsonaia izerdi-patsetan dagoela. Bere etxeko leihotik hilketa bat ikusiko du halabeharrez… Edo beroaren eraginez imajinatu du?

 

 

Suspensearen generoa utzi gabe eta beldurra eta abentura gehituz ezin dugu udako ezinbestekoa bilakatu den Jaws (1975) ahaztu. Spielbergen lan borobil honek uretan sartzea eragotzi zuen bere garaian eta itsasoa beste begi batzuekin ikusi arazi zigun betirako. Imitazio ugari izan zituen arrakasta hark eta modu berean udako arratsalde eguzkitsuetan girotzen ziren: Barracuda (1978), Piranha (1978), Orca (1977), Tentacles (1977), Grizzly (1976), The Prophecy (1979), The Shallows (2016)…

Nork ez du gogoratzen Dick Bogarderen irudia Morte a Veneziako (1971) hondartzako azken planoan? Luchino Viscontiren lana pazientziaz dastatzekoa da, Mahlerren musika eta bere irudien dekadentzia ez da gaur egungo ikuslearen profilera moldatzen den horietakoa.

 

 

Urte berean, Robert Mulliganek Summer of ’42 (1971) zoragarria estreinatu zuen. Mutiko gazte baten udako lehen maitasuna bera baino helduagoa den emakume batekin. Jennifer O’ Neillen edertasuna, argazki dotorea eta soinu banda nostalgikoa eskaintzen dituen lan ahaztezina. Urte batzuk beranduago Mulligan formula errepikatzen saiatu zen Man on the Moonen (1991), baina zoritxarrez ez zen aurrekoaren mailara iritsi.

Suddenly, Last Summer (1959) filma Tennessee Williamsen antzezlan famatuan oinarritzen zen. Sebastian izeneko pertsonaiaren gaineko misterioan murgilduko gaitu zenbait gai deseroso jorratzen dituen kontakizun honetan. Elizabeth Taylorrek argituko digu bere azken kontaketan zer gertatu zen. Narrazio eta aktore bikainak, Taylorrekin Katharine Hepburn eta Montgomery Clift ageri dira.

 

 

50.hamarkadako beste klasikoetako bat The Long, Hot Summer (1958) dugu, bertan Paul Newmanen lan txalotuetako bat (Cannesen aktore onenaren saria) publiko guztiarentzako maitasun istorio batean.

Stephen Kingen eleberrian oinarritzen den Stand by me (1986) udako arratsalde baten gaztetxo talde batek bizipenak jasotzen ditu desagertutako mutil baten bila abiatzen direnean. The Kings of Summer (2013) lan apartak ere mutiko talde baten “emantzipazioa” kontatzen zigun, inoiz ahaztuko ez zuten uda hartan.

 

 

Gazte taldeak utzi gabe, George Lucasek American Graffitin (1973), Kalifornian 1962ko udako azken gauean, unibertsitatera joan aurretik egin zuten azken topaketa kontatuko digu. Harrison Ford gaztea ere tartean zen bere lehen lan garrantzitsuan.

On golden pond (1981) zahartzaroari buruzko lan polita da. Gainera aita eta alaba fikzioan elkartu zituen, belaunaldi talkak agerian utziz. Bide batez, Katharine Hepburnek bere laugarren Oscarra eskuratu zuen.

Summer Loversen (1982) Randal Kleiserrek, agian Greasen (1978) arrakasta errepikatzeko saiakeran, Santorini irla grekoa agertoki bezala erabiliz hiruko maitasun istorio baten bilakaera kontatzen digu. Daryl Hannah eta Peter Gallagher gazteak dira protagonista.

 

 

Beldurrezko generoak askotan erabili du urteko sasoi hau bere amesgaiztoak islatzeko. Famatuak dira besteak beste, Friday the 13th (1980) eta bere udalekuak laku baten inguruan, The Texas Chainsaw Massacre (1974) eta bere errepide idorrak eta txoko isolatuak edota I know what you did last summer (1997) eta bere kostaldeko herritxoa.

Komedia arinak (eta dramatikoak) ere oporren aitzakia askotan erabili izan dute. Adibide bezala aipagarriak dira: National Lampoo’s Vacation (1983) eta 2015eko bere moldaketa berrian, Meatballs (1979), Up the Creek (1984), The Parent Trap (1961), Camp Nowhere (1994), What We Did in Our Holiday (2014), My Girl (1991), Just Go With It (2011)…

 

 

The Last of the High Kings (1996) lana 1977ko Irlandan girotzen da, Elvis hil zen udan hain zuzen ere. Thin Lizzyren musikaz eta nostalgiaz bustitako filma dugu eta Jared Letoren hastapenak zineman. Musika utzi gabe, Ang Leek Taking Woodstocken (2009) 1969ko udako kontzertu famatuaren prestaketa irudikatu zuen. Eta bukatzeko Irlandara itzuliz, Dancing at Lughnasan (1998) Meryl Streepek bere ezustekorako anaia misiolariaren bisitan jasoko du Afrikatik bueltan.

etiketak:

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.