Variety aldizkariak Paul Urkijoren "Errementari" filmaz hitz egin du

Zinema Uneak - 2017-05-17T18:13:00+02:00

Canneseko zinemaldia medio, Filmax International ekoiztetxeak Paul Urkijo zuzendari arabarraren zuzendariaren "Errementari" filma aurkeztuko du bertan. Eta horren ondorioz, Variety aldizkari estatubatuarrak euskal ekoizpen honen inguruko albistea ere argitaratu du. Informazio horretan, filma aurkezteaz gain Filmax nazioarteko banaketa martxan jarri nahi duelaz informatzen du ere. Hurrengo egunetan jakingo dugu ekoiztetxearen negoziazioak emaitzarik eman duten ala ez.

 

 

Errementari, euskal ekoizpen "beldurgarri" bat

“Errementari” Paul Urkijo gasteiztarraren lehen film luzea da. Zuzendariaren orain arteko ibilbidea oparoa izan da, estatu zein nazioarte mailako 250 hautatze eta 85 sari bildu ditu, besteak beste, “Monsters do not exist”, “El Bosque Negro” edota “Jugando con la muerte” film laburrei esker.

Lehen lan honetan, Joxe Miguel Barandiaranek 1903an jasotako “Patxi Errementaria” herri-ipuinaren moldaketa librea egin du euskal zinemagileak. Filma XIX. mendean girotuta dago, eta deabrua bera engainatzeko gai den errementari baten istorioa kontatzen du.

Aktore-lanetan aritu dira, besteren artean, Kandido Uranga (“Vacas”, “Bosque de sombras”),  Uma Bracaglia, Eneko Sagardoy (“Aundiya”, “La Mina”), Ramón Aguirre(“Amour”, “Julieta”), Joxean Bengoetxea (“Negociador”, “Loreak”), Jose Ramón Argoitia (“80 Egunean”, “Pájaros de papel”), Itziar Ituño (“Lasa eta Zabala”, “Loreak”), Iñigo de la Iglesia (Monsters Do Not Exist ), Ortzi Acosta (“El Bosque Negro”, “Intacto”) edo Zigor Bilbao (“Cuéntame”).

Filmaren gidoia Urkijok berak idatzi du, Asier Guerricaechevarríaren laguntzarekin, eta Barandiaranen ipuinaren moldaketa librea da. Zinemagileak jarraipena emango dio bere imajinario bereziari, fantasiazko zineman eta literaturan inspiratutako unibertso estetiko eta tematikoari, folkloreak, mitologiak, izakiek eta demonioek osatutakoa.

Filmaketak hilabete eta erdi iraun zuen, eta Euskal Herriko hainbat toki bisitatu zituen, hala nola, Musikiz eta Ubidea (Bizkaia), Aizpurutxo, Itsaso eta Agorregi (Gipuzkoa), Antoñana, Korres eta Miñanoko Parke Teknologikoa (Araba).

Filmak koprodukzio frantsesa izan du, The Project enpresaren parte-hartzeari esker. “Errementari” munduko produkzio-merkatu prestigiotsuenetako batean sailkatu zuten (historian lehenbiziko aldia izan da euskarazko film batek halako produkzio-foro batean parte hartzen duena), eta bertan lortu zuen nazioarteko laguntza hori.

Gainera, proiektua zinemagile euskaldun famatuenetako baten babesa jaso du: Alex de la Iglesia. Errementari pelikulak Filmax Internationalen babesa ere jaso du.

Filmaren estreinaldia 2017ko udazkenerako aurreikusten da, zinema-jaialdietan lehenik, eta areto komertzialetan ondorengo hilabeteetan.

 

 

 

Erlazionatutako filmak

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.